Uhartearrak Iberoko hobian

Udala memoria historikoaren, berreskuratze, birgaitze eta errekonozimenduaren alde

Guaixe 2016ko uzt. 22a, 08:35

1936ean ezarri zen diktadura ekarri zuten ekintzak abiapuntu gisa hartuz horretarako konpromisoa hartu du. Hiru eraildakoak seme kuttun izendatu ditu.

Uharte Arakilgo Udalak 1936ko estatu kolpea salatuz eta memoria historikoa aitortuz aho batez adierazpena onartu zuen, EH Bilduren zinegotzien eta UPNko zinegotzi bakarraren (besteak urte bat darama udaletxetik agertu gabe) aldeko botoekin. Herenegun, egun seinalatuan onartu zuen udalak mozioa. Herenegungo egunez, duela 80 urte, Uharte Arakilgo alkate zen Silverio Astiz Lakunza atxilotu “bahitu eta familiatik urrundu zuten altxamendu faxista babestu zutenek”.

Hura, haren seme Silverio Astiz Ezkurdia eta herriko nekazari sozialista zen Victor Martirena Irañeta atxilotu eta espetxeratu zituzten, 1936 lastailaren 28an erailtzeko. “Erailak izan ziren herriaren aldeko konpromisoagatik eta Frankismoaren printzipioak ez onartzeagatik, desberdin pentsatzeagatik”. Hori guztia gogorarazten da Uharte Arakilgo Udalaren adierazpenean. Eta onartzen denez estatu kolpearen ondorioz “gure herrian hainbat errepresaliatu ekarri zituen, ilea bortizki moztutako emakumeak, kanporatutako maisuak, herriko aguazilak, Uharteko batzokia... Herritar askok errepresio frankista jasan zuten”.

Konpromisoa  
Udalbatzak nabarmendu du 1936an eraildako hiru uhartearrek “sekula” ez zutela epaiketarik izan eta, beraz, “ezin dugu esan exekutatuak izan zirenik, koldarki erailak izan zirela baizik”. Uharte Arakilgo Udalak memoria historikoaren, berreskuratze, birgaitze eta  errekonozimenduaren alde lan egiteko konpromisoa hartu du. Horregatik, “ahal dugun heinean, Iberon gorpuak hobitik ateratzeko egiten ari diren lanak eta identifikazio lanak babesteko konpromisoa hartzen dugu”.

Uharte Arakilgo udalak 36ko lastailean eraildako hiru uhartearrak seme kuttun izendatu nahi ditu hil eta geroko omenaldi gisa, “altxamendu frankistaren ondorioz bizitza galdu izana errekonozituz”. Aldi berean, udalak  “aipamen berezia egin nahi diogu  Silverio Astiz Lakuntzari, Uharte Arakilgo  alkate izan zenari, herritarrek libreki eta demokratikoki hautatu zuten eta herriaren alde lan egiteagatik, interes orokorraren alde egiteagatik ezaguna izan zen”. Azkenik, udalak “frankismoaren errepresaliatuen omenez gune bat sortzeko konpromisoa hartu du”.

Ekarpenak
Hiru eraildakoen familiei aipamena egin zien hasieran Ainara Aiestaran Ijurko alkateak. “Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiet, inplikazioagatik, elkarlanagatik eta gauzak errazteagatik”. Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen elkartearen lana ere nabarmendu nahi izan zuen alkateak.

Mozioa aho batez onartu bazen ere, UPNko Francisco Jose Fernandez Garciak altxamedu faxista beharrean estatu kolpea izan zela zehaztea eskatu zuen. Bestetik, aitortza bi aldeetako biktimei egitea gustatuko litzaiokeela gaineratu zuen, “ez bakarrik batekoak”. Bilkura gela publikoak bete zuen eta haietako batek ere “eskolan erakusten ziguten altxamenduarena kentzeko” eskatu zuen.

Beste uhartear batek aitortzen zerrenda luzatzeko eskatu zuen. “Aipatutako alguazilak. Izan zen beste udal langile bat gerrara bando nazionalera behartuta joan behar izan zuena eta bueltatu zenean  hura etengabe zirikatu zuten. Armadan izan zuen buruaren babesa eskatu behar izan zuen”.  Alkateak azaldu digunez, “bilketa lana egin beharra dugu. Nik uste dut horretarako uhartearrak prest daudela. Epe luzerako izanen da. Ez dut uste udazkeneko omenaldirako dena egonen denik”. Memoria gunean osatuko dute horrela.

Lastailak 29
Astizdarrak eta Martirena fusilatu zituztela 80 urte bete eta hurrengo egunean ekitaldia eginen da Uharte Arakilen. Udalak eta Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen elkarteak elkarrekin antolatuko dute. Omenaldi horretan seme kuttun izendatzen duen dokumentua emanen die udalak familiei.



Hiru hildakoak
Silverio Astiz Lakuntza 1877ko garagartzaroaren 20an jaio zen. Ramon eta Gregoriaren semea, Nicolasa Ezkurdia Garziandiarekin ezkondua zegoen eta seme bat zuen. 1931ko agorrilaren 16ko udal hauteskundeetan zinegotzi aukeratu zuten. Ondoren alkatetza hartuko zuen. 1932ko garagartzaroaren 19an, herriaren mandatuari so eginez eta herriaren ordezkari gisa,  Euskal Autonomia Estatutuari baiezkoa eman zion. Nekazaria eta UGTko kidea, alkatea zen, 59 urte zituela, atxilotu eta espetxeratu zutenean. 1936ko lastailaren 28an fusilatu zuten, Iberon.



Silverio eta Nicolasaren semea, Silverio Astiz Ezkurdia, 1915eko garagarrilaren 20an jaio zen. UGTko kidea zelako atxilotu eta espetxeratu zuten. 21 urte zituela hil zuten, aitarekin batera, 1936ko lastailaren 28an fusilatu zituzten, Iberon.



Victor Martirena Irañeta UGTko kidea zen. 26 urte zituela atxilotu eta espetxeratu egin zuten. Iberon erailtzeko atera zuten espetxetik.