Hipotesiak Aralarren

Guaixe 2017ko abe. 1a, 11:05

Santutegira udan bisitan joan direnak arkeologia-indusketa bisitatzeko aukera izan dute.

Santutegiaren jatorria argitzeko bigarren urtez egindako arkeologia-indusketek gerora egiaztatu beharko diren usteak utzi dituzte. Opatutako horma sendoaren egitekoa eta santutegia inguratzen duen egitura zirkularra zer diren aztertzen segituko dute heldu den urtean.

Aditu arkeologia zerbitzuak kooperatibako kideak 2010ean Uharte Arakilera, Zamartzera, helburu jakin batekin etorri ziren: Nafarroako Erdi Aroko populazioa hobeki ezagutzeko ikerketa egitea, eta bide batez erromanizazioa bukatu zenetik Erdi Arora bitarteko tarteari buruzko argibideak lortzea. Sei urtez arkeologia indusketak egin zituzten Zamartzeko elizaren inguruan. 300 gorpuzkitik gora berreskuratu zituzten, erromatarren garaitik hasi eta Erdi Arora arte.

Opatutakoen artean Donejakue bidea egiten ari ziren erromesen aztarnak zeuden. Nafar populazioa nolakoa izan zitekeen jakiteko, gorpuzkiak zerekin kontrastatu? Fran Valle de Tarazaga Monterok (indusketa eta ikerketa arduraduna) eta Emma Bonthornek (osteoarkeologoa, hezurduren arduraduna) zuzentzen duten arkeologia lantaldea erantzun bila mendira begiratu zuten. Bazekiten Larrate enpresak 2009an indusketa txikia egina zuela santutegiko absidearen ondoan eta hilerria agertu zela. Aralarko kanpo santuko hezurdurak kontrasterako aproposak izanen zirela pentsatu zuten.

Arkeologoek egindako bi lagin-zulo.

Jakina, indusketak santutegiaren sorrerari buruzko argibide gehiago lortzeko aukera ere bada, “agiri gutxi baitago. Ongi legoke eliza une historiko jakinekin lotzea”. Santutegia beti erabili da, eta beharretara egokitu da. “Hori guretako arazo bat da”.  XI. mendeko agiri batek aurretik ere bazela dio. 1098an eta 1141an zaharberritze lan handiak egin zituzten, birsortu, eta sagaratu egin zuten eliza. Santutegiaren azalpen argia eman zuen aita Burgik 1774an. Bestelako dokumenturik ez dago. Valle de Tarazagak azaldu duenez, eraikineko zati zaharrena absidea da. Eliza barruko ezker-eskuineko galeriak “birsortzeekin, sagaratzeekin lotu daitezke”. 1942an erre ondoren, ostatua berria da eta santutegiko teilatuko zinborioa 70. hamarkadakoa.

Paretak
Arkeologoek joan den urtean egindako lanagatik bazekiten lana zutela hilerrian. Horregatik aurten handik gorpuzki guztiak ateratzeko lantalde handia osatu eta lortu dute hura “hustea”. Beste lantalde batek santutegi inguruan lagin-zuloak egin zituen. Hilerria absidetik 15-20 metrora bukatzen da. Handik Pilareko ermitarako tartean ez dute ezer opatu. Elizaren eremua iparraldetik ixten duen harresiaren ondoan dauden lizarren ondoan 70eko hamarkadan botatako borda baten harrizko zorua opatu dute eta horren eta santutegiaren artean atera dira galderak sorrarazi dituzten paretak.  

Kontrahormak dituen pareta eta diagonalean gerora eraiki zena. Argazkia: Aditu.


Elizaren diagonalean dagoen 80 cm zabal duen pareta dago, “elizako paretak baino zabalagoa da”. Eskuadratutako harriz eta morteroz eginda dago eta kontrahormak ditu. Ez dakite horma elizaraino iritsiko den, eta haren berri emanen lukeen dokumentaziorik ez dago. Pareta horri perpendikularki itsatsitako beste bi pareta daude, ondoren eginak. Azken horietako harriak ez daude hain eskuadratuta eta ez dute mortairurik. Hiruren artean U makurtu moduko bat sortzen dute. “Uste dugu horma horiek XII., XI. mendetik atzera eramaten gaituztela”.

Denbora faltagatik ezin izan dituzte hormak behar bezala ikertu. Aurten ikusi dute bigarrenez berrerabiliak izan direla. Horma sendoenaren inguruan zulatu nahi dute, batetik, ziurtatzeko sakonera jakin bateraino zutik dagoela. Bestetik, XI. mendekoak liratekeen hilobiratzeak opatu dituztelako aipatutako pareta horietako baten eroritako harrien azpian, iparraldean. Metro eta erdiko buztin beta bat dago. Heldu den urtean bueltatuko dira, “aurreikusia ez bagenuen ere”.

Pareta berak beste ikuspuntu batetik. Argazkia: Aditu.

Hipotesiak
Jakinik santutegirako bide edo sarrera historikoa iparraldetik izan zela, Valle de Tarazagak horma horien inguruko hiru hipotesi mahaigaineratu ditu: “kontrahormak dituen pareta ez dago elizarekin lerrokatuta, bai, ordea, sarrerarekin. Santutegia erasotzen erraza zen garai bateko defentsa sistema litzateke, X. mendea eta XI. mende hasiera”.

Arkeologoak uste du pareta horren defentsa egitekoa bukatu zenean espazio bat sortu zela elizari “egokitzen” zaizkion bi paretekin. “Horma horietako bat erori zela opatu dugu, baita espazioko harlauzak, zorua”. Barruan urtutako zilar eta brontze arrasto ugari opatu dituzte. Baita txanponak ere. Baxerarik edo bestelakorik ez dutenez opatu, espazio horren egitekoa elizarekin erlazio zuzena duela uste dute ikerlariek.

Tempusa?
Arkeologoen begi trebatuek kofradia etxearen mendebaldean santutegiko murruaz aparte desnibel bat ikusi zuten. Eremua inguratzen duen zirkulu erdiko egitura bat atzeman dute, lurra “hozkatuta” balego bezala zegoela ohartu ziren. “Behintzat iparraldean esparru bat sortzeko nahia dago. Forma emanda dago, plataforma bat sortzeko”. Tempusa, kristautasunaren hasierako barruti sakratua ote den pentsatu dute. “Oso-oso arraroak dira halakoak eta baieztatu beharko genuke. Inguruan ezagutzen den bakarra Armentiakoa da, zulatutako fosa bat zen hura”.

Elizaren eta kofradia etxearen mendebaldera egindako indusketan zulatuta egindako oinarri bat ikusi zuten. Oinarri horren gainean pareta bat dago, lurrari itsatsia dagoena, “muga bat markatzeko”. Elizaren inguruan borobil erdia osatzen du. “Segitzen duzu eta santutegiaren iparraldean efektu bera lortzeko haitza tailatuta dagoela ikusten da. Santutegia inguratzen duen muga borobil bat litzateke”. Heldu den urtean bizpahiru lagin-zulo egin nahi lituzkete hori baieztatu ahal izateko.

Aita Burgik bere deskribapenean esaten duenez, Artxueta magalean komunitate edo herrixka baten arrastoak ikusten ziren 1774ean.

Lantza batek zulatutako eta zartatutako femurra. Argazkia: Aditu.

Hezurdurak
Bi urteetako indusketek hilerritik 28 gorpuzki ateratzea ekarri du (aurten 13): 25 heldurenak, nerabe batena eta 6 urtetik beherako birena; emakumezkoak eta gizonezkoak, nahiz eta oraindik ezin izan duten zehatz zehaztu. Espero baino gehiago. Danee Wilson osteoarkeologoak larunbatean azaldu zuenez, hezurdurak posizio anatomikoan agertu ziren, baina hezurdura guztiak ez daude osorik. Horren arrazoia, hobiak berrerabiliak izan zirela. Hobi bakar batean lau gorpuzki opatu zituztela gaztigatu zuen.

Wilsonek joan den urtean opatutako hilobi aniztuna nabarmendu zuen, “arraroa, banakakoak zirelako”. Hirurak aldi berean hil eta hilobia hirurendako propio egin zutela argi dute, hilobia harrizko lauki batez inguratuta baitago. “Hirurek ere traumak, indarkeria arrastoak dituzte. Baten saihetsen azpian lantza punta bat opatu zen”. Hiruetako batek aldaka arazoak zituen, ezker hankako femurra lantza batek zartatu zion. Masail hezurrean dagoen arrastoagatik bati zintzurra egin ziotela. Beste batek lantza batek buruhezurrean utzitako arrastoa du. Hori guztia azterketa sakonagoa egin aurretik dakite. Hirurendako hilobi horretan aurretik zegoen hezurdura kendu eta berrerabili zutela ere badakite arkeologoek.  

Indarkeriazko gertakari horien zergatiak beste hiru hipotesi utzi dituzte mahai gainean. Batetik, musulmanen erasoaldiak izan litezke; garai haietan eliza asko suntsitu ziren. “Litekeena da orduan aurreneko eliza hura desegitea”. Baina ez da musulmanen armarik opatu. Bestetik, Nabarreriako gerra izan liteke, Iruñetik kanpo ere nabaritu zena. Azkena, Arabatik eta Gipuzkoatik egindako erasoak lirateke. “Halakoetan helburua lapurtzea eta kontrola zen, ez hiltzea”. Gorpuzkien erantzunak santutegiaren historia argitzen lagunduko duten esperantza dute arkeologoek.

Harri landuz egindako hobia hilerrian.

Bada harritu dituen hobi bat ere, harriz eta morteroz eginikoa, 2,6 metro luze ditu. Adituko kideek uste dute pertsona “garrantzitsu” batena izan litekeela gorpua. Aralarko elizako harrien mozketa bera dute harri horiek, beraz, soberan zeuden edo berrerabiliak izan diren harriak direla pentsatzen dute, “agian santutegiaren birsortze batekin zerikusia zuen pertsona batena izan daiteke”. Horra argitzeko dagoen beste hipotesi bat. Zamartzen antzeko hilobi bakarra opatu zuten.

Karbono 14ko proba eginen diete hezurrei data bat izateko. Hilerrian beheraino jaitsi dira, harriraino. “Beheko mailek erabilera txikiagoa dute. Pentsatzen dugu Zamartzekoaren antzeko kronologia duela”. Kondairaren arabera VIII. mendean sortu zen santutegia. Ikerketak esanen du gorpuzkiak ordukoak diren edo ez. Haien hipotesia da X-XI. Mendetik XIV. mendera bitartekoak direla.

Fran Valle de Tarazaga Montero azalpenak ematen larunbatean.

Opatutakoak
Ezohikoak diren elementuak agertu dira eta horrek santutegia bere historian kokatzen laguntzen dute. XI. eta XIV. mendeetako hainbat txanpon opatu dituzte. Horien artean Teobaldo erregeenak eta Woodstock-eko Eduardoren Galesko azken printzearen, Printze Beltzaren txanpon bat opatu dituzte. Azken hori Akitanian izan zen eta Nafarroako Erresumarekin erlazioa izan zuen. Armak ere opatu dituzte: gezi eta lantza puntak. Oraindik ezin izan dute jakin zein garaikoak diren.