Victor Martirena Alegriak 22 urte zituela atxilotu zuten 1936ko estatu kolpearen ondoren. Pintaketak egitea eta errepublikaren bandera frontoian jartzea leporatuta preso eraman zuten Iruñera eta handik Iberoko Zurbao parajera eraman zuten, fusilatzera. 1936ko lastailaren 28an izan zen, duela 81 urte. 2015eko abenduan hobitik atera eta hurrengo urtean identifikatu zuten arte ez zen bere berri gehiago izan.
Larunbatean Martirenari azken agurra emateko ekitaldia hartu zuen Uharte Arakilek. “Herri honendako ez da poz egun bat, ezta gu senideondako ere ez. Gaurkoa Martirenaren gorpuzkiak merezitako atseden duina izateko eguna da. Bere garaian erakundeetako arduradunek uko egin ziotena, 2007ko abenduaren 26an onartutako Historia Memoriaren Legea bete gabe, justizia administratzean beste aldera begiratzen zuten”. Hermogenes Goñi Martirenak esandakoak dira, bere osabaren gorpua zuen kutxa hartu eta gero.
Goñik galdetu zuen: “Frankismoaren biktima izan ziren hauek Espainiako Konstitutzioko zein artikuluk lagundu eta babesten ditu? Errepublikaren alde egiteagatik biziarekin ordaindu zuten. Euren konstituzioa zena Francoren sedizioak eta errebelamenduak deuseztatu zuen”. Goñik Espainiako Gobernua salatu zuen: “Gerra Zibileko biktimen eta haien familien aldeko inolako aurrekonturik edo laguntzarik ez du eman. Laguntzarik eta babesik gabe, ahaztuak segitzen dute ezpondetan eta hobi komunetan, inor haietaz gogoratuko den zain, gorpuzkiak ateratzeko, identifikatzeko, gorpuzkia familiari bueltatzeko eta ehorzketa duina izateko”. Hori guztiak Konstituzioaren 155. artikuluko C apartatuan jasoa dagoela gaztigatu zuen.
Ekitaldian parte hartutako pertsona eta erakunde guztiei esker ona azaldu zien Goñik. Gogoan izan zituen Silverio Astiz Lakuntza alkate izandakoa eta haren seme Silverio Astiz Ezkurdia uhartearrak. Biak fusilatuak ere, baina gorpurik agertu ez dena. Euren senideei “babesa eta elkartasuna” adierazi zien. Osabari, “askatasunaren zerbitzari leiala” izateagatik eskerrak eman zion eta bakean atseden hartzea opa zion. Ondoren, Seme-alaben plazan elkartutako guztiak hilerriko bidea hartu zuten, han azken agurra emateko.
Ekitaldian esandakoak
Ainara Aiestaran Ijurko Uharte Arakilgo alkateak ekitaldira hurbildu ziren guztiei eskerrak eman zizkien. Hildakoari zuzenduta etxera bueltan zelako ongi etorria egin zion. Hori posible egin zutenei eskerrak eman zizkien Aiestaranek; Nafarroako Gobernuari, “hainbeste eta hainbesteren eskubideen errekuperazioan lan egiten hasteagatik. Haiei esker dugu gaur egungoa”. Foru administrazioari ildo berean lan egiten segitzeko eskatu zion. Aranzadi zientzia elkarteak “egiten duen lan handia eskertu” zuen, “zuen lanari esker gaur hemen Martirena zena dugu”. Eraildakoaren familiarendako, “eta, bereziki, Goñirendako” esker oneko hitzak izan zituen. “emandako babes guztiagatik eta lana erraza egiteagatik”.
Osaba berreskuratzeagatik familia zoriondu zuen. Azkenik, alkateak esan zuen: “euren senideen bila dauden familia asko gelditzen dira. Egun batean lapurtu zieten duintasuna berreskuratzen saiatzen ari direnak”. Haiei “babesa, animoa eta elkartasuna” adierazi zien eta lanean segituko duela jakinarazi zuen. Izan ere, Astiz aita-semeen gorpuak berreskuratzea falta da.
Ana Ollo Uhalde Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariarendako larunbateko moduko ekitaldiak “errekonozimendu eta erreparaziorako bidean ezinbestekotzat jo” zuen. Eraildakoaren familiari eskerrak eman zizkien kontseilariak “memoriaren garra piztua mantentzeagatik eta senidea opatzeko desioa ez baztertzeagatik”. Izan ere, gorpua familiari emateko ekitaldiarekin “gobernuak biktimek Egia, Justizia eta Erreparazioa lortzeko duten eskubideari erantzuteko aukera berria” izan zuelako. Ollok esan zuenez, “biktimei kasu egin, gizarte justuago bat eta etikoago bat eraikitzerakoan memoriak paper garrantzitsua jokatu behar duenaren uste osoarekin. Iraganari begirada kritikoa, gertakari izugarri haiek etorkizunean berriro ez gertatzeko berme izan dadin”. Kontseilariak “giza eskubideak urratzen dituzten indarkeriazko gertaerak berriro ez errepikatzeko” lan egitera animatu zuen.
Ollok “memoriatik, elkarbizitza erreala eta bidezkoa lortzeko helburuz lan egitera” deitu zuen. Kontseilariak, bestalde, ekitaldia “1936ko estatu kolpearen ondorioz eraildakoen printzipioen balioa aitortzeko unea” zela nabarmendu zuen. Gobernuak memoriarekin duen konpromisoa berretsi zuen Uharte Arakilen. Aldi berean, aitortu zuen gobernuaren lanak familia eta memoria elkarte askoren egitekoan duela oinarria. Aurreko ostiralean aurkeztutako Memoria Institutuak “memoria politika publikoak koordinatzeko proiektua” dela nabarmendu zuen.
Aranzadi zientzia elkartearen izenean Lurdes Errastik hartu zuen hitza eta han Martirenaren gorpua izateaz zoriona adierazi zuen. “Baina ez da beti lortzen. Iberon 2015eko abenduan egindako indusketan, lehenengo hobian zegoen. Baina zoritxarrez berarekin batera zihoazen herri honetako bi semeak ez genituen opatu”. Errastik nabarmendu zuenez, “saiatuta ere, beti ez da lortzen” gorpuak berreskuratzea. “81 urte pasa dira eta denbora horrek kalte handiak eragin ditu hobiak dauden tokietan eta pertsonen memorian. Baina kasu honetan pozik gaude Martirena berriro ere bere herrira ekartzeagatik”.