Sakanan 1936ko estatu kolpearen ondoren errepresioa jasan zuten pertsonak oroitzeko ekitaldia hartu zuen Otsaportillok igandean. Udal antolatzaileen izenean Susana Azkona Biurrunek (Irañetako zinegotzia) eta Arkaitz Los Arcos Bertizek (Uharte Arakilgo zinegotzia) hartu zuten hitza. Esan zutenez, "gizarte demokratiko batek ezin du bere etorkizuna eraiki indarkeriaren eta errepresioaren biktima izan zirenak ahanzturan utzita". Gaineratu zutenez, "Otsaportillo bezalako lekuak historia memoria gordetu, biktimak oroitu eta itxaropena, justizia eta erreparazioa ekarriko duten zubiak eraikitzeko tokiak dira".
Azkonak eta Los Arcosek nabarmendu zutenez, hildakoen "balioak, ametsak eta askatasunaren defentsa gure historiaren eta gure egunerokotasunaren parte dira. Egun, bere balioek eta ideiek eragiten digute irmo borrokatzeko gizarte plural, integratzaile, barneratzaile eta baketsu baten alde, eta balio horien defentsan lan egiten jarraituko dugu banaka eta taldean".
Udaletako ordezkariek gaineratu zutenez, "gogoratzea ez da iraganari kateatuta bizitzea. Gogoratzea oraina defendatzea da, etorkizuna babestu eta bermatzeko". Eta hainbat modutara errepresioa pairatu zuten familiei eskerrak eman zizkieten "amore ez emateagatik".
Ana Ollo Hualde bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak esan zuenez, "memoriak Sakanan bizirik iraun du. Baita errepresioaren beldur, isila eta zuhurra izatera behartu zutenean ere". Nafarroako Gobernuaren memoria politiketan Otsaportillo erreferentziazko gunea izan zela aipatu zuen. Lezea Memoria Tokia izendapena duela gaineratu zuen. Ollok azaldu zuenez, "tamalez ezin izan ditugu genetikoki identifikatu Emilio Garcia, Avelino Gil, Sabino Lizarraga, Joaquin Lizarraga eta Faustino Rubio, nahiz eta sinetsita gauden hemen erail zituztela. Horretan lanean jarraituko dugu", ziurtatu zuen.
Ollok "bizi dugun unearen larritasuna azpimarratu" zuen: "ultraeskuindarren bolada bateko gerra danbor eta guzti, memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen politiketan aurreratutako guztia aurretik eramateko mehatxua eginez. Leku askotan egin dute dagoeneko. Halako topaketetan erakundeek eta herritarrek beraien konpromisoa berresten dute".