Aralarko galdetegia erantzunen zain

Guaixe 2018ko uzt. 20a, 08:52

Arkeologia-indusketan lanean.

Hirugarren urtez jarraian arkeologia-indusketa egiten ari dira Aralarko santutegi inguruan. Horma batzuek erantzun asko eman ditzakete. 300 bat gorpuzkien azterketa antropometrikoa eta kimikoa eginen dute ere.

Aditu arkeologia taldekoak Aralarrera garagartzaroaren akaberan iritsi ziren eta santutegi ondoko ostatu zaharrean hiru laborategi muntatzea izan zen haien aurreneko egitekoa. Haien buru Fran Valle de Tarazaga Montero (indusketa eta ikerketa arduraduna) eta Emma Bonthornek (osteoarkeologoa, hezurduren arduraduna) dira. Aditukoak eta ikasleak arkeologia lana egiten garilaren 5ean hasi ziren. Agorrilaren akaberara arte izanen dira Aralarren. “Beti kanpaina luzeak egiten ditugu. Horren arrazoietako bat eguraldia da, badakigulako 10-15 egun lanerako txarrak izanen direla. Horrela, aurreratzeko beharrezkoak diren egunak ziurtatzen ditugu”. Beraz, eguraldiak laguntzen badie, gehiago aurreratuko dute. Eta, bestela, laborategi ikerketari helduko diote.

Bi hilabeteetan 30 bat pertsona ariko dira arkeologia-indusketan lanean. Adituko sei kide eta boluntarioak eta beste arkeologo batzuk izanen dituzte aldamenean. Aurten etorri diren ikasleak indusketan ariko badira ere, batez ere laborategi lana eginen dute. Besteak beste Txinatik, Kanadatik, Erresuma Batutik, AEBtik edo Australiatik etorritako ikasleak ari dira Aralarren trebatzen.

Helburuak
Zamartze eta Aralar artean bederatzitan egon dira Aditu arkeologia lantaldeko kideak, eta haiekin ikasten munduan barnako hamarnaka ikasle. Bi helbururekin etorri dira Aditu arkeologia lantaldekoak Aralarrera aurten. Batetik, joan den urtean elizaren ipar aldera opatutako pareten inguruan ari dira lanean. Jakin nahi dute eraikuntza horrek zein funtzio zeukan. Eta, bestetik, denboraldi bat identifikatu nahi lukete, lantza edo arma zauri arrastoak dituzten gorpuzkiak garai hartan kokatzeko. Haietaz gehiago jakiteko. Aurreko bi urteetan opatu ez badituzte ere, ez dute baztertu, esaterako, X. mendea baino lehenagoko arrastoak opatzea.

Indusketa-buru Fran Valle de Tarazaga Monterok esan digunez, “litekeena da aurtengoa azkena izatea. Lehenengoan ere esan genuen. Azkenean, urte bat izan behar zena hiru dira. Aurreneko urtean ez ginen hilerriaren ondoraino iritsi. Bigarrenean horma interesgarriak agertu ziren. Vianako Printzearen arkeologia sailekoekin hitz egin eta gero, haiek gehiago segitzea eskatu zuten, bestela ikertu gabe geldituko baitzen. Eta beste helburuetako bat santutegiaren historia gehiago ezagutzea zen”.

Indusketa-lanekin batera laborategi lana eginen dute ere. Orain arte opatutako gorpuzkien antropometria-azterketan ahalik eta gehien aurreratu nahi dute, uda akaberan kimika-azterketak azkartzeko.



Aurtengo indusketa
Elizaren iparraldean hilobi baten pareta ikusi zuten joan den urtean. Larratekoek 2009an ere opatu zituzten gorpuzkiak. “Baina ez ditugu aterako. Bakarren bat kasualitatez opatzen ez badugu behintzat. Espazio eta garai guztietako nahikoa gorpuzki ditugu”.

Elizaren iparraldean joan den urtean agertu ziren hormak berriro agerrarazi dituzte eta beheraka zulatzen ari dira. Ipar-hego orientazioa duen eta 80 cm zabal dituen horma bat agertu zen 2017an. Hari perpendikularki jarritako bi kontra-horma daude. Aurreneko harriak ongi eskuairatua daude, beste biak ez eta, gainera, ez dute morterorik.

Behera zulatzean “zer gertatu zen jakin nahi dugu. Susmoa dugu horma horiek informazio asko eman diezaguketela. Lehen mendeetakoa edo, gutxienez, X. edo XI. mendekoak. Berritze handietarako trantsizioa. Ongi legoke, Erdi Aroko azken etapako eliza besterik ez baitugu ezagutzen”. Mendebalderantz ateratzen diren kontra-hormak geroago eraiki zirela, “horma berrerabiltzeko” izan zela esan digu Valle de Tarazagak. U itxurako egitura osatzen dute paretek eta inguru horretan joan den urtean “indarkeria-jardun baten zantzuak” opatu zituzten, urtutako zilarra eta beste.

Mendiaren berezko harriraino zulatu nahi dute. “Zulatzen ari garen tokia eliza ondoko puntu altuena da. Bukaeran sorpresa izan dezake”. Izan ere, inguru horretan estratigrafia metro bat baino gehiago jaisten da. “Horren arrazoietako bat hormak lirateke. Sendoak eta oso altuak izan balira, haizeak ekarritakoak geldiarazi eta hor bukatzen zuten”.

Aurreko garai bateko zerbait opatzeko “pista ona” izan daitekeela gaztigatu du Valle de Tarazagak: “litekeena da IX. eta X. mendeetako jendeak hemen zapatzen zuen zorua egungoa baino beherago egotea. Agian ez dugu santutegiaren aurreko edo hasierako garaietako arrastorik opatzen ondorengo Erdi Aroko arrastoek zigilatuta daudelako. Zorte handia litzateke hori opatzea. Hasierako helburua zen”.

Aditukoak harrituta daude XI. eta XII. mendeen aurreko ezer ez opatzeagatik. “Zerbait egon behar du, ziur”. Arrasto horiek biziraun duten esperantza dute. Elizaren absidearen ondoan zegoen hilerrian “sedimentazioa askoz ere eskasagoa zen. Egiturari dagokionez, XIII. eta XIV. mendeari dagozkionak opatu genituen”.

Hormen ikerketak “Aralarko santutegia XI., XII. mendeetan, edo pixka bat lehenago, nolakoa zen berreraikitzen lagunduko digu. Suposatzen dugu XIII. mendeko, eta agian XIV. mendeko gatazken ondoren, Aralarrek nahikoa sufritu zuela. Baina gero egonkortu egin zen. Horrek esan nahi du ziurrenik defentsak ez zituztela beharrezkotzat joko, defentsak erabiltzeari utziko ziotela eta espazioak birkokatu zirela. Baina, ondoren, espazio horietako batzuk suntsituta zeudela eta arma arrastoak zeudela opatu dugu. Beraz, posible da ondoren egiturak defentsa gisa erabiltzen ez baziren ere, erasoak jaso zituztela. Guztia 1512ko Nafarroako konkistarekin bukatu zen, muga izateari utzi baitzion”.  

Laborategiak
Baina ikasleak ez dira soilik indusketan ariko. “Joan den urtean baino laborategi gehiago prestatu ditugu, gorpuzkiak bertan aztertzeko”. Ikerketa buruak esan digunez, “ahalik eta gorpuzki gehien prozesatu nahi ditugu. Hiru laborategi dituzte eta bakoitzean lantalde bat ariko da. Zamartzen eta Aralarren opatutako 190 bat gorpuzki osoen azterketa antropometrikoa egiten dute: adina, altuera, traumatismoak, izan zitzaketen gaixotasunak… Hilobiak berrerabili egiten zirenez, ohikoa da solte gelditu diren hezurrak opatzea eta halako guztiak, dagoeneko, aztertu dituzte, “nahiz eta eskeleto  oso batek adina informazio emateko gaitasunik ez izan”.  

Joan den urtean hasitako lana aurten despeditu nahi lukete, uda eta udazkena bitartean. Azterketa antropometrikoaren ondoren, azterketa kimikoaren txanda izanen da. Horretarako, lantaldeko aditua etorriko da. Lan horiek heldu den urte hasierarako despedituak nahi lituzkete. Ondoren memoria idatzi eta Uharte Arakilen aurkezpena eginen lukete. Gainera, aldizkarietan artikuluak argitaratuko lituzkete.



Laborategiko lana
Arkeologia-eskola denez, “indusketan ari diren gazteak beti lan bera egiten ez egoteko, lantalde batetik bestera pasatzen dira, hainbat lan egin eta hainbat arlotan eskarmentua izan dezaten”. Inolako azterketa egin aurretik gorpuzki guztiak garbitu eta prozesatzen dituzte. Hezurretan itsatsia gelditu daitekeen lurra kentzeko ura eta haurrendako hortz eskuila erabiltzen dituzte. Ondoren lehortu eta egoki etiketatutako poltsetan sartzen dituzte. “Gehienak garbi daude, gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen. Udan despeditu nahi dugu”.

Laborategi bakoitzean mahai handi bat eta argi zuria jarri dituzte azterketa antropometrikoak egiteko. “Gorpuzki guztiek fitxa zehatz bana dute”. Lehenik, identifikatu egiten dituzte. Ondoren, gorpuzki bakoitzaren inbentarioa egiten da, bakoitza zenbat hezurrez osatua dagoen. Hurrengo pausoetan zehazten dira: generoa, hil zenean zenbat urte zituen, bizi zela zein altuera zuen, hortzen informazioa (gertatu zaienaren inguruko informazio handia ematen dute hortzek) eta traumatismoa (kolpeak) eta patologia (gaixotasunak) arrastoak dituzten begiratzen dute. Lan horiek eginda gorpuzki bakoitza prestatu duten argazkilaritza-estudio batera eraman eta han eskeleto bakoitzaren argazkiak egiten dituzte. Irudiak publikatzeko eta artxiborako izanen dira.  

Antropometria-azterketa despeditu ondoren, azterketa kimikorako lagin bat ateratzen diete, gorpuzkiak poltsetan sartu aurretik. Azterketa kimikoak uda akaberan eginen dituzte. “Isotopo analisiarekin jakin ahal izanen dugu haien dieta, zein eskualdetik heldu diren, bakarren bat kanpokoa ote den…” Valle de Tarazagak esan digunez, “interesgarriena zertaz elikatzen ziren jakitea da. Garai hartako populazioaren profila ezagutzeko oso interesgarria izanen baita”.

Ikasleek segitu beharreko metodologiaren berri ematen duen gida-liburua dute eskura. Valle de Tarazagak esan duenez, azterketa prozesuan ikasleek hainbat teknika ikasten dituzte eta “haiendako aberasgarria da. Horrek gure ikerketa hain sakon eta zehatza izaten laguntzen digu, metodologia bakarra erabili beharrean hainbat konbinatzen ditugulako”.



Perimetroa
Santutegiaren eremua inguratzen duen zirkulu erdiko egitura bat atzeman zuten joan den urtean, lurra “hozkatuta” balego bezala zegoela ohartu ziren. Elizaren inguruko muga borobil bat. Elizaren eta kofradia etxearen mendebaldera zulatuta egindako oinarri bat ikusi zuten. Oinarri horren gainean pareta bat dago, lurrari itsatsia dagoena, “muga bat markatzeko”. Iparraldean efektu bera lortzeko haitza tailatuta dago, forma emanda dago. Temenos izena duen egitura litzateke, santutegiari eskainitako espazio erreserbatu bat.

Hori guztia argitzeko, aurten beta izanez gero, arkeologoek lagin zuloak egin nahi dituzte, euren susmoak zehaztu ahal izateko. Indusketa buruak aitortu duenez, “temenos izena erabiltzea baieztatu arte, nahiko ausarta da. Oso gutxitan dagoelako. Sakratua markatzen ez badu, legalki elizaren jabegoa markatzen du. Elizak agintea zuen eremua. Han lege kanonikoa zen indarrean, bestaldean zibila”. Aita Burgik 1774ko deskribapenean dio Artxueta magalean komunitate edo herrixka baten arrastoak ikusten zirela.

Ikerketaren ondorioez
Indusketa buruak aitortu du gorpuzkiak “informazio handia ematen” ari direla. “Eta gehiago ematea espero dugu, ikertzeko asko gelditzen zaigulako”. Zehaztapena egin digu: “informazio horren balioa kopuruak ematen du. Ez da 10, 15, 20 gorpuzkitan oinarritutako azterketa. 148 hezur solte eta 190 bat hezurdura oso dira. Eremu zehatz bateko 300 bat gizabanako. Estatistika egiten dugunean ematen digun informazioa oso fidagarria da”. Guztia duela 500 edota 800 urteko pertsonen bizitza berregiteko. “Ia ez dugu daturik, Nafarroako Erresumako dokumentuak salbu. Eta hemen datu frogagarriak eta errealak izanen ditugu. Ez da historialari baten interpretazioa, edo errege-kronista baten interpretazioa. Parez pare ditugun pertsonen bizitza da”.

Historia idatziko duten galdetuta, baiezkoan da Valle de Tarazaga. “Gorpuzkien azterketaz aparte, indarkeriagatik sortutako trauma arrastoak daude hezurretan, hainbeste arma opatzea, Erromatar garaiko Zamartzeko suntsiketak… Dena elkarrekin jarri, eta narrazio eran jartzean, historia oso osatua emanen dugula uste dugu. Berritasun handiekin. Ezezagunak ziren elementu asko: merovingioen presentzia, Zamartzeko mansioa bitan suntsitu zela, oso erromatarra zen populazio bat egotea… Gaur egun halakoak, edo susmoak dira, edo ez ditugu buruan. Sakana duela 1.000-1.200 urte nolakoa zen jakiteko ekarpena egitea pozgarria da guretako”. Aditukoek euren lan-bizitzako ia 10 urte “inbertitu dituzte” horretarako.

Suposatzen da arkeologia-lanak aurten despedituko direla, “baina ez naiz ausartzen % 100ean esaten. Baina pentsatzekoa da aurtengoa azkena izanen dela”. Euren asmoa da publikazioak, artikuluak sortzen hastea eta “zientzia edo arkeologia arlo hutsetik aparteko hitzaldiak ematea, orduko jendearen egunerokotasunari buruzkoa, gauzak hemen nolakoak ziren azaltzeko”.

Bestetik, Nafarroako zientzia-korpusari ekarpena egin nahi diote. “Nafarroan arkeologia oso garatua dago. Ikerketa ugari eta ona dago. Baina zaila da inguru hauetan arkeologia opatzea. Inguru hauetan  hegoaldeko lautadetan baino zailagoa izan baita indusketak egitea. Orain lan ona egiten ari bada ere, emaitzak iristea falta da. Jendeak ezagutu dezala historiaren garai ilun bat gisa deskribatu dena: zer gertatu zen antzina hemen, Erdi Aroan. XV.-XVI. mendetik aurrera argibideak daude, pixka bat aurrekoak agian, baina jendearen egunerokotasunak misterioa izaten segitzen du”.



Udala
Aurten Uharte Arakilgo Udalarekin elkarlana sakondu dela jakinarazi digu Valle de Tarazagak. “Ideia da gurekin batera, udala indusketaren sustatzaileak izatea. Asmoa bikoitza da. Alde batetik, gurekin beti parte hartu duen udala indusketan gehiago bustitzea. Gu, ia, bukatzen ari gara eta haiek izanen dira euren ondarea kudeatuko dutenak, nolabait esatearren, oinordetzan jasoko dutenak. Haiek kudeatzen dutelako herriko ondarea”. Indusketa elizaren eta Uharteko herri lurretan eginen da aurten.

Boluntarioak
Arkeologia-indusketan lagundu nahi dutenek aukera badute. Indusketatik pasa daitezke edo info@aditu.info e-posta helbidera mezua bidali behar da. Interesatuek jakinarazi dute noiz aritzeko aukera duten eta zenbat orduz.

Bisitak
Larunbatero, 11:00etan, arkeologia-indusketara bisita gidatuak daude.

Erlazionatuak