Amaia du izena Urbasako Jauregiaren ondoan dagoen pilotalekuak. Ameskoarrendako eta sakandarrendako toki eta frontoi kuttuna zen, eta da. 1990etik Nafarroako Gobernuaren jabetza da, eta Urbasako jauregia eta eliza bezala, hiltzen ari da.
Ekainaren 12an sakandarrak eta ameskoarrak, Urbasako Frontoi Auzolan taldean bat eginik, Amaia pilotalekua auzolanean garbitu zuten. Segidan, Urbasako Frontoia Berreskuratzeko Adierazpena irakurri, eta bukatzeko, Ameskoako pilotarien partidez gozatu zuten.

Adierazpena
Maite eta Olatz Ruiz de Larremendi pilotariek irakurri zuten manifestua, Roberto Zornoza “Limon” olaztiarra eta Ameskoako pilota eskolako Moran alboan zituztela.
"1950eko hamarkadan frontoi hau inguruko pilotarientzat, gizon zein emakume, topagune, aisialdi eta lehiaketa gune garrantzitsua izan zen, itsas mailatik 1.000 metrora, Urbasako aberastasun handiko natur eta paisaian pilotan aritzen baitziren. 1980. hamarkadako bukaeran erabiltzeari utzi zitzaion, mantentze lan ezaren eta pixkanakako narriaduraren ondorioz".
Horren aurrean, Urbasa eta Andiako Parke Naturaleko balio kultural, historiko eta kirolekiko sentiberak ziren hainbat pertsonak Urbasako Frontoi Auzolan Taldea osatu zuten, ”helburu batekin: frontoiaren kontserbazioan laguntzea eta Nafarroako Gobernuari, frontoiaren jabe den aldetik, frontoia zaharberritu dezala eskatzea. Horrela, gure kirola den pilotaren sustapena bultzatuko duen azpiegitura publiko bat berreskuratuko litzateke”.
Eskerrak
Urbasako Frontoi Auzolan Taldetik eskerrik beroenak eman zizkieten haien babesa adierazi duten gizarte zein kirol arloko kolektibo guztiei, eta natur parkeko toki erakundeak biltzen dituzten hiru erakundeei: Sakanako Mankomunitatea, Limitazioetako Batzarra eta Andiako Mankomunitatea, "Nafarroako Gobernuaren aurrean formalki babestu baitute Urbasako frontoiaren zaharberritzea eskatzen duen herri ekimen hau. Balio kulturala eta kirol tradizionalaren alde, pilotaren alde eta bizirik dagoen Parke Natural baten alde, Nafarroako Gobernuari Urbasako frontoia berreskuratzea eskatzen diogu”.
Jatorria
XVII. mende amaieran Juan Ramirez de Baquedano y Alvarez de Eulate Andiako II. markesak eraiki zuen Urbasako Jauregia. Berak zituen Urbasa eta Andia mendietako eskumen zibil eta kriminalak, eta inguruetako lapurreta eta bestelakoak kontrolpean izateko eraiki zuen, Nafarroako Erresumako fiskalak behartuta. 1915ean Juan Etxabarri enpresari eta egurgile olaztiarrak erosi zuen jauregia. Eraikinaren erdia jatetxe eta hotel batean bihurtu zuen, eta orduan eraiki zuen jauregiaren ondoko frontoia. 1984an jauregiko hotela eta jatetxea itxi zituzten, eta 1990ean Nafarroako Gobernuak erosi zuen.

Amaia salbatzera
Roberto Zornoza "Limon"-ek adierazi duenez, iaz Olazti eta Ziordiko jendea bildu eta Amaia frontoiaren lehen garbiketa egin zuten. "Urte asko zeramatzan ikutu ere egin gabe eta belarrez eta zikinez josia zegoen. Lurrak pitzadurak ditu, baina paretek eusten diote, bada zerbait". Ondoren ameskoarrekin hitz egiten hasi ziren. "Maite Ruiz de Larramendi aurretik ibili izan zen frontoiaren konponketa eskatzen. Beraien familiarendako hau bere frontoia zen, betidanik". Horrela, ameskoarrekin batera Urbasako Frontoi Auzolan Taldea osatu zuten. Urriaren 3an bildu ziren Nafarroako Gobernuko ordezkariekin. "Gure interesa eta auzolana eskertu, baina ez dagoela ezer aurreikusirik ez zehaztutako aurrekonturik erantzun ziguten".
Frontoia "oso berezia" dela dio Limonek. "Amaia du izena, oso frontoi gutxi egongo dira emakume baten izenarekin. Dagoen tokian egonda, Urbasako arrasoan... xarma handia du". Urbasako bentako eremu hau guztia sekulakoa omen zen garai haietan. "Udan jendez beteta egoten zen, bizi handia zuen. Ameskoa eta Sakanaren arteko topalekua zen, hemendik bikote asko sortu ziren. Uztailaren 25ean Urbasako festak ospatzen ziren, musika, pilota partidak... jende asko igotzen zen".
Taldeak urtero garbiketa egin eta frontoiaren zaharberritzea eskatzen jarraituko du, "burugogor izaten ez gaituzte irabaziko. Ilusio handiena hemen jendea pilotan jokatzen ikustea da. Hori da gure helburua".

"Hemen eskatu nuen pilotan hastea"
Olatz Ruiz de Larramendi Ados taldeko pilotaria
Amaia frontoia egoera oso kaxkarrean dago eta hori salatzera etorri zarete.
Frontoi hau ez dago egoera onean baina historia asko dauka. Nik hemen eskatu nion nire amari pilotan izena ematea, 7 urterekin. Txikitan hona etortzen ginen pilotan jokatzera, baina ezin da gauza seriorik egin, eta horren alde borrokatzera gatoz.
Sakanatik eta Ameskoatik jende asko etorri zarete frontoia garbitzeko auzolanera eta agerraldira.
Oso pozgarria da horrenbeste jende animatzea Ameskoatik, Sakanatik, Ameskoa pilota klubetik... Iaz ere garbiketa egin zen, baina ez zen aurten bezainbat jende bildu. Aurtengoa oso polita izan da.
Bi ibarrak batera, indar gehiago egin daiteke Nafarroako Gobernuaren aurrean.
Bai, azkenean batasuna behar da. Ea bi bailarak elkartzeak laguntzen duen, eta hemen egindako eskariak erantzuna duen.
Sanferminetako Ados Pilota Torneoa hasi da.
Bai, ea txapelketa polita ateratzen den! Finalean egotea polita litzateke, sanferminetan Labriten jokatzea oso berezia delako. Ados pilota eskolan geroz eta neska gehiago daude, eta oso pozik gaude, emakumeak pausoak ematen ari garelako.