Uharten 1936ko errepresaliatuei omenaldia

Duela 80 urteko errepresaliatutakoak gogoan

Guaixe 2016ko urr. 28a, 08:34

Iberon omenaldia egin zitzaien Zurbaon eraildakoei, tartean hiru uhartearrak.

Bihar, 13:00etatik aurrera omenaldia eginen da San Juan plazan. 14:30ean, herri bazkaria izanen da; 40 bat  pertsona elkartuko dira elkartean bazkaltzera.

Estatu kolpea babestu zutenek Silverio Astiz Lakuntza, Silverio Astiz Ezkurdia eta Victor Martirena Alegria uhartearrak erail zituztela gaur 80 urte bete dira. Efemeridea gogoan, Uharte Arakilgo Udalak, Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen taldearekin batera, frankismoak errepresaliatutako biktimen omenez omenaldia antolatu du biharko. Eta uhartear guztiak ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu.

Biharko omenaldia 13:00etan hasiko da. Ordu horretan 1936ko gertaerek ekarri zituzten errepresaliatuak gogoratzeko ezarriko den monumentua mustuko da. Miren Ustarroz eskultore uhartearrak egindako monumentua auzolanean muntatu dute herritarrek. Eraildako uhartear bakoitzeko idatzi bat izanen duela aurreratu dute antolatzaileek. Baina, hiru horiez aparte, errepresioa pairatu zuten uhartear guztiak gogoan izan nahi dituzte oroigarriarekin.

Identifikazioa
Iberoko Zurbao dermioan erail zituzten hiru uhartearrak. Aranzadi zientzia elkarteak egindako indusketari esker Victor Martirena Alegriaren hezurdura identifikatu zuten. Astiz aita-semeak identifikatzeko falta dira, DNA proben emaitzen zain daude. Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen taldetik azaldu dutenez, gorpuak agertuz gero etorkizunean senideekin batera beste ekimenen bat antolatzeko aukera legoke.

Bestalde, garilaren 20an egindako bilkuran Uharte Arakilgo Udalak aho batez, EH Bilduren eta UPNren aldeko bozekin, “memoria historikoaren, berreskuratze, birgaitze eta  errekonozimenduaren alde” lan egiteko konpromisoa hartu zuen, “beti ere, 1936ean ezarri zen diktadura  ekarri zuten ekintzak abiapuntu gisa hartuz”. Iberoko indusketak laguntzeko konpromisoa azaltzearekin batera, eraildako hiru uhartearrak herriko seme kuttun izendatu ditu Uharte Arakilgo Udalak, “altxamendu frankistaren ondorioz bizitza galdu izana errekonozituz”.