Urbasan egindako filmaketa dela eta sinadura bilketa abitu dute

Guaixe

Filmaketarako erabilitako tresneria. UTZITAKOA

Sustatzaileak mendia "bisitarien masifikazioak degradatutako agertoki" bihurtzeko beldur dira.

Sol Films ekoiztetxeak pelikula bat filmatu zuen Urbasan agorrilean. Urbasa Bizirik ekimenak Nafarroako Gobernuari eskatu dio "filmaketaren ondorioz Urbasa-Natur parkean izan diren ekologia inpaktu guztiak ikuskatzeko". Ekimeneko kideek gaztigatu dutenez, filmaketak "ingurumen inpaktu larria" izan du Urbasan: "bide naturalen degradazioa; pagadiaren eta karstaren inbasioa makineria astunarekin, garabiekin eta tirolinekin; hilabete baino gehiagoan konpresoreek eragindako kutsadura akustikoa; kamioiek mendiko larreak okupatzea; belarraren gainean harea botatzea eta babestutako natur eremu baten pribatizazio onartezina".

Urbasa Bizirik ekimeneko kideek Nafarroako Gobernuari hiru eskaera egin dizkiote. Aurrena, "2026ko maiatzaren 29ko ebazpena bertan behera uztea, bideak, biodibertsitatea eta Natura 2000 Sareak babestutako ingurune karstikoa kaltetzen duten etorkizuneko salbuespenezko baimenak debekatzeko". Hurrena, "Nafarroako Gobernuko biologoek eta Natur Parkeko teknikariek premiazko auditoretza tekniko bat egitea, kaltetutako eremuetan epe labur eta luzera izandako benetako ingurumen-inpaktua zorroztasunez ebaluatzeko eta kuantifikatzeko". Eta, atzena, "berehalako Ingurumen Lehengoratzeko Plan bat gauzatzea, kalteak konpontzeko eta kaltetutako bide zein eremuak filmaketaren aurreko egoera naturalera itzultzeko".

Sinadura bilketa
Eskaera horien aldeko babesak jasotzeko, ekimeneko kideek change.org webgunearen bitartez Urbasa ez da saltzen izeneko sinadura bilketa abiarazi dute. 

Urbasa Bizirik ekimeneko kideek gogorarazi dutenez, "natur parkeak Europako pagadirik baliotsuenetako bat hartzen du. Bere babesak gobernuaren eta edozein enpresa pribaturen interesen gainetik egon behar du beti". Gaineratu duenez, "Urbasa-Andia Sakanako iragana, oraina eta etorkizuna da: preziorik ez duen, saltzen ez den eta suntsitzen ez den herri ondarea". Nabarmendu dutenez, "zinemak bere gogara jokatzen uzten badugu, mendilerroa gainbeherara kondenatuko dugu. Urbasak bere magia eta nortasuna galduko ditu". Horregatik, mendia "agertoki degradatu bihurtzen" ez uzteko eskatu dute. 

Erlazionatuak