Plazaola bide berdeak seinaleztapen irisgarri berria du

Guaixe

Panel irisgarri bat. PLAZAOLA TURISMO PARTZUERGOA

Haren bidez pertsona guztien esperientzia hobetu nahi da. 160 seinaleztapen elementu baino gehiago berritu dira. 

Seinaleztapen berri, argiago, homogeneoago eta irisgarriagoa du Plazaola bide berdeak agorrila akaberaz geroztik. Bide berdeko Nafarroako tarteko seinaleztapena ia erabat berritu da. Horretarako zaharkitutako seinaleak kendu eta 160 elementu berri baino gehiago jarri
dira, besteak beste, informazio panelak, norabide seinaleak eta prebentzio seinaleak, baita
interpretazio-panel tematikoak ere.

Plazaola turismo partzuegoko kudeatzaile Maitena Ezkutari Artiedak azaldu duenez, "proiektuaren helburu nagusietako bat informazioan irisgarritasun unibertsalaren irizpideak
txertatzea izan da. Euskarri berriek braillea, erliebe elementuak eta irakurketa errazera eta
hizkuntza argira egokitutako edukiak dituzte, gaitasun eta behar desberdinak dituzten
pertsonek informaziora errazago iristeko". Gainera, zeinu hizkuntzan eta azpitituluak dituzten bideoak ere badaude. Ondorioz, "Plazaola bide berdeak pertsona gehiagok goza dezakete". 

Ezkutarik gaineratu duenez, "seinaleztapena tresna digitalekin osatu da, besteak beste, NaviLens kodeekin. Horien bidez, ibilbideari lotutako eduki digitaletara sar daiteke, eta erabiltzaileen autonomia hobetzen da". Bide berdeko panel irisgarri berriei buruzko informazio guztia  Plazaolako webgunean kontsulta daiteke (labur.eus/imhy6gjp).

Kudeatzaileak azaldu duenez, "seinaleztapenaren hobekuntza hainbat administrazio eta erakunderen arteko lankidetza estrategiaren barruan kokatzen da, Plazaolako bide berdea lurraldeko natura eta turismo aktiboko baliabide nagusietako bat bezala sendotzeko".

Inbertsioaz
Plazaola Turismo Partzuergoak eta Lekunberriko Udalak elkarrekin sustatutako jarduketaren emaitza da seinaleztapen berria. Jarduketa hori Plazaola-Sakana-Ultzamaldea Helmugako
Turismo Jasangarritasun Planaren (PSTD) barruan garatu da. Proiektuak 131.088,39 euroko aurrekontua izan du (BEZa barne). Ekimena Cederna-Garalurrek eta Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiak kudeatutako PSTDaren barruan egin da, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan, Next Generation EU Europako funtsen bidez finantzatuta.

Zeuden seinaleen inbentarioa eta seinaleztapen homogeneoagoa jartzea Bidea Outdoor enpresak egin du. Seinaleztapen lanak, berriz, Ekilan SM enpresak egin ditu, eta Iddeas fundazioak, berriz, NaviLens kodeekin lotutakoak.