San Donatoren magalean sortu du mahastia

Maialen Huarte Arano 2014ko urr. 10a, 09:45

Matias Rayo Arbizuko bere mahastian.

Matias Rayok mahastia du Arbizun.

1. Noiztik duzu mahastia Arbizun?
Duela zazpi urte hasi nintzen mahastiak landatzen. Bizilagun batek emandako eskeje baten bitartez sortu zitzaidan gaiaz gehiago jakiteko grina. San Donatoren magalean dut orain mahasti hori. Hasieran, erreka ertzean landatu nituen gutxi batzuk, orain, urrunago jarriak ditut.

2. Nola sortu zitzaizun ideia?
Bizilagunak eskejea ematearekin batera, interesa piztu zitzaidan mahastien munduarekin. Ikertzen hasi nintzen gaiaz, interneten begiratu eta liburuetatik informazioa eskuratzen ere bai. Zaletasun asko izan ditut nire bizitzan eta aldatuz joan dira. Duela zazpi urte, hauxe hartu nuen denbora pasa moduko, eta horretan nabil orain.

3. Sakanako klima egokia al da mahasti bat izateko?
Ez da onena, baina, mahastiak kalitate eta kantitate gutxieneko bat emateko aukera badago. Hezetasun gehiegi du lurralde honek, eta haizea zakar dabilenean ere ez da egokiena mahastientzako. Dena dela, badira toki eguzkitsuak eta horietan landatuz gero, uzta politta jaso daiteke.

4. Zure mahastiaz gain, Sakanan ba al da besterik?
Nik ezagutzen dudanetik, bada bat. Irañetan, nahiko toki zabala eskainia diote mahastiari. Dena dela, badira hilabete batzuk zaindu ez dutena eta ez dakit dagoeneko jarraituko ote duten mahastia zaintzen. Esan beharra dago, informazio bilketan ari nintzela, dokumentu batean baino gehiagotan topatu dudala hemen inguruan, Sakanan, egon bazirela mahastiak duela 25-30 urte. Ez dute uzta ikaragarri handia ematen, baina, aproposa da mahasti txikietarako.

5. Zer nolako mahatsa da mahastian duzuna?
Lau motatako ardoak egin izan ditut nik mahasti honek emandakotik: ardo txuria, txakolina, ardo beltza eta ardo gorria. Bakoitzak bere moduak ditu lantzeko, zaintzeko eta bukaeran zukua ateratzeko. Bakoitzak gero ere, emaitza bat du zapore aldetik.

6. Lan handia ematen al dizu mahastiak?
Mahastia zaindu egin behar da. Urte osoan gainean egon behar da, dedikazioa behar du. Urtaro guztietan egin behar izaten zaio zerbait: neguan kimatu, udaberrian loreak ongi hazten zaizkiola zaindu, udan eguraldiaren arabera tratamendua eman eta udazkenean da uzta jasotzeko garaia. Horren ondoren ardoa egin behar da.

7. Zu bakarrik aritzen al zara?
Gustuko dudalako egiten dudan lana da eta normalean bakarrik aritzen naiz bai. Dena dela, badira garai batzuk lan mordoa pilatzen dena, batez ere mahatsak bildu behar direnean. Orduan laguntza ere izaten dut, familia izaten da horretarako.

8. Hezetasun handia izaten da Sakanan. Horrek eraginik badu?
Hezetasunak ez dio onik egiten mahastiari. Horregatik, ni ibai hertzean hasi banintzen ere, berehala konturatu nintzen toki aproposa ez zela. Hezetasunak gaixotasunak sortzen dizkie mahatsen landareei eta behin eritasuna agertzen dela, ez dago ezer egiterik. Horregatik, kontrolpean izan behar da eta eguraldiarekin tentuz ibili.

9. Prozesu guztia egiten duzue. Ardoa ere zure esku.
Bai. Landatzen hasi nintzenean argi nuen prozesu guztia egitea lortu nahi nuela. Hori zen erronka. Esan eta egin. Tresna mordoa dut ardo lanketarako. Asko ikasi dut. Mahatsa noiz jaso behar den jakiteko ere tresneria berezia dut. Behin jasotakoan, badakit nola bereizi mahatsa eta baditut behar adina edukiontzi guztiak pilatzeko.

10. Zuen helburua ez da ardoa saltzea, etxerako egiten duzue.
Bai, noski. Etxerako beti ongi etortzen da. Mahasti txikia dut, hedadura gutxikoa. Ardo txuri eta txakolinarekin 125 ardo botila egin ahal izanen ditut eta ardo beltzarekin beste horrenbeste.

11. Ardo goxoa egiteko, zein da gakoa?
Dudarik gabe mahatsa ontzean dago gakoa. Oso garrantzitsua da unean-unean jasotzea. Ez lehenago ez beranduago. Asko kontrolatu behar da zenbateko azukrea duen mahatsak, horren araberakoa izanen delako gero alkohol kantitatea.