Lizarran ospatu da 2026ko Done Jakue Bidearen Mahaia, 2027ko urteko Xacobeoari so
Turismo, Kultura, Osasun, Barne, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu zuzendaritza nagusietako ordezkariek azken urtean egindako jarduerak eta 2026 honetarako aurreikuspenak partekatu dituzte
Donejakue Bideko Mahaiko ordezkarien bilera egin zen Lizarran atzo, garagarrilak 2. Nafarroako Gobernuko Turismo, Kultura, Osasun, Barne, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu zuzendaritza nagusietako ordezkariek azken urtean egindako jarduerak eta 2026 honetarako aurreikuspenak partekatu zituzten mahaiko gainerako kideekin. Bilkuran izan ziren ere turismo-sektoreko ordezkariak, Bidearen lagunen elkarteak, tokiko erakundeak eta polizia-kidegoak. Bileran arte hartzaileen artean zen Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikari Paki Urbitarte Cabrera.
Mahaiko kideek "guztiek elkarrekin lan egiten dute gure kultura-ondasun preziatuenetako bat zaindu eta bulkatzeko, eta, gainera, Done Jakueren urtea izanen da 2027an", azaldu zuen Rebeca Esnaola Bermejo Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak. Gainera, bideak Nafarroarentzat duen garrantzia azpimarratu zuen: “garrantzia handiko turismo baliabidea da, gure ondarera bisita ugari sortzen dituena, gure herrietara turismo fluxu etengabea eta gastronomian eta ostatu turistikoetan kontsumoari ekarpena egiten diona, herri txikietan komunitate osoan zehar itzulera ekonomikoa sortuz”.
Ekimenak
Done Jakue Bidea kohesio ekintza helmugan Nafarroako Gobernuaren turismo inbertsioko plana da. Hura garatzeko sei milioi euro izan ditu, Europako Next Generation funtsen eta Espainiako Gobernuaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez jasotakoak. diru horrekin egin diren ekintzen helburua izan da bide berdeagoa eta iraunkorragoa sortzea, energetikoki eraginkorragoa, digitalki aurreratuagoa eta esperientzialagoa, erakargarriagoa, inklusiboagoa eta irisgarriagoa.
Diru horrekin egindako jarduera nagusien artean dago audiogida eleaniztunen aplikazio berria egitea. Haren baitan errealitate birtualeko bideko bost tokitako esperientziak daude, tartean Aralarko santutegiarena.
Nafarroako Turismo Behatokiak Done Jakueren ibilbideetako pertsona kopuruari buruzko datu garrantzitsuenak biltzen ditu. 2026an, igoera txiki bat izan da lehen hiruhilekoan, baina apirilean eta maiatzean jende gutxiago bildu da. 2024ak aztertutako azken urteetatik zifra onenak dituen urtea izaten jarraitzen du, eta interesgarria izango da Done Jakueren 2027 urtearen eragina ikustea, Nafarroa dagoeneko horretarako prestatzen ari baita.
Jatorriari dagokionez, gehienbat atzerritarra da (%76), eta estatubatuarrak, frantziarrak, italiarrak eta alemaniarrak dira publiko nagusiak. Estatuko erromesak %24 dira eta horien artean bidea gehien egiten dutenak Katalunia, Valentzia eta Madrilgoak dira.
Generoari dagokionez, presentzia oso antzekoa da gizonen eta emakumeen artean, %53 eta %47, hurrenez hurren. Eta adarrei dagokienez, Frantziako Bideak jarraitzen du izaten ezagunena eta ibiliena, eta Baztango Done Jakue Bideak jarraitzen dio.