Osa eta Sola atzera ere nagusi Beriaingo km bertikalean

Guaixe 2015ko ira. 21a, 12:57

Gipuzkoarrak errekorra hobetu zuen (39:54), Jose Luis Beraza eta Erkuden San Martin izan ziren lehen sakandarrak. Beraza sei aldiz igo zen podiumera eta Sakana Bizirik taldeak irabazi zuen Nafarroako Kilometro Bertikalen Txapelketako talde onenaren saria

Sakandarrak VII. Uharte-Arakil-Beriain Km Bertikalean
1.Aitor Osa: 39:54
7.Jose Luis Beraza (Uhar): 45:35
9.Mikel Rubio (Irur): 45:50
12.Aritz Munarriz (Etx): 46:02
22.Beñat Katarain (Lak): 47:58
32.Gorka Santesteban (Arakil): 49:17
36.Alatz Agirre (Arb): 50:00
38.Iñigo Martinez (Uhart): 50:08
44.Mikel Satrustegi (Arru): 50:34
48.Mikel Berastegi (Arb): 51:08
63.Joxeja Maiza (Etx): 52:33
76.Alberto Razkin (Etx): 54:10
81.Asier Reparaz (Arb): 54:41
82.Arkaitz Munarriz (Etx): 54:42
99.Jose Javier Beregaña (Uhar): 56:35
100.Joseba Satrustegi (Arru): 56:36
101.Juan Larrea (Alts): 56:37
104.Jorge Holgado (Alts): 56:45
108.Iñaki Alvaro (Alts): 57:01
112.Noureddine Baba (Lak): 57:09
119.Juanjo Armendariz (Irañ): 57:44
134.Migel Lopez (Uhar): 59:09
137.Jokin Vilariño (Uhar): 59:29
149.Juan Martinez (Uhar): 1:01:59
167.Erkuden San Martin (Etx): 1:04:19
178.Jorge Martinez (Alts): 1:06:24
190.Maria Jesus Martin (Uhar): 1:24:15


Jendetza bildu zen igandean Beriainen, Uharte-Arakil-Beriain Kilometro Bertikala jarraitzera. Ikusleek ez zuten proba ikusgarria gertutik jarraitzeko aukera galdu nahi izan eta, eguraldia lagun, Beriaingo maldak zalez beteta zeuden, azkeneko eremu aldapatsuetan batez ere. Uharte Arakilgo Aralar Mendi Taldeak hainbat entitate eta babesleren laguntzarekin antolatutako proba guztiz arrakastatsua izan zen. Aurten 7. edizioa jokatu zen. Proba Kilometro Bertikalen Euskal Koparako baliagarria zen eta, horretaz gain, Nafarroako Kilometro Bertikalen Txapelketa erabakitzen zuen. Horren isla, aurten 200 parte-hartzaileen muga gainditu zen. 207 korrikalari zeuden izena emanda eta horietatik 197k hartu zuten irteera frontoitik. Erlojuaren kontrako proba da Uharte Arakilgoa, eta atera ziren lehendabizikoak lainoa topatu zuten. Baina Beriaingo malda gogorrak igotzerako eguzkiak jotzen zuen bete-betean.

Aitor Osa izan zen jaun eta jabe. Aurreko urtean berak ezarritako errekorra 27 segundotan hobetu zuen gipuzkoarrak (39:54), eta txapelduna izateagatik lortutako 300 euroei errekorra gainditzeagatik lortutako beste 300 euro gehitu zizkion. Joseba Larraldek (42:28) eta Iñigo Larizek (42:47) osatu zuten podiuma. Emakumezkoetan Laura Sola nagusitu zen (51:49). Solak ez zuen lortu 2013an Leire Agirrezabalak ezarritako errekorra gainditzea (49:47). Montserrat Vazquez (52:20) eta Virginia Perez (52:52) izan ziren hurrenak. Bigarrenek 150 euro jaso zituzten eta hirugarrenek 100 euro. Horretaz gain, Miren Ustarrozen Harbizi Eskulturak diseinatutako San Donato ermitaren erreplika jaso zuten saritutakoek.


Beraza sariz lepo, San Martin kontentu eta Sakana Bizirik Nafarroako onena
Beterano onena Jose Luis Beraza izan zen (45:35). Herriko proban zazpigarrena sailkatu zen Uharte Arakilgo semea, eta guztira sei aldiz igo zen podiumera: lehen beteranoa, lehen sakandarra eta lehen uhartearra izan baitzen. Nafarroako Kilometro Bertikalen Txapelketan Joseba Larralde txapelduna izan zen, Jose Luis Beraza txapeldunordea eta Mikel Rubio irurtzundarra hirugarrena. Gainera, Beraza Nafarroako lehen beteranoa izan zen. Emakumezkoetan Laura Sola, Edurne Vicente eta Cristina Fernandez gailendu ziren. Taldeka, Sakana Bizirik taldea izan zen Nafarroako Kilometro Bertikaleko talde onena, Txurregi bigarrena eta Uharte Arakilgo Aralar Mendi, Berazaren taldea hain zuzen, hirugarrena. Korrikalari sakandarrek maila bikaina dutela erakutsi zuten.


Emakume sakandar onena Erkuden San Martin izan zen (1:04:19). Sailkapen orokorrean 167.a sailkatu zen etxarriarra, emakumezkoen sailkapenean 13.a. Horretaz gain, Nafarroako Km Bertikalen Txapelketako beterano onena izan zen. Egindako lanarekin pozik zegoen. “Oso gogorra egin zait. Azkeneko puska geroz eta luzeagoa egiten zitzaidan, ez zen bukatzen. Gogorra da baina gustatzen zait. Aurreko urteko denbora hobetu dut eta ni horrekin pozik geratzen naiz. Goian fresko zegoen eta primeran, korrika egiteko aproposa zegoen. Gainera, jendearen gertutasuna izugarria izan da. Azkeneko puskan jende pilo bat zegoen. Oilo pikorra jarri zait” zioen etxarriarrak. Jose Luis Beraza ere pozik zegoen. “Ezin dut sinetsi ere zeinen ongi atera zaidan etxeko proba. Nire denborarik onena ia minutu batean hobetu dut. Uste dut zaila izango dudala 45:35eko denbora hau errepikatzea. Sei aldiz igo naiz podiumera eta oso kontentu nago. Jendearen animuak eta berotasuna eskertu nahi ditut, bai mendian eta baita herrian ere. Eta antolakuntzak eta boluntarioek sekulako lana egin dute. Ilusio berezia egin dit Harbizi Eskulturak sarietarako prestatutako San Donatoren erreplika jasotzeak. Oso polita da” adierazi zuen Berazak. Bestalde, Sakana Bizirik taldeko kideak oso pozik zeuden Nafarroako talde onenaren saria jaso zutelako.

26 sakandar
Orohar sekulako maila eman zuten korrikalariek, 37 korrikalarik 50 minutuaren azpitik egin baitzuten igoera. 26 sakandar aritu ziren guztira. Gizonezkoetan Jose Luis Beraza (45:35), Mikel Rubio irurtzundarra (45:50, bederatzigarrena) eta Aritz Munarriz (46:02, hamabigarrena) izan ziren azkarrenak. Eta, emakumezkoetan, Erkuden San Martin (1:04:19)eta Maria Jesus Martin (1:21:15).