1. Zer ikusi daiteke zuek argitaratutako egutegian?
Batez ere, Uharteko ondarea argazkietan. Denetariko ondarea: paisaiak, zuhaitzak, kobazuloak, iturriak, zubiak… dugun dena, argazkitan. Uharteko natura- eta material-ondarea bildu nahi izan dugu.
2. Eta argazkiak zeinek egin ditu?
Uhartearrek. Argitaratu aurretik argazki lehiaketa antolatu genuen. Jendeak argazkiak aurkezteko aukera izan zuen. Epaimahai batek baliagarrienak aukeratu zituen.
3. Jendeak parte hartu zuen?
Bai. Lehen urtea zen eta gutxik parte hartuko zutenaren beldurra genuen. Baina ongi atera da. 70 bat argazki aurkeztu ziren.
4. Zein izan zen saritua?
Saria Javier Restitutok irabazi zuen zubiaren argazki batekin. Abendua ilustratzen du argazkiak. Egutegian argazkiarekin batera, haren izenburua eta egilea zein den aipatzen da. Gainontzeko hilabetetakoak honakoak dira: ilbeltza, Txuma Gorritiren Aralarko santutegi elurtuaren argazkia; otsaila, Antonio Uharteren Etxabeko jentilen leizeko estalagmitena da; martxoa, Ruben Uharteren Rodrigoenekoa edo Dorgonnekoa etxeko safaie; apirila, Jokin Uharteren San Bartolome ermita; maiatza, Hasier Beltzaren harridun zuhaitza; garagarzaroa, Juan Carlos Lakuntzaren ardoa edateko katiluak; garila, Iñaki Retegiren Artzabalgo trikuharria; agorrila, Luis Maciasen Zamartzeko argazkia; iraila, Miren Uharteren Mugerriko zubia; lastaila, Blanca Fernandinoren ate zaharreko eguzkilorearen irudia eta, azaroa, Borja Lopezek Berian magaleko Olabekotadiko Fanfernadonarri edo erdi egina dagoen errotarria.
5. Epaileek zein irizpide izan dituzte kontutan?
Nahita ez Uharteko ondarea izan behar zuen. Ahalik eta gehien zabaltzeko egileak ez errepikatzea nahi genuen.
6. Dagoeneko kalean?
Duela bi aste kaleratu genuen. Aldi berean, taberna guztietan jarritako erakusketa mustu genuen. Bi astez jarrita egon da eta arrakasta handia izan du. Orain, ilbeltzaren 8ra arte Aralar Mendi elkartean dago ikusgai. Jendeak egutegia oso ondo hartu du ere. Oso harrera ona izan du. Pozik gaude.
7. Non eskuratu daiteke?
Uharteko ia taberna eta denda guztietan daukagu salgai.
8. Nolaz animatu zarete estreinakoz egutegia egitera?
Betikoa. Taldearendako diru apur bat biltzeko beharra izan genuen. Ideia hau sortu zen. Egokia iruditu zitzaigun, aukera ematen zuelako diru apur bat biltzeko eta, aldi berean, ondarea ezagutarazi eta jendearengana hurbiltzeko balio duelako.
9. Herria gai hartutako egutegirik egin da aurretik Uharten?
Duela bi eta hiru urte jubilatu elkarteak Uharteko argazkiekin egutegiak argitaratu zituzten. Antzeko zerbait egin zen, baina erakusketarena eta, ez. Beste gauza garrantzitsua da taldeak egin duen lan bat: atzeko aldean argazkien azalpen txiki bat jartzearena. Egutegian zein argazki argitaratuko ziren ez genekien eta jakin genuenean oso azkar egin behar izan genuen. Ikerketa egin behar izan dugu.
10. Uharteko ondarearekiko kezka nondik?
Denetarako jendea gaude eta herriko ondarearekin interesa dugun batzuk bildu gara. Duela bi urte hasi ginen biltzen, bordak mantentzeko. Bizpahiru borda daude eta nahiko egoera txarrean zeuden. Zaintze aldera, biltzen hasi ginen. Larrak eta dena garbitu genuen. Teila berriak jarri, zuloak estali, dena txukundu. Hori gure hasiera izan zen. Ildo horretan segitzea da gure asmoa, ez bakarrik bordekin, baizik eta trikuharriak, asko estaliak daudelako. Mendiko lan batzuetan eskabadora batek trikuharri bat hondatu zuen. Gauza horiek saihesteko taldea sortzea pentsatu genuen, babesten saiatzeko.
11. Uharteko ondarea nola definitzen duzue?
Herriak duen ondarea ez da txikia! Pentsa, historiaurretik dator. Barruan trikuharriak, zutarriak, kobazuloak eta halako gauzak gaur egunera arte: zubitxoak, iturriak, etxeak… Dena biltzen saiatu behar dugu.
12. Zenbat zarete?
Sei bat antolakuntzan. Gero, mendian gauzak egin behar ditugunean, jendearen laguntza dugu. Ideia da gure taldean zer egin daitekeen pentsatzea eta gero auzolanean egin. Nahi duenak etortzea du.
13. Egutegia bai, baina heldu den urterako planik?
Egutegia eginen dugu, ez dakigu gai honekin edo gaia aldatuta. Arrakastatsua izan da. Bestela, nahiko espontaneoa da dena. Etorri ahala pentsatzen ditugu gauzak. Hala ere, hasteko, Uharteko ondare guztia katalogo batean biltzeko helburua dugu. Behintzat, jakiteko zer non, zein egoeretan dagoen ikusi eta zer daukagun jabetzeko. Katalogatu eta gero guk zer egin dezakegun, ikusiko dugu.
14. Lehentasunak markatu eta lehenik non eragin?
Hori da. Lehen esan bezala, bordekin hasi ginen erortzeko arriskua zutelako. Hori ahalik eta azkarren konpontzekoa zen. Nik uste dut trikuharriekin segida emanen diogula, nahiko egoera txarrean daudelako batzuk. Sasiak garbitu, eta ahal bada, Vianako Printzea erakundeak uzten badigu, hesitu eta ongi markatu jendea autoekin eta nola nahi ez pasatzeko.
15. Nafarroako GobernuarenVianako Printzea erakundea aipatu duzu. Udalak ere baimendu beharko du. Erakundeekin harremanetan jarri beharko duzu, ezta?
Gauza bat da guk eginen genukeena eta beste bat da egin dezakeguna. Baimenak, laguntzak eta dirua, gauza batzuk garestiak direlako.
16. Zuek ez badituzue egiten, lana aurreratu eta administrazioak egin dezala?
Hori da. Horregatik, katalogoa egitearena. Behintzat jakin non dagoen eta zer arazo duen, gero errazagoa da udalari jakinaraztea egoera txarrean zer dagoen eta babestu beharra dagoela.