Mikel Mazkiaranek (Seat 600 JTR) iaz debutatu zuen Urbasako Igoeran. Turismoen mailan laugarren izan zen (3:42.197), eta igoera egin ahal izatea "ametsa betetzea" zela esan zuen orduan. Aurten, turismo mailako txapelduna izan da (3:34.999) eta bigarren denbora onena egin du.
Pilotu faboritoak (Ordoki, Gutierrez, Jimenez, Iraola...) aurten ez zirela Urbasan arituko jakiteak dena hankaz gora jarri zuen.
Bai, eta horrek presio handia sortu zuen. Hala ere, nire buruari ez nion bestelako presiorik jarri: iazko denbora hobetzea eta egun ona pasatzea.
Guztiek faboritoen artean jarri zintuzten, baina.
"Aurten txapela..." halakoak esaten zizkidaten.
Zein punturaino ihes egin daiteke horretatik? Parte hartzaileen zerrendan bosgarren postuan jarri zintuzten, faboritoen artean.
Iazko denbora hobetuz gero hortxe egongo nintzela, goian, hori banekien. Eta hala izan zen.
Entrenamendu ofiziala hasi baino lehen oso urduri zeundela zirudien.
Etxean ari zara, jende ezaguna dago, presioa... azkenean dena da. Urduri nengoen, bai. Etxetik kanpo agian urduri jartzen naiz, baina ez horrenbeste. Hemen, gehiago.
Entrenamenduan iazko denbora jaisteak lasaitu zintuen?
Bai. Euria egingo zuela espero zenez, hasieratik denbora ona egitera atera ginen, nahiko azkar. Entrenamenduetan iazko denbora ia 2 segundotan jaitsi nuen (3:40.933). Aurten Go Pro kamara batekin nire igoerak grabatzen hasi gara. Jaisterakoan, bideoa ikusi eta egindako akatsak ikusten ditugu: hemen arinago pasa daiteke, han urrunago frenatu daiteke... halakoak. Zertan hobetu dezakegun ikusita, lehen mangan praktikara eraman, ongi gidatu, eta dena primeran atera zen, sekulako denbora ona egin genuen (3.34.999). Ez nuen iazko denbora horrenbeste jaistea espero. 7 segundo, hori asko da. Ni neu ere pixka bat harrituta geratu nintzen. Horrela, bigarren mangan lasai atera nintzen, disfrutatzera.
Motor indartsua duzu.
Aurten motorra aldatu dugu, eta motor berria oso potentea da. Iaz Ortuñok beste Seat 600 bat ekarri zuen Urbasara. Gurea baino motor modernoagoa zuen, eta arrankean abiadura askoz ere azkarrago hartzen zuen. Gurearekin alderatuta, nolako aldea. Pikatu egin nintzen, motor bila hasi, eta erosi genuen. Egia esan, asko nabaritzen da. Azkarragoa da.
Bigarren denbora onena egin zenuen, Kepa Amantegik (3:29.997) baino 5 segundo gehiago. Eta turismoetan 5 segundo atera zenizkion bigarrenari, Joseba Sanzi (Mitsubishi Lancer Evo IX, 3:40.640).
Gure kotxeak 600 kilo pasa pisatzen ditu, eta Keparenak 350 kilo inguru. Hor dago monoplazekin dagoen aldea, pisua. Nolanahi ere, automobilismoan 5 segundo asko dira. Turismoetan esango nuke Porscheen falta nabaritu zela. Iaz Bruno Schererrek 3:31n egin zuen.
Eguneko protagonista izan zinen. Sari ia guztiak zuretako izan ziren: turismoetako irabazlea, lehen klaseko lehena, scratchean bigarrena, lehen sakandarra, Sakana Motorsport eskuderiako lehena...
(Kar-kar) Aipatu dudan bezala, ez nuen denbora horrenbeste hobetzea espero, baina iazko nire denbora jaitsiz gero, banekien irabaziko nuela. Lasterketa ona egin genuen, ez zuen euririk egin, eta egun borobila atera zitzaigun.
Urbasan egindakoari esker, Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketan hirugarren sailkatu zara.
Aurten ez genuen helburu hori. Nafarroako Mendi Txapelketatik soilik hiru proba egin ditugu, baina horietan oso ongi aritu garenez, horregatik igoko ginen hirugarren postura. Aurtengo denboraldia bukatu da, eta datorren urtean Nafarroako Txapelketa osoa egin nahi dugu.
Urbasan irabaztea ez da edonolakoa. Zorionak!
Eskerrik asko! Egia da, Urbasan irabazi duela edonork ezin dezake esan; oso pozik nago. Lagunak, familia, neskalaguna... egun polita izan zen denondako.