Txondorrarendako txapela

Guaixe 2018ko urr. 14a, 13:36
Satrustegiko txondorrari estalpea egin diote. Argazkia: Arakil Kultura.

Udan egindako txondor erdiari estalpea egin diote. Bisitariek ikazkinen lana ezagutzeko aukera izanen dute.

Ikazkin ogibidea ezaguna izan zen Sakanan. Baina hura ere desagertu zen. Uda honetan satrustegiarrek ahaztutako ogibidea Biloriako Migel ikazkinarekin biziberritu zuten. Hiru auzolanetan haritz egurra moztu, prestatu eta bi txondor egin zituzten. Haietako bati Arakilgo Egunean, garilaren 21ean, su eman zioten eta handik tona erdi ikatz atera zuten. Beste txondorra ez zuten osorik egin, erdia baizik. Egun labe erraldoi horiek nolakoak diren erakusteko propio egin zuten horrela.

Satrustegi bisitatzen dutenek garai bateko ikazkintza nolakoa zen ezagutzeko aukera izanen dute txondor erdi horren bidez. Arakilgo Udalak argibide taula ondoan jartzeko asmoa du. Bitartean, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Babestutako Gizarte Enplegu proiektuan, Iturraskarrin, aritu direnak estalpea egin diote txondorrari. Materiala kontzejuak jarri zuen. Bata eta bestea egiten aritu zirenak elkartu eta estalpea mustu zuten asteazkenean, otamen ederrarekin.

Erlazionatuak