Pozoiaren ondoren

Guaixe 2015ko urr. 30a, 13:52
Huellas de Altsasuk deitutako manifestazioko burua.

Pozoitutako haragi bolak agertu ziren eremuak garbi daude.

Altsasuar batek opatu zuen azken haragi bola pozoitua irailaren 19an aurkitu zuen, Amaia kalearen atzeko aldean. Aste bat lehenago, irailaren 12an eta 13an, Otadiko Kristo Deuna eta San Joan ermiten inguruan, Idertzagain, Bakea, Nafarroa eta Altzania eta Amaia kaleen artean agertu ziren. Xehetutako haragi bola haiek baratzetan bareak eta barraskiloak hiltzeko erabiltzen den pozoia zuten. Animaliendako deigarriak ziren eta hura janda lau txakur hil ziren. Foruzaingoak bost salaketa jaso zituen.

Pozoia agertu zuen eremuetan animaliarik ez sartzeko eskatuz Udaltzaingoak oharrak zabaldu zituen. Bestalde, Guardia Zibilaren Sepronako agenteak lastailaren 6an eta 7an pozoitutako haragi bolak agertu ziren inguruak aztertu zituzten eta ez zuten bola gehiago aurkitu. Aurreneko bolak agertu eta ia hilabetera etorri zirenez pozoia euriarekin egun batzuetan deseginen zela eta horrek ezer aurkitzea zailduko zuela susmatzen dute txakur jabeek.

Txakurren pozoitzeak eta haietako lauren heriotzak berehalako erantzuna izan zuen Altsasun. Sare sozialen bidez zabaldutako deialdi baten bidez ehunka pertsonak manifestazioa egin zuten irailaren 13an. Gerora Huellas de Altsasu taldea sortu zuten eta irailaren 26an jendetsua izan zen manifestazioa antolatu zuten. Animalien zaleen taldeak ez du segidarik izan.