Iconic proiektuko bazkideek Sakanako errealitatea ezagutu dute

Guaixe

Etxarri Aranatzen, bidegorriari buruzko azalpenak jasotzen. SGA

Helburua irisgarritasuna eta mugikortasun jasangarria lantzea da. Europako zazpi eskualde daude: Alemania, Portugal, Polonia, Eslovenia, Bosnia-Herzegovina, Errumania eta Sakana.

Europako beste sei eskualdeekin batera, Sakana Europako Iconic proiektuko parte hartzailea da. Mugikortasun jasangarriagoa sustatzeko helburua du egitasmoak. Lau urteko iraupena duen egitasmoak dagoeneko urte eta erdiko ibilbidea du. Eta proiektuko bazkideek aurrez aurreko hirugarren bilera Sakanan egin zuten irailaren 15etik 17ra. 

Mayu Serreau Hübner Sakanako Garapen Agentziako europar proiektuen arduraduna da. Berak azaldu du zergatik ari den SGA mugikortasun jasangarriaren inguruan lanean: "mugikortasuna ez da udalerri bakoitzaren mugen barruan bakarrik gertatzen. Pertsonen joan-etorriak, lanera joateko mugimenduak, zerbitzuetara iristeko beharrak edo aisialdiko desplazamenduak udalerri artekoak dira askotan. Horregatik, gure ustez, mugikortasunaren inguruko erantzunak ere eskualde mailakoa izan behar du". Serreauk gaineratu duenez, "mugikortasuna ez da garraio kontu hutsa. Lurralde kohesioarekin, enplegurako eta zerbitzuetarako sarbidearekin, inklusioarekin eta pertsonen bizi-kalitatearekin zuzenean lotuta dago".

Sakanako Garapen Agentziako kudeatzaile Iker Manterola Matxainek argitu dunez, "gure helburua Sakanako Mugikortasun Iraunkorreko Estrategia garatzea da; lurralde osoarendako bideorri partekatua sortu nahi dugu". Argitu duenez, "estrategia horrek ikuspegi orokor eta komuna ezarriko du: zeintzuk diren erronka nagusiak, zeintzuk diren lehentasunak eta zein norabidetan lan egin nahi dugun datozen urteetan". Eta ikuspegi horretatik abiatuta, "udalerri bakoitzaren errealitatera egokitutako neurri zehatzagoak garatu ahal izango dira, betiere modu koordinatuan eta eskualde ikuspegia galdu gabe".

Horretarako, emango duten lehen pausoa Sakanako mugikortasunaren diagnostikoa egitea da. "Datuen analisiaz aparte, parte hartze prozesua ere egin dugu", azaldu du Serreau. Udal, enpresa eta herritarrei galdetegiak bidali dizkiete. Diagnostikoaren ondoren ekinen diote estrategia lantzeari. "Bertan zehaztuko dira helburuak, lehentasunak, ekintza eta neurriak, epeak eta horiek martxan jartzeko beharrezko baliabideak", nabarmendu du Manterolak. Aipatutako estrategia jasotzen duen agiri hori 2027ko maiatzerako nahiko lukete. Sakanako Garapen Agentziako kideek agiri horretan jasoko diren proposamenak udalei eta Nafarroako Gobernuari aurkeztu nahiko liekete. 

Lehen ondorioak 
Iconic proiektuaren jardunaldian diagnosiaren aurreneko ondorioak azaldu zituzten. Batetik, Sakana 15 udalerriz osatutako eskualde lineala da, herri txiki eta nagusiak dituena. Eta langileen %43,5ek industria sektorean lan egiten du. Bestetik, eguneroko mugikortasunean ibilgailu pribatuarekiko mendekotasun handia dago ibarrean: Sakanan 842 ibilgailu daude 1.000 biztanleko, Nafarroako batez bestekoa baino ia 100 gehiago. Kontuan hartu dute ere, herri txiki batzuetan zahartzeak eta sakabanaketak erronka bereziak sortzen dituztela, batez ere autorik erabiltzeko aukerarik ez duten pertsonen autonomia bermatzeko. 

Azkenik, ondorioztatu dute mugikortasunak ez diela autonomia bera ematen pertsona guztiei. "Diagnostikoan genero arrakala ere aztertu dugu: gidabaimena duten gizonen ehunekoa %70,3koa da, eta emakumeena %50,7koa. Horregatik, estrategia honetan inklusioa eta genero ikuspegia zeharkako elementuak izango dira", argitu du Serreauk.

Europatik ikasteko aukera
Iconic proiektuak horretarako aukera ematen diela azaldu du Manterolak. Gaineratu duenez, "guretako aukera bat da beste lurralde batzuetako esperientziak ezagutzeko, zer funtzionatu duen eta zer ez ikasteko, eta gure errealitatera egokitu daitezkeen ideiak edo ikuspegiak identifikatzeko. Era berean, guk ere gure esperientziak partekatu nahi ditugu, landa eta industria ezaugarriak dituen eskualde baten ikuspegitik".

Horregatik, europar proiektuaren Sakanako jardunaldia esperientzia trukerako topaketa izan zen. Sakanako Garapen Agentziakoek Sakanako mugikortasun-diagnostikoaren lehen emaitzak aurkeztu zituzten. Horretaz aparte bisitari europarrek hainbat proiektu ezagutzeko aukera izan zuten. Batetik, Jaibus programa, sakandarren mugikortasun segurua sustatzeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen prebentzio programa. Bestetik, Sakanako bizikleta bide sarea. Horrekin batera, Etxarri Aranazko irisgarritasun plana eta herrian irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko egindako lana. Gainera, Altsasuko bizikleta azpiegiturak eta mugikortasun aktiboarekin lotutako espazioak ezagutu zituzten bisitariek. Bestetik, Iruñeko hainbat esperientzia ere ezagutu zituzten, hiri mugikortasunarekin, garraio publikoarekin eta intermodalitatearekin lotuta. 

Manterolak argitu duenez, "bisita horien helburua ez zen soilik proiektuak erakustea, baizik eta praktikan ikustea nola erantzuten zaien mugikortasun erronkei beste testuinguru batzuetan". Sakanako hiru eguneko egonaldiak Iconic proiektuko bazkide europarren artean "aho zapore ona" utzi zuela baieztatu zuen Serreauk.