Irailaren 19an Sakanako Herri Kirol Eguna hartu zuen Unanuk. Urtero-urtero egun honen inguruan biltzen diren herri kirolariek ez zuten huts egin, baina kide bat falta zuten, eta ez edonolakoa, gainera. Azken urteetan Sakanako Aizkora Eskola maisuki gidatu duen Juanito Erdoziaren hutsunea oso nabarmena zen Unanun, baina, aldi berean, inoiz baino presenteago egon zen, bildutakoek Juanito baitzuten gogoan eta ezpainetan. Maiatzaren 15ean zendu zen etxarriarra, 82 urte zituela, iktusaren ondorioz. Hain justu bezperan Sakanako Aizkora Eskola gidatu zuen azken aldiz, eta botak jantzita agur esan zuen eskolako arima eta bihotzak.
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, herri kirol familiarekin eta Ergoienako Udalarekin batera, omenaldi txikia bezain polita egin nahi izan zioten. Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak nabarmendu zuenez, Sakanan herri kirolen alde “lan handia” egin zuen Juanitok, “eta beti lan egiteko prest” zegoen. Eskerrak eman zizkion, "beti hor, laguntzeko prest" egoteagatik. Haren aldeko aurreskuaren ondoren, familiak lore sorta, Juanitoren argazki bilduma eta bildutako guztien kariñoa jaso zuen. Haren semea, Juanjo Erdozia, eskertuta zegoen aitari egindako aitortzarekin.
Sakanako Herri kirol eguna beti berezia izaten da Sakanako Aizkora Eskolakoendako, baina aurten bereziagoa, eskolako arima eta aita zen Juanitori omenaldia egin diotelako. Nola hartu duzue familian?
Eskertuta. Aita oso pozik aritzen zen Sakanako Aizkora Eskolan, eta Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak esan zigunean omenaldia egingo ziotela, pozik hartu genuen. Pena da arreba batek, Asunek, ezin izan duela egon, aurretik bidaia bat antolatua zuelako, baina ama, Izaskun beste arreba, semea eta ilobak eta ni neu hemen gaude.
Eta, gainera, egunean parte hartzen.
Jon semea eta Aritz eta Eñaut ilobak aizkora lanetan aritu dira, eta aizkora eskolan gurekin aritu diren gazteak ere bai. Oso gustura egon gara.
Aitaren heriotza eta gero zer gertatuko da Sakanako Aizkora Eskolarekin?
Aitak gogoa zuen eta denon artean eskola aurrera ateratzen genuen. Aitak lan handia egiten zuen, aurreko eta ondorengo prestaketa guztia berak egiten zuen. Egur guztia aurretik prestatzen zuen, gero klasea denen artean ematen genuen, gustura, eta bertan txikitutako guztia aitak garbitu eta jasotzen zuen, eta hurrengo klaserako berriro egur guztia jarrita uzten zuen. Kisuskilak izaki, beti orduak falta egiten dira guretako. Oso lanpetuta gaude, eta guk bakarrik ezin dugu eskola aurrera atera. Amaiari esan diot, norbait prest egongo balitz aurreko lan guztia egiteko, agian molda gintezke, baina lan guztia guk hartzea... ez dugu denborarik. Talde bat sortuz gero, baina erabateko konpromisoa duen taldea, nik gazte hauekin hitz egingo nuke eta agian molda gintezke. Ikusiko dugu.
Herri kirola, bizirik
Sakanako Herri Kirol Egunean parte hartu zuten herri kirolariek talde argazkia atera zuten segidan. Juanitorekin Sakanako Aizkora Eskolako trebatutako aizkolariak (Hodei Lizarraga, Enaitz Uria, Aratz Beltza, Oier Migel, Ioritz Erdozia, Iker Loidi, Enara Beltza...), Sakanako Harri Jasotzaile Eskolako harri jasotzaileak (Amaia Orrio, Maddi Urkixo, Ane Orkarai, Izar Osakar, Jon Irañeta eta Iñaki Barcos), Andra Mariko trontzalariak (Aner eta Xabier Arkauz, Larraitz Beraza, Lorea Reparaz, Iraia Lopetegi eta Laia Flores) eta Sakanako zortzi aizkolari (Ioan Goikoetxea-Eloy Corchero, Jon Erdozia-Goizeder Beltza, Aritz Oiarbide-Eñaut Oiarbide eta Uharte Arakilgo Gorriti aita-semeak) ziren. Guztiek erakustaldi ederra egin zuten.
Ohikoa den moduan, Jesus Mari Arza Bergerandik egin zituen epaile lanak. Guztia muntatzen eta prestatzen azken honen anaia, Carlos Ramon Arza, Juanjo Erdozia, eta erakustaldian parte hartu zuten herri kirolariak aritu ziren, ohiko laguntzaileekin batera. Betiko moduan, herri kirol festa polita izan zen, Unanuko herri bazkariarekin borobildu zena.