Euskaltzaindiak Bilboko Euskal Museoan egin den osoko bilkuran Ekaitz Santazilia Salvador euskaltzain berria izendatu du gaur, azaroak 27. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Pello Salaburu Etxeberria emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta lakuntzarrak lortu du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.
Bigarren euskaltzain oso sakandarra Santazilia, Castillo Suarez Garcia altsasuarra 2022az geroztik baitu ardura hori. Bestalde, Jose Luis Erdozia Mauleon etxarriarra euskaltzain urgazlea da 2006ko maiatzaren 26tik. Euskalkien lantaldean ari da lanean.
Profila
Santazilia euskal filologoa, hizkuntzalaria eta euskaltzain urgazlea da Santazilia. Euskal Herriko Unibertsitatean burutu zuen Euskal Filologiako lizentzia, baita Hizkuntzalaritzako masterra eta doktoretza ere. Egun Euskal Filologia alorreko irakasle titularra da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA/NUP). Halaber, Nafarroako Gobernuko Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren zuzendaria izan da orain dela gutxi arte. Monumenta Linguae Vasconum ikerketa-taldeko partaidea da, baita NUPeko I-COMMUNITAS - Institute for Advanced Social Research institutuko eta Nafarroako Ondare Materiagabearen Katedrako kidea ere. Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen Elkartearen sortzaileetarik bat izan zen, eta Nafar Ateneoan Euskara alorreko eleduna ere bai. Euskararen historia du ikerlerro nagusi, Nafarroakoa bereziki, eta, horren barnean, dokumentu zaharrak, dialektologia, soziolinguistika eta hizkuntzalaritza historikoa ditu aztergai. Euskal testu zahar franko aurkitu eta editatu ditu, eta aipatu gaiekin lotutako lan ugari argitaratzeaz gain, hainbat ikerketa proiektutan eta biltzar akademikotan ere ari izan da.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2024ko maiatzaren 31n. Akademiaren aginduz, zenbait lan egin ditu, hala nola Zildozko Perutxeneko euskal predikuak agertzeko hitzaldia eta erakusketa atondu zituen, Erredingo Luiseneko euskal predikuak ere bai, eta laster argia ikusiko duen Joan Beriainen 1626ko kristau-dotrinaren edizio kritikoa eta erakusketa prestatu ditu.
103 euskaltzain oso
Ehun eta hiru euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak. Gaur egun, 23 euskaltzain osoz (12 gizonezko eta 11 emakumezko) eta 14 euskaltzain emerituz osatua da Euskaltzaindia. Euskaltzain osoak dira: Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Sagrario Aleman, Irene Arrarats, Miren Azkarate, Itxaro Borda, Jean-Baptiste Coyos, Jon Casenave, Asun Garikano, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Miren Agur Meabe, Alfontso Mujika, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Jon Sarasua, Castillo Suárez, Ekaitz Santazilia, Ana Toledo, Andres Urrutia eta Miriam Urkia.
Eta euskaltzain emerituak: Andres Alberdi, Bernardo Atxaga, Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Beñat Oihartzabal, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Pello Salaburu, Patxi Uribarren, Xarles Videgain, Mikel Zalbide eta Patxi Zabaleta.