Bergarako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldi politiko-instituzionala egingo dute Bergarako Usondo parkean igandean, garilak 19, 12:00etan. Autogobernua eraikitzen, erakunde propioak defendatzen eta euskararen biziberritzean urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa berretsiko dute 200 herri-ordezkarik baino gehiagok.
Bergarako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ari dira antolatzen eta hitzordu garrantzitsua dela aipatu dute: "Zeinak karga sinboliko handia izango duen, iragana, oraina eta etorkizuna lotuz hitzen, musikaren eta dantzaren bitartez". Ekitaldi politiko-instituzionean Alkateen Mugimendua gogoratu eta 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortuko dute. Ekitaldia, halaber, etorkizunari begirako konpromisoak partekatzeko eta "Euskal Herriaren eskubide historikoen inguruko eztabaida berritzeko" topagune izango da.