Astekaria

Sakanako Bizikleta Eguna, ibarreko bizikleta bide sare berritik

Maider Betelu Ganboa

Sakanako bizikleta bide sarea lehenengoz mustu zuen Sakanako Bizikleta Egunak.

165 txirrindularik eman zuten izena. Ziordia eta Irurtzun batu zituzten, giro ederrean. 

Sakanako Mankomunitateak irailaren 20an antolatutako XXXII. Bizikleta Eguna nobedadearekin iritsi zen. Ibilbide ia gehiena Sakanako bizikleta bide sare berritik egin zen, eta partaideei "asko" gustatu zitzaien. Hala azaldu du Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. 

Goizean goiz, 9:00etan abiatu ziren txirrindulariak Ziorditik. Gerrikagoitiak aipatu duenez, 165 txirrindularik eman zuten izena. Nahiz eta askok ibilbide osoa egin, jendea edozein puntutan batu edo irten zitekeen ibilbidetik. Betiko moduan, Barranka Txirrindularitza Taldekoek zabaldu eta itxi zuten ibilbidea, inor atzean ez gelditzeko. Aurre-aurrean, Aralar Txirrindularitza Taldeko autoa, martxa zabaltzen. Burunda klubekoekin txandaka egiten dute lana, eta aurten talde lakuntzarrari zegokion. Eguraldia lagun, giro ezin hobean osatu zuten ibilbidea. 

Gerrikagoitia kontentu dago. "Eguraldi bikaina atera da, goizean pixka bat fresko eta ondoren ederra, bizikletan ibiltzeko paregabea. Bizikleta bide sare berriaz zer esan, bide ederra dugula eskura. Ziorditik Iturmendira eta Etxarritik Arbizura ederki gozatu genuen. Lakuntzan hamaiketakoa hartzeko geldialdia egin, eta ondoren aurrera segi genuen. Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Ihabar, Hiriberri, Egiarreta, Itxasperri... toki ederretatik pasa ginen. 13:20ak aldera iritsi ginen Irurtzunera (39 km), eta, laburbilduz esango dut Bizikleta Egun bikaina atera zela". 

Ez zen erorikorik ez aparteko arazorik egon. Matxurak eta bestelakoak konpontzeaz Bicicletas Muruzabaleko arduradun Joxi Lazkoz etxarriarra arduratu zen. DYAk zaindu zuen bidea, badaezpada ere. Ibilbidean zehar eta Irurtzungo itzuleran, Transportes Arregiko kamioian jaso ziren bizikletak, eta Burundesa autobusean itzuli ziren txirrindulariak etxera, erronka osatuta, poz ederrean. 

"Jendea oso pozik zegoen, Bakaiku eta Etxarri Aranatz arteko bizikleta bide berria egiteko gogoz. Hori hurrengorako utzi dugu". Erronka berria, bada. 

Erlazionatuak