Musikari uhartearraren jaiotzaren 175. urteurrena dela eta aparteko egitaraua izan zen Uharte Arakilen. Berta Moreno historilari eta musikologoaren bidez Gorritiren berri jaso zuten hitzaldira bildu zien guztiek. Ondoren Uharte Arakilgo buruhandien konpartsaren eta Iruñeko Orfeoiaren txanda izan zen. Felipe Gorriti erraldoia buru zutela elizatik musikariaren sortetxera arteko bidea egin zuten haiek eta atzetik zituzten herritar mordoak.
Duela 118 urte Gorritiri Uharte Arakilen egindako omenaldian Iruñeko Orfeoiak abestu zituen sei piezetako bi kantatu zituen. Igor Ijurra zuzendariak musikariaren sortetxearen ezker aldean emakumezko abeslariak jarri zituen eta gizonezkoak eskuinean. Duela mende bat gizonezkoek osatzen zuten soilik orfeoia eta haiek izan ziren Ume eder bat kantatu zutenak. Erraldoiek etxaurrean dantzatu ondoren, orfeoiak Agur Jesusen Ama abestu zuen.
Omenaldiak elizan izan zuen segida. Sinfonietta Academica orkestrak eta Iruñeko Orfeoiak Joaquin Taboada konposatzaile nafarraren Ave Verum eta Felipe Gorritiren Miserere Grande (1882) obrak eman zituzten beteta zegoen elizan.