Hamabigarren aldia izanen da poesiak Uharte Arakilgo Donibane jubilatu elkartea hartuko duena. Olerki errezitaldian lau poetek parte hartuko dute aurten: Mercedes Viñuelak, Cristina Lisok, Inma Biurrun eta Blanca Arrizabalaga. Azken hori, uhartearra, da errezitaldiaren sustatzailea. Un espejo de mis sentimientos liburua argitaratua du (2003) eta etziko emanaldian hango olerkiak eta berriak tartekatuko ditu; maitasuna, ama, erlijioa, krisia edota natura hizpide duten sorkuntzak dira.
Uharteko poesia hitzorduan aski ezaguna da Mercedes Viñuela, behin bakarrik huts egin duena. Iruindarrak Versos de mi otoño (Asociain EOS Barbarin, 2015) eta Mi vida como un río (Auto-ekoizpena, 2006) liburuak argitaratu ditu. 15 poesia antologiatan parte hartu du. Bere lanak Nafarroan, Bartzelonan, Madrilen, Andaluzian, AEBn eta Argentinan sarituak izan dira. Aluzema y Agradir, Luces y sombras, Lanzábal aldizkarietan eta La Vanguardia egunkarian ere argitaratu du. Gurutze Gorriaren literatur solasaldien moderatzailea ere izan da. Hainbat literatur sariketako epailea izan da ere. 2002 urtetik Nafarroako Ateneoko Angel Urrutia eta Lizarraldeko Poetak taldeetako kide da. Igandean maitasuna, bakardadea, itxaropena, denboraren pasa eta heriotza izanen ditu hizpide.
Joan den urteko estreinakoaren ondoren, Inma Biurrun bigarrenez ariko da Uharte Arakilen. Iruindarra irakasle jubilatua da, Irurtzungo eskolan aritua, eta ikasleekin poesia lantzea eta hura maitaraztea garai hartako lorpen handitzat du. Angel Urrutia olerkari taldeko kidea da. Río Arga, Constantes Vitales edo Hela aldizkaritan argitaratu ditu bere poesiak. Haikunversaciones taldeko beste kide batzuekin batera Vientos de haiku liburuko egileetako bat izan zen. Gerora Bambú 100 haikus liburuan parte hartuko zuen. Haikuen, Japoniako poesia horren inguruko tailerrak eman ditu. 2015ean eta 2016an antologia banatan argitaratu zen Biurrunen obra. El jardín que sembraste (2016, Vitruvio) liburua argitaratu zuen.
Aurreneko aldia du Uharten Cristina Liso Aldazek. Angel Urrutia poesia taldeko kidea da. Bai bera baita gainontzeko olerkariak Mikel Auzmendi gitarra-jole etxarriarraren laguntzaz errezitatuko dituzte euren poemak.