Zaintza lanetan ari diren senide batzuk Sakanan baliabide publiko gehiagoren premia dagoela nabarmendu dute. Adinekoen, mendekotasuna edo dementziaren bat duten pertsonen osasun jarraipena egiterakoan jendeak esaten du Sakanan "zorionekoak" garela Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa dugulako. Hala da, klinikak ospitalea, eguneko zentroa eta kanpo kontsultak ditu. Nafarroako beste eskualde batzuetan ez dagoen baliabide bat da klinika, argi eta garbi.
Baina Sakanan egoitza bakarra dago, Altsasuko Aita Barandiaran. Kontzertatuta ditu bere plaza guztiak, 42ak. Sakanak 20.670 biztanle ditu. Egoitza hori 1991ean zabaldu zuten. Orduan bere kabuz baliatzen ziren pertsonengan pentsatuz egin zuten. Laguntza pixka bat behar duen adineko batendako egoitza egokia da. Dementzia dutenen senideek azaldu dutenez, "dena ez da Alzheimerra, eta dementzia duten pertsona guztiak ez dira adinekoak. Hainbat dementzia mota daude, sintomatologia, bilakaera eta zaintza premia oso desberdinekin, eta bakoitzak eragin desberdina izan dezake pertsonarengan eta bere familian". Gaineratu dutenez, "dementzia duten pertsona gazteen profil bat dago, eta diagnostikoa jasotzen dute oraindik lanean ari direnean, beren ardurapean seme-alabak dituztenean edo bizitza aktiboko proiektu bati eusten diotenean. Haien eta haien familien beharrak oso desberdinak izan daitezke. Horregatik, beharrezkoa da begirada zabaltzea eta Alzheimerraz eta beste dementzia batzuez hitz egitea, diagnostiko bakoitzaren atzean zirkunstantzia eta behar propioak dituen pertsona eta familia bat dagoela ulertuta".
Senideek esan dutenez, "egoera eta premia aniztasun hori dela eta, gizarte gisa eskaintzen ditugun baliabideek ere gai izan behar dute pertsonei egokitzeko, eta ez alderantziz. Dementzia duten pertsonen berezitasunak kontuan hartuko dituzten arreta espazioak eta ereduak behar ditugu, haien familiendako irisgarriak izango direnak eta, ahal den neurrian, ingurunearekin loturak mantentzea ahalbidetuko dutenak".
Beraz, halakoetan arreta espezifikoa emanen duten zerbitzuak eskatu dituzte, baita eguneko 24 ordutan erizain zerbitzua egotea egoitzetan. Senideek eskatzen dute egoitzetako egoiliarrak banatuta egotea: mendekotasuna dutenak alde batean, beraien kabuz baliatu daitezkeenak bestean... Multzo bakoitza solairu batean egotea eta bisitariek soilik dagokion solairura sarbidea izatea. Solairuetan dauden egoiliarrendako espazio komunak eta aisialdiko jarduerak: bingoa, film emanaldiak, kantaldiak... egotea eskatu dute. Eta bisitariek senideekin egoteko gelak edota lorategiak ere. Horretaz guztiaz aparte, tratu duina emateko beharrezkoak diren giza baliabideak behar dela diote. Langileak behar bezala trebatuta egon behar dutela gaineratu dute, "ez baita gauza bera adineko pertsona bat edo dementzia duen pertsona bat artatzea".
Sakanan plazak faltan daudenez, adinekoak eta dementzia duten pertsonak Erribera, Lizarraldea edo Iruñerriko egoitzetan bukatzen dute. "Egoera horrek eragin handia du. Zaila egiten zaigu egunero gure senidea bisitatzea eta gertuko lotura bat izatea, eta hori bereziki garrantzitsua da dementzia bat dagoenean. Distantziak dakarren higadura emozionalaz aparte, joan-etorrietarako ahalegin ekonomiko handia ere eskatzen du, bizilekuaren kostuari gehitzen baitzaizkio".
Azaldu dutenez, "ondorioak ez dira hor bukatzen. Familia zaintzaileendako ere hilabeteetan, eta baita urteetan ere, bizitzea dakar, plaza bat noiz egongo den ez dakigun zalantzarekin. Pertsona askok etxean zaintzen jarraitu behar izaten dute egoera jasanezina denean, higadura fisiko eta emozional handiarekin. Beste batzuek erabaki zaila hartzen dute senidea bere ingurunetik, bizilagunengandik, oroitzapenetatik eta egunero laguntzen dioten pertsonengandik bereizteko".
Desoreka eta eskaera
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, herrialdean plaza kontzertatuak eskaintzen dituzten 64 egoitza daude. Guztira 3.607 plaza kontzertatu dira. Plaza horien %42, 1.515, Iruñeko merinaldeko 21 egoitzetan daude. Lizarrako merinaldean plazen %19,21, 693. Eta Tuterakoan %18,05, 651. Bi eskualde horietan dozena bat egoitza daude. Erriberriko merinaldeak plaza kontzertatuen %14,80, 534, ditu 14 egoitzetan banatuta. Azkenik, Zangozako merinaldean plazen %5,93, 214 daude bost egoitzetan banatuta.
Sakana Iruñeko merinaldean dago, baina eskualde horretako 21 egoitzetatik bederatzi Iruñean daude eta lau Iruñerrian. Hamahiru egoitza horietan 1.124 plaza kontzertatu daude, merinalde guztiko plazen %74,19. Nafarroa guztiko plaza kontzertatuen %31,16 Iruñerrian daude.
Iruñeko merinaldean, hiriburutik iparraldera, bost egoitza besterik ez daude: Elizondoko biak, Lesakakoa, Errokoa eta Altsasukoa. Bosten artean 275 plaza kontzertatu eskaintzen dituzte. Nafarroako plazen %7,62 eta merinaldekoen %18,15.
Premia dagoelako, eta plazen banaketa geografikoan desoreka dagoela ikusten dutelako, zaintzan ari diren senideek Sakanan plaza gehiago sortzea eskatuko diete udalei eta Sakanako Mankomunitateari. "Ibarrean badaude behar horri erantzuteko egokitu daitezkeen eraikinak. Batzuek patioak eta kanpoko espazioak ere badituzte, eta dementzia duten pertsonek onura handia atera diezaiekete", jakinarazi dute. Gaineratu dutenez, "egokitutako egoitza bat edukitzeak, pertsona horien beharrei hobeto erantzuteko aukera emateaz aparte, familien zama arintzea eta behar dituzten zaintzak aurkitzeko beren ingurunetik urrundu behar izatea saihestea ahalbidetuko luke". Azaldu dutenez, "pertsona askok bizi izan dugu egoitza bateko plaza bat behar izatearen eta ez aurkitzearen larritasuna. Asko frustratuta, ezinean eta bakarrik sentitu garenak gure bizitzako une bereziki zail batean". Horregatik, Sakanako erakundeei premia horretan fokua jartzea eta egoitza berri bat zabaltzeko lan egin dezatela eskatu diete.