“Uste dut hemen mahats toki on bat galtzen ari dela”

Guaixe 2016ko aza. 11a, 08:29

Juan Jose Macias Perez, mahastiak dituen uhartearra.

1. Nondik mahastiak jartzeko ideia?
Lursaila 2009an erosi nuen. Asturiastik ekarritako sagardotarako 86 sagarrondo jarri nituen. Lurra soberan nuen eta 150 olibondo jarri nituen. Oso ongi hartu dute. Tokia zegoen oraindik eta mahastiak jartzea erabaki nuen. Lehenik mahats beltza, tenpranilloa, jarri nuen eta, gero, txuria, chardonnay.

2. Mahastiek ematen dute?
Biek ere oso-oso ongi ematen dute. Bi urte huts egin dut baina aurretik oso ongi eman dute. Garbi, gaitzik gabe heldu ziren. Landatu eta bizpahiru urtera mahats beltzeko 22 kiloko 36 kaxa hartu nituen (792 kilo). Eta txuriko 16 kutxa hartu nituen (352 kilo). Ez dakit zergatik, baina hemen mahatsak asko ematen du. Ni eguteran ditut, eta zoragarri ematen du. Zaindu beharra dago.

3. Eta hainbeste mahatsarekin zer egiten duzu?
Ardoa. Baina ezin dut saldu.

4. Zergatik?
Oso zaila da ardoa saldu ahal izatea. Saldu ahal izateko, administrazioan gauza pila eskatzen dizkidate. Deklaratzeko egin beharreko paperak urte batean ez dituzu egiten. Aspertu eta utzi egiten duzu. Interneteko forotan horren inguruko txantxak egiten dira. Batek 3.000 botila  ardo eginak zituen eta 3.000 lagun eginen zituela esaten zioten, ezinen zituelako merkatura atera.

5. Zer egin orduan?
Jendea animatuko balitz, mahastiak azkar produzitzen du. Kooperatiba bat idealena litzateke. Nik nire ardoa eman edo niretako ardoa egiteko mahatsa hartuko nuke eta gainerakoa kooperatibari ematen nioke. Horrela saldu ahalko nuke. Nik uste eskualdeko inork ez duela ardoa egiteko baimenik. Soilik etxerako, edo oparitzeko. Kooperatiba faltan sumatzen dut. Nirea ongi zainduta, 800-1000 kilo mahats izanen nuke. Hori da arazoa: zer egin hainbeste ardorekin? Uste dut hemen mahats toki on bat galtzen ari dela.

6. Mahastiak dituen beste inor ezagutzen duzu?
Irurtia irintarra. Uste dut harena txakolia dela.

7. Nolako ardoa da?
Filtratu gabe, ardo txuria garbi-garbia dago! Logroñora analizatzera eraman nuen eta ez iragazteko esan zidan, zaporea kenduko niola bestela. Beltzari ere ez diot ama kentzen. Ez du sagardoak bezainbeste ama, garbi dago.

8. Ardoa egiteko azpiegitura beharko duzu, ezta?
Mila litroko altzairu herdolgaitzeko ontzia dut, beltzarendako. Eta txuriarendako 700ekoa. Artzitzeko beste bi ditut. Prentsa.

9. Zein zainketa eskatzen dute mahastiek?
Nik ez diet botatzen, ez ongarri ez ezer; prebentziorako sufrea eta kobrea besterik ez. Mildiuak erasotuz gero tratatu beharko nituzke. Baina ez da gehien gustatzen zaidana. Aurten prebentzioa egitean kiloko poltsak hartu beharrean kilo erdikoak erabili nituen eta tratamendua eskas gelditu zen.

Aurten adar asko dituztenez entresaka egin eta batzuk kendu nituen. Mahatskiloak kendu nituen. Mahatsa kentzen egunak galdu nituen. Mahats bikaina atera da aurten. Ondua zegoen, baina bat-batean joan da. Eder-ederrak zeuden eta bat batean denak usteldu ziren, txoko bat izan ezik. Eta gero mahatsak sikatu dira. Hiruna kaxa hartu ditut. Ardo gorri bikaina egin dut, 80 bat litro.

Mahats txuria birigarroek jan dizkidate. Txuriko mahatskilo batzuk animali handiaren hozkada zuten, orkatzena. Mahats txikia da eta oso gertu dago. Estutuz gero denak lehertzen dituzu. Eta usteldu egin dira. Hegaztiak uxatzeko zer? Ordu erdika tiroa jotzen duen kanoia jartzea litzateke. Aurten lan egindako guztia, gastua, zeroan gelditu da. 80 litro.

10. Mahatsa bildu ondoren zein lan heldu zaizu?
Mahastiak igoak ditut eta lan gutxiago dut. Pasa den urtean bai izan nuela, forma eman behar izan bainien. Pixka bat kostatzen da. Zein hartzen dut. Zein adar ez zait zartatzen… Hori ez gertatzeko eskukatu egin behar dituzu, zurruntasuna galdu eta nahi bezala erabiltzeko. Bestela adarra alanbrera eramatea ezinezkoa da. Hostoa erortzen denean kimatuko ditut ardantzeak. Gero sufre eta kobre tratamendua emanen dut. Prebentzio gisa.

11. Eta olibondoak, zer?
Joan den urtean 60 kilo oliba jaso nituen eta oso arbola gazteak dira. Aurten asko hazi dira, eskas zeudelako, eta ez dute hainbeste fruitu eman. Batzuk manzanilla dira.

12. Noiz jasoko dituzu olibak?
Izozten hasi aurretik, bestela jateko diren olibak kaltetu egiten ditu izotzak. Oliorako balira ez litzateke ezer pasako. Nahikoa nuenez, joan den urtean olioa egin nuen, asko landu gabe eta asko galdu nuen. Aurten ez dakit 40 kilo jasoko ditudan.

13. Eta aurten zer eginen duzu?
Jateko prestatu. Olibaren mingotsa kentzeko, hemengo ura oso hotza denez, astero-astero ura aldatuz, lortzen duzu. Baina ustelkera gelditzen da fruitua eta ez dut gogoko. Ur aldaketa etengabe beharko luke, baina gastu handia da. Ez dut gustuko, baina lehenik soda kaustikoa botatzen diet. 24 ordutan baino gutxiagoan mingots hori kentzen zaio. Ondoren, baratxuriak, limoia, erramua, gatza eta beste bota behar zaie. Hilabete edo hilabete eta erdi ukitu gabe izan behar dituzu. Lurrezko tinan ahal bada. Edo plastikoa, baina zaporea ematen dio.

Oliba horiek hartzeko ezin da ez eskurik ez burdinazko ezer sartu. Azala gogortzen zaie. Beraz, plastikozko zalia erabili behar da hartzeko. Olibak, manzanilla.

14. Sagarrondoak ere aipatu dituzu.
Asko kale egiten ari dira. Duela bi urte haizete batek 60 bat bota zizkidan. Enborrak txikitu egin zituen. Adaburuak ahal nituen guztia kimatu nituen. Makilak jarri nizkien. 20 sikatu ziren. Beldur naiz. Lur asko dago eta euri asko egiten duenean behaztu egiten da eta haizeak buelta ematen die. Lurrera erortzea balitz, bale, baina bihurtzean enborraren bihotza hautsi eta sikatu egiten da.
Aurten ez dute ezer eman. Baina lursail hori beti mahasti eta sagarrondo tokia izan da.

Basa-mahastiak ere baditut. Hiruzpalau kontserbatzen ditut. Aurten batek mahatskilo beltz on askoak zituen. Txoriak joan dira.

Eskabusoek edo beleek madariondoetako fruituak jan dizkidate. Badakit mahatsa ez dutela ukituko, eta ez nuen erosi. Ongi ematen ari diren almendrondoak ere baditut. 30 gereziondo jarri nituen eta ez dira atera. Aurten hartzekotan nengoen eta beleek denak jakin dituzte. 30 intxaurrondo ere jarri nituen. Haien etsai nagusiak beleak dira, dena jaten dute. Beleek igel, zapo eta bitxo guztiak jaten ari dira. Birigarroek tomateak eta guzti jan dizkidate. Bakarrik ari naiz eta ahal dudan bitartean han segituko dut.

Erlazionatuak

San Donatoren magalean sortu du mahastia

Maialen Huarte Arano 2014 urr 10 Arbizu