Txakurrendako iltzeak zituen janaria

Guaixe 2018ko ira. 12a, 08:29

Txakurrak jandakoa albaitariaren eskuan. Argazkiak: Foruzaingoa.

Iltzeak zituen haragi puska bat jan zuen txakur batek agorrilaren 13an. Animaliak, bere jabearekin paseatzen ari zela, lurrean botata zegoen haragi puska ikusi eta jan zuen. Jabea konturatu zen lurrean zegoen haragi hark barruan metala zuela eta saiatu zen txakurra urruntzen. Baina ordurako animaliak saltxitxa zati bat jana zuen.

Jabeak bi gauza egin zituen. Alde batetik, txakurra albaitariarengana eraman zuen berehala eta erradiografia bidez iltzeak zituen haragia jan zuela baieztatu ahal izan zuten. Bi iltzeak ateratzeko txakurrari ebakuntza egin zioten. Bestetik, jabeak Foruzaingoan salaketa jarri zuen. Gertaera Ingurumen-Babeserako Brigada ikertzen ari da.

Txakurraren jabeak kartelak jarri ditu herrian eta iltzeak zituen haragia jarri duen pertsonari zuzendu zaio. Lehenik eta behin adierazi dio hori ez dela arazoak konpontzeko bidea. “Bizitzan zerbaitek molestatzen bazaitu, aurpegia eman, hitz egin eta konpontzen saiatu. Ez dakizu zer nolako oinazea eragin duzun. Txakurrek molestatzen bazaituzte, euren jabeekin hitz egin. Animaliak ez du inongo errurik eta ez du sufritzea merezi”.