Produktuaren Pasaporte Digitala lantzeko azken fasea

Guaixe

Dinabiden EDIT proiektuari buruz egindako jardunaldia. ARTXIBOA

Sakanako Garapen Agentziak jakinarazi duenez, EDIT proiektua azken fasean sartu da. Proiektuko bazkidea den enpresa bat tresnen ezarpena egin du. Eta beste hirutan pilotaje zabala eginda.

Sakanako Estrategia Planari erantzuten dion industria arloko mugaz gaindiko proiektua da EDIT. Enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago eta Europako POCTEFA mugaz gaindiko kooperazioa sustatzen duen programaren dirulaguntza du. Europak hala zehaztuta, Produktuaren Pasaporte Digitala tresna garrantzitsua izango da heldu diren urteetan. Jasangarritasunarekin, trazabilitatearekin, digitalizazioarekin eta zirkulu ekonomiarekin lotutako Europako politiken barruan kokatzen da Produktuaren Pasaporte Digitala. Tresna horren helburua da produktuei buruzko informazio garrantzitsua jasotzea eta antolatzea, besteak beste, erabilitako materialak, osaera, ingurumen inpaktua, konpongarritasuna, mantentze lanak edo trazabilitatea.

EDIT proiektuaren bitartez Sakanako Garapen Agentziak ibarreko enpresei etorkizunerako prestatzen lagundu nahi die. Proiektuko bazkideetako bat Etxarrengo Harivenasa enpresa da eta, proiektu pilotuan, Produktuaren Pasaporte Digitalaren benetako tresnen ezarpena egin du. Aldi berean, pilotaje zabaldua jarri da abian. Hau da, Harivenasan jarritako tresna horiek beste enpresa batzuetan jarri dira, kontrastatzeko eta metodologia hainbat lurralde eta sektoretara egokitzeko. Sakanan egindako lana pilotaje zabaldu horren parte da.

Pausoak
Proiektua Sakanan informazio jardunaldi batekin hasi zen, eta zortzi enpreek parte hartu zuten. Jardunaldian enpresetako ordezkariei Produktuaren Pasaporte Digitalaren testuingurua azaldu zieten. Horrekin batera ordura arte egindako aurrerapen nagusiak aurkeztu zizkieten. Horien artean, Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berria, egindako mugaz gaindiko diagnostikoaren lanketa nabarmendu zuten, baita enpresendako autodiagnostiko tresna baten garapena ere. 

Hiru enpresek, Lacunza Kalorrek, Embutidos Arbizuk eta Kalaskak, lehen aholkularitza prozesu batean parte hartu zuten. Prozesu horretan hiru enpresetan hiru arlo landu ziren. Lehenik haien antolaketa eta ekoizpen-prozesuen azterketa. Ondoren digitalizazioari eta jasangarritasunari buruzko autodiagnostikoa. Eta, azkenik, enpresa bakoitzari egokitutako lehen ibilbide orria.

Sakanako Garapen Agentziako ordezkariek azaldu dutenez, lanketa horren helburua zen enpresa bakoitzaren heldutasun maila ebaluatzea, abiapuntua ezagutzea eta eraldaketarako ibilbide errealista zehazten laguntzea. Lan molde horrekin EDITen tresnak benetako enpresa inguruneetan baliozkotu dituzte.

Erronka 
Aholkularitza prozesuan parte hartu zuten hiru enpresek erronka bera dute: informazio baliotsu asko dute, baina sakabanatuta. Informazio hori kalkulu orrietan, paperezko erregistroetan edo pertsona jakin batzuen ezagutzan egon ohi da. Horrek datu berak behin baino gehiagotan sartzea dakar, eta zaildu egiten du informazio hori aprobetxatzea.

Horren jakitun izanda, lehen pausoa da dagoeneko dagoen informazioa ordenatzea. Hau da, funtsezko datuak identifikatzea, eskuz egiten diren zeregin errepikakorrak murriztea eta erabiltzen diren tresnak hobeto konektatzea.

Jasangarritasunaren arloan, oinarri sendoak identifikatu dira, batez ere araudia betetzeari, hondakin eta azpiproduktuen kudeaketari, energia eraginkortasunari eta produktuen iraunkortasunari dagokienez. Hurrengo pausoa informazio hori adierazle argien bidez neurtzea da: energia, ura, materialak, hondakinak eta emisioak. Horrela, datuak erabakiak hartzeko, baliabideen erabilera hobetzeko eta ekonomia zirkularreko aukerak identifikatzeko erabili ahal izango dira.

Pauso gehiago emateko 
Sakanako Garapen Agentziak %100ean finantzatutako bi laguntza ildo eskainiko dizkie Sakanako enpresei hilabete honetatik aurrera. Alde batetik, trazabilitatearen digitalizazioa egiteko laguntza. Hau da, eskuzko erregistroak eta bikoiztasunak identifikatu, eta digitalizaziorako proposamen zehatz bat prestatzeko aukera izanen dute enpresek. Bestetik, ingurumen neurketa eta ekonomia zirkularrari buruzko laguntza dago. Haren bidez, kontsumoei eta hondakinei buruzko datuak antolatu, adierazleak definitu eta lehen hobekuntzak identifikatzeko aukera izanen dute enpresek. Bi dirulaguntzetakoren batean interesa duten enpresek Sakanako Garapen Agentziarekin harremanetan jar daitezke. Horretarako 647 86 42 39 telefono zenbakira hots egin edo info@sakanagaratzen.com posta elektronikoko helbidera idazteko aukera dute.

Enpresa bakoitzaren diagnostikotik harago, EDIT proiektuak Sakanan dagoeneko probatutako metodologia bat utzi du, beste enpresa batzuek errazago errepikatu ahal izango dutena. Proiektuak araudi eskakizun berrietarako prestatzeko, ingurumen-inpaktua ezagutzeko eta enpresek balio kateetan duten posizioa indartzeko tresnak ere eskaintzen ditu. Proiektua aurki despedituko da, baina Sakanako Garapen Agentziak ezagutza hori tokiko enpresa sarearen zerbitzura jarriko du.