Fusilatu zuten Martirena oroitzeko plaka

Guaixe 2018ko urr. 25a, 12:12

Senideak Victor Martirena Alegriaren gorpuzkina kanpo santura eraman zuten 2017ko udazkenean.

Victor Martirena Alegria fusilatu zutela 82 urte beteko dira igandean. 1936ko estatu kolpearen ondoren errepublikazale uhartearra preso hartu eta Iruñera eraman zuten. Espetxetik atera eta Iberoko Zurbao parajean fusilatu zuten, beste hainbatekin batera. Haren gorpuzkina 2015eko abenduan berreskuratu zuten eta hurrengo urtean identifikatu zuten. Gorpuzkiak azarotik daude Uharte Arakilgo hilerrian. Eta, hain zuzen ere, han bertan Martirena omentzeko plaka jarriko dute igandean, 13:00etan.

Uharte Arakilgo Udalak eta 1936-2016 Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen taldeak antolatu dute ekitaldia. Horren aurretik Amaia Kowash Velascok hitzaldia eskainiko du udaletxean gaur, 19:00etan. Sareak ehuntzen, San Kristobal Fuerteko presoekin elkartasuna izan zuten emakumeak (1934-1945) (2017, Nafarroako Gobernua) liburua aurkeztuko du. Lan horretan Kowachek azaltzen du emakume-taldeak presoei elkartasuna eskaintzeko nola antolatzen ziren, pobrezian bizi izan baziren ere zer errutina sortu zituzten, presoei laguntzeko, janaria edo arropa emateko eta bisitak egiteko.