Satrustegiarrek hiru auzolan behar izan zituzten txondorra prestatzeko. Aurreneko bietan haritz egurra moztu eta txondor plaza prestatu zuten. Hainbat arakildarren eta Biloriako Migel ikazkinaren laguntzaz txondorra egin zuten garilaren 14an. Hari zazpi egun pasa eta gero eman zioten su, Arakilgo egunean. Eta jendeak kea dariola ikusi zuen.
Ikatza egiteko labeak bere lana egin zuen eta igandean 20-30 bat pertsona elkartu ziren txondorra desegin eta ikatza ateratzeko. Lehenik lurra kendu zuten eta gero ikatza barreiatu zuten. Inker batzuk bazeuden oraindik eta erabat itzaltzeko ura bota zieten. Eta dena itzalita zegoela ziurtatu ondoren zakutan sartu zuten ikatz guztia. 48 bat zaku bete zituzten eta tona erdi ikatz baino zerbait gehiago lortu zuten. Egiteko horiek hainbat ikusleren jakin-mina piztu zuten.
Satrustegiko kontzeju-buru Igor Lanz Rapunek esan digunez, “lortu dugun ikatza nahi duten Arakilgo kontzejuen artean banatuko dugu. Jakina, Satrustegirendako gehiago geldituko da”. Ikatza zertarako erabiliko duten galdetuta, Lanzek argi du erabilera: “festetako otamenak prestatzeko edo San Juan bezperako parrillada egiteko”.