Bizikleta eta aisialdia uztartzen duen eguna da Bizi Festa. Ibar guztia lotu eta saretzen duen azpiegitura berria, Sakanako bizikleta bide sarea ofizialki mustutzeko eguna izanen da ere. Aitor Larraza Carrera Sakanako Mankomunitateko lehendakaria da.
Azkenean, mustutzea!
Bai, bai, hala da. Kosta zaigu hona ailegatzea. Egun polita aukeratu dugu mustutzea egiteko. Proiektu baten bukaera eta elementu baten hasiera izango da.

"Onuradun gehienak bertan bizi diren herritarrak dira, erabiltzaile izan daitezke"
Mank-en aspaldiko proiektua da.
Sakanako Garapen Agentziak bulkatuta, eta udalekin koordinatuz, pasa den legegintzaldian hasitako proiektu bat izan zen. Gauza guztiak bezala finantziazio premia zuen proiektua zen. Guri tokatu zaigu proiektu osoa gauzatzea.
Udalak eta kontzejuak alde zeuden, ezta?
Ez da erraza izan. Esan bezala, aspaldiko proiektua zen eta udala eta kontzeju batzuen osaera ere aldatu da. Azken horiei proiektu hau zegoela berriro gogorarazi behar izan diegu. Nabardura jakin batzuk kenduta, orokorrean, hitz eginda, bai kontzeju bai udal guztiek prestutasun handia izan dute. Uste dut onuragarri ikusten dutela horrelako bide sarea edo azpiegitura. Azken finean, onuradun gehienak bertan bizi diren herritarrak dira, erabiltzaile izan daitezke. Begi onez ikusi dute.
Lanak 2025eko udaberrian hasi eta neguan bukatu dira, ezta?
Berez, lan gehienak, gutxi gorabehera, sei hilabetetan bukatu ziren. Detaileak falta ziren eta horrek luzatu du lana. Baina, orokorrean, ongi joan da. Koordinazioak zailak izan dira, bai kontzeju bai udalekin eta enpresarekin. Baina, azken finean, oso ongi joan dira.
Bizikleta bide sarea egiterakoan zein irizpide izan dituzue kontuan?
Eurovelo bideek dituzten irizpide eta ezaugarri berak erabili ditugu: bidearen zabalera, aldapak portzentaje batetik beherakoak izatea... Horretaz aparte, herriak lotzeko balioko lukeen bide ibilbidea izatea nahi genuen, egunerokotasunean mugikortasuna bulkatu dezakeena. Modu seguruan egiten saiatu gara. Baina landa eremu batean gaude eta toki batzuetan ezin ekidin, abeltzainek ere pista horiek erabili behar dituzte. Beraz, pertsonek eta ibilgailuek partekatzen duten bide zatiak daude. Baina beste toki askotan bide berria egin da, bakarrik oinezkoek eta txirrindulariek erabil dezaketena. Bestalde, ezin da aparte utzi turismo ikuspegia ere baduela.
Ibilbideak Sakana lotzen du, baina ez da irla bat, ezta?
"Aukera mordo bat daude: ibilbide motzak, luzeak, familian, lagunekin edo ez..."
Donejakueko bide baten ondoan doa. Bide horrek Iruñea eta Gasteiz batzen ditu. Berez proiektu komuna genuen Arabako Foru Aldundiarekin. Haiek Ziorditik Agurainera arteko bidea egin zuten. Gainera, saiatu ginen seinaleztapenena eta ikusten den guztia berdina izan dezan. Zeren proiektua ez da Ziordian bukatzen, Gasteizeraino eramango gaituen bide bat izango da. Bide sareak hainbat aukera ematen ditu. Plazaola bide berdearekin bat egiten du, eta Europako bizikleta bide sarea den Eurovelorekin ere bai. Aukera mordo bat dauzkagu: ibilbide motzak edo luzeak egiteko, familia giroan ibiltzeko, lagunekin edo ez, edo edozein modutan.
Bizikleta bide sarea eginda, Mank-ek zer sustatu nahi du?
Bi arlo sustatu nahi ditugu. Batetik, mugikortasuna. Saiatzea, ahal den heinean, autoaren erabilera ekiditea. Esaterako, lantokietara bizikletan joateko aukera, edo egunerokoan egiten ditugun ibilbideak bizikletaz egiteko aprobetxatzea. Hau da, lakuntzar batek seme-alaba Kattuka haur eskolara eraman nahi baldin badu, egun goxo hauetan aukera luke modu ziur batean bere txikia eramateko. Edo Arbizura, gimnasiora joan nahi duen etxarriar batek, nahi baldin badu, aukera du modu ziur batean bizikletaz joateko. Herri txikiak eta "traktoreak" diren herriak batzen ditu bide sareak. Bestalde, lehen esandakoa, bide sare honek ardatz nagusi bat dauka, Iruñea eta Gasteiz batzen ditu. Eta, aldi berean, hiriburuak beste bide batzuekin batzen dira. Esaterako, Ruta de la Platarekin ere lot daiteke. Esan bezala, aukera dezente eskaintzen dizkie turismo geldoa egiten etortzen diren pertsonei, hau da, bizikletan zakutoekin-eta joaten direnendako. Bertako landetxe, taberna edo merkataritzarendako interesgarria izan daiteke halako turismoa.
Bide sarea egiteak 2,5 milioi euroko aurrekontua izan du. Nondik atera da dirua?
Lanak egiteko dirulaguntza bidez ahalik eta finantziazio handiena lortzen saiatu gara. Ez da erraza izan. Azkenean lau dirulaguntza deialditara aurkeztu gara. Alde batetik, EH Bilduk aurkeztutako zuzenketa bati esker, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak milioi bat euroko zuzeneko dirulaguntza eman zuen. Europako funtsetatik, Turismo Helmuga Jasangarrirako Planen bidez, 960.000 euro lortu ziren. Bestetik, Nafarroako Gobernuaren Garraioen eta Mugikortasun Iraunkorraren zuzendaritzaren eta Turismo Departamentuaren dirulaguntzak jaso ditugu. Ez da bakarrik azpiegiturarako, baizik eta bankuak, zuhaitzak, bizikletak garbitzeko tokiak edota bizikletak uzteko eremu seguruak jartzeko ere bai. Zailtasunak zailtasun, finantziazio handia lortu dugu, eta, momentuz, udalen finantziazioa ez da beharrezkoa izanen. Baina gauza batzuk lotzeko daude oraindik, ea zer gertatzen den.
"2,5 milioi euroko proiektu baterako 2,3 luze miloi euroko finantziazioa lortu dugu"
Finantziazioa lotzeko puzzlea osatzen ibili al zarete?
Bai, bai. Ate pila jo ditugu puzzle izugarri hori osatzeko. Merezi izan du. BEZ barne, 2,5 milioi euroko proiektu baterako 2,3 luze miloi euroko finantziazioa lortu dugu. Tamaina horretako finantziazioa lortzea ez da batere erraza.
Bide sareak Eurovelo estandarrak betetzen ditu. Etorkizunean Eurovelo sarean sar liteke?
Egia esan, ez dakit. Bide sareak Eurovelo izateko ezaugarri guztiak ditu. Gure bide honek zein bilakaera izanen duen ez dakit, eta zer interes izan dezakegun horrelako sare batean sartzeko. Egia da Eurovelo marka oso garrantzitsua dela Europan, eta izugarrizko bulkada dauka. Hori hausnartu daitekeen kontu bat izan daiteke.
Zein arduratuko da ibilbidearen mantentze lanaz?
Berez, azpiegitura udalen kontu gelditu da eta, horrekin, mantentze lanak. Hala ere, deialdi bereziak ere egongo dira aurrerantzean eta, horretan ere, jarraituko genuke elkarrekin lan egiten.
Bide sarearen inguruan zerbitzuak ezarriko dira? Edo daudenekin nahikoa da?
Uharte Arakilgo Udalak lanketa polita egin du eta aterpe bat egin du. Batak bestearekin oso ongi bat egiten dute. Gaur egun dauden azpiegitura publikoak, momentuz, horiek izango dira. Ondoren arlo pribatua dago: landetxeak, kanpinak... Momentuz hori dugu. Bide sareak zer bilakaera izanen duen ez dakit. Ez dut espero ere boom bat izatea eta hemen izugarrizko jende kolpea hartzea. Horregatik iruditzen zait zein bilakaera duen ikusi beharko dugula eta, ondoren, arlo publikoak aztertu beharko luke azpiegiturak behar diren edo ez.
Bizi Festan mustuko duzue.
Bizi Festa probestu nahi genuen, gehienbat, Bizi Festa bera oso ekimen interesgarria delako. Kirol eta Anitzartean zerbitzuek antolatutako ekimen horretan denok izan gaitezkeelako parte. Eta kirolaren bitartez hainbat mezu zabaltzea polita izan daitekeelako.