Iosune, Luci eta Erkuden

"Egoera asko luzatu da, gehiegi guretako ere"

Guaixe 2026ko ekainaren 30a

Jaibuseko autobusak Bakaikun geldirik. Artxiboa

Jaibusean istilua izan zen otsailaren 22an. Larritasuna kontuan izanik, Jaibusik ez da Etxarrin gelditu, egileak agertu diren arte. Irurtzun, Etxarri Aranatz eta Altsasuko eskualdeetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Jaibuseko arduradunak dira Iosune Zabala Ijurko, Luci Gonzalez de Predoso Saez eta Erkuden Imaz Larrea. 

Gaueko garraioaren arduradunek "Jaibus zerbitzua bide onetik joatea guztion esku dago", nabarmendu dute. Berriro ere eskatu dute "Jaibusaren erabilera egokia egitea eta zerbitzu zein bertako langileak errespetatzea, beraiei esker festetara segurtasunez joateko aukera emateko". Atzera ere, "Jaibusa ongi erabiltzen dutenei eskerrak" eman dizkiete.

Azken aldian zergatik ez da gelditu Jaibusa Etxarri Aranatzen?
Altsasuko Inauterietako Jaibusean, 05:00etan, Etxarriko geltokian gazte batzuek autobuseko su itzalgailua lapurtu zuten eta kalean ustu zuten. Gidaria beraien atzetik kontu eske joan zen eta gazte batek gidariari kristalezko edalontzi bat bota zion. Jaibusaren antolakuntzak zerbitzua eta langileak babestu behar ditugu. Horrelako gertaerak daudenean, arduratsuak ere izan behar gara ondorioak onartzeko. Ikasketa bat da.

Aurretik halakorik gertatu zen?
2004an, zerbitzuak 4 urte zeramatzanean martxan, istilu larriagoak izan ziren. Autobusean kaosa sortu zen, eta, ondorioz, zerbitzua bertan behera utzi behar izan genuen. Gizartearen erreakzioa oso positiboa izan zen eta zerbitzua berrezartzeko lan egin zen. Gazteek, politikariek eta familiek erantzun zuten, zerbitzua berrezarri ahal izateko, neurria ulertuz eta programa baloratuz, halako neurririk inoiz gehiago hartu behar izan ez izateko. Garrantzitsua da gazteek barneratzea Jaibusa guztiona eta guztiondako den zerbitzua dela eta denon esku dagoela egoki erabiltzea, jarraipena berriz ere kolokan ez egoteko.

Noiztik ez da Etxarrin gelditu?
Ez da bitan gelditu: Lakuntzako Biltoki Egunean eta Altsasuko Alde Zaharreko festetan.

Zergatik bueltatu da zerbitzua orain?
Istiluetan parte hartu zuten gazteei eskaera egin genien: modu arduratsuan gertakariak beraien gain hartzea eta dagozkien ondorioak onartzea. Egoera asko luzatu da, gehiegi guretako ere, baina, azkenean, arduradunek aurrerapauso bat eman dute eta onartu dute gertatutakoa. Jakina, antolakuntzan, prozesu luze honen ondoren, erantzun bat izatea ongi hartu dugu.

Zer garrantzia du horrek?
Zailtasunak zailtasun, Jaibusak prebentziorako, mugikortasun segururako eta kohesio sozialerako tresna gisa duen garrantziaren inguruko eztabaida aberasgarria sortu da Sakanan. Iritzi trukeak agerian utzi du Jaibusa funtsezko zerbitzu publikoa dela, ahalegin komunitarioz eraikia eta, horrexegatik, guztion konpromisoa eta zaintza behar duena.

Gertatutakoa jokabide oldarkor baten ondorioa izan zen, batzuetan ondorioak neurtu gabe erabakiak hartzera eramaten duen "harrotze" horren ondorioa. Neurri batean uler dezakegu gazte talde eta dinamikek nola funtzionatzen duten, baina ulertzeak ez du esan nahi pasatzen uztea. Horregatik, muga eta neurri argiak jarri behar dira horrelako gertaerak errepika ez daitezen, eta Jaibus zerbitzua eta erabiltzaile guztiak etxera segurtasunez itzultzeko ahalegina egiten dutenen lanaren balioa aitortzeko.

Erabaki erraza izan ez bada ere, prozesua oso baliagarria izan da alde guztiendako. Egoera horiek gerta daitezkeela ulertzeko aukera eman digu, baina baita horietako bakoitza komunitate gisa daukaguna ikasteko, hobetzeko eta zaintzeko aukera dela ulertzeko ere. Akatsa aitortzea, erantzukizunak hartzea eta nola jokatzen dugun berrikustea elkarbizitza osasuntsuago eta errespetuzkoago bat eraikitzearen alderdi bat da.

Jaibusa egon ez denetan etxarriarrak nola moldatu dira?
Segur asko familiekin, Jaibusik ez dagoenetan bezala. Zerbitzua beti eman nahi genuke, baina aurrekontuak ez du ematen Jaibusa asteburu guztietan jartzeko, ezta jai bat egon daitekeen egun guztietan ere. Hala ere, eskertzekoa da Sakanako Mankomunitateak egiten duen ahalegina, ahal duen neurrian aurrekontu hori ia urtero handitzen duelako.

Erabiltzaileei, gurasoei eta herritarrei zer pentsatua eman die?
Biztanleria osoarendako ondorioak egon dira: etxarriarrendako zerbitzua aldi baterako etetea. Neurria beharrezkoa izan da ardurak hartzea bulkatzeko, baina gazteei, familiei eta komunitate dinamikari berari eragin die. Jaibuseko antolatzaileendako, zerbitzua eteteko erabakia ez da inolaz ere erraza izan, baina gertatutakoari modu justu eta hezigarrian heltzeko biderik egokiena zelakoan hartu zen.

Prozesuak ikaskuntza indibiduala eta kolektiboa ekarri du. Adierazi dugun bezala, gertatutakoaz pentsatzeko eta beharrezko eztabaida irekitzeko balio izan du. Hainbat iritzi sortu dira, segur aski neurriak bakoitzari eragiten zionaren araberakoa.Baina badirudi adostasuna dagoela: gertatu zena ez zen ondo egon.

Neurriak funtzio bikoitza bete behar zuen: kaltea konpondu eta, aldi berean, komunitate gisa gogoeta egitera bulkatu du, erantzukizunak hartu eta Jaibus zerbitzuari, hori posible egiten dutenen lanari eta, azken finean, erabiltzaile guztiei balioa eman. Prozesuak gogorarazten digu egoera zail bakoitza daukaguna zaintzeko eta elkarbizitza indartzeko aukera ere badela.

Etxarritik kanpoko jendeak ongi ikusi zuen neurria. Nahiz eta pasa zena edozein herritan gerta daiteken, eta neurria bera izango litzatekeen. Etxarrin, herri kaltetu gisa, hainbat iritzi jaso ditugu, ados ez zeudenak eta berau ondo ulertzen zutenak, nahiz eta kaltetuak izan.

Egileak agertu izan ez balira?
Azkenean agertuko ziren konfiantza izan dugu beti, baita iritzi gehienak kontrakoak zirenean ere. Pausoak ematen joan ginen, eta, gure ustez, prozesu hori ondo bukatu da, baina akabera desberdina izan zitekeen. Horregatik, bereziki eskertuta gaude pausoa eman dutelako eta dena modu egokian konpondu ahal izan delako. Gertatutakoak gogorarazten digu egoera zail bakoitza aukera bihur daitekeela komunitate gisa hazteko, nola jokatzen dugun berrikusteko eta gure konpromisoak indartzeko.

Zer behar da Jaibusa bide onetik joateko?
Zentzuz jokatzea eta duela 26 urtetik guztion ahalegin handiarekin aurrera ateratzen den zerbitzua zaindu eta baloratzea. Jaibusean, errepidean, bizitzan bezala denok gaude elkar konektatuta eta batek egiten duena beti dauka eragina besteengan, onerako eta txarrerako. Espero dugu esperientzia honek indartu egingo duela Jaibusa babesteko eta baloratzeko beharrari buruzko kontzientzia kolektiboa.

Erlazionatuak