Hermogenes Goñi Martirena Uharte Arakilgo kanpo santura bueltatu zen atzo. Joan den urtean bere osabaren gorpuari lur eman zioten. Aurtengoan, berriz, hilobian plaka jartzera etorri da. Eta berarekin batera udaleko eta 1936-2016 Uharte Arakil, 80 urte memoria galtzen taldeko kideak izan ziren. Plaka jarri eta lore eskaintza egin zuten bai hilerrian baita herrian estatu kolpearen ondorengo errepresioa salatzeko jarritako eskulturan.
Aurretik, ostiralean, Amaia Kowash Velascok Sareak ehuntzen, San Kristobal Fuerteko presoekin elkartasuna izan zuten emakumeak (1934-1945) (2017, Nafarroako Gobernua) liburua aurkeztu zuen. Pobrezian bizi arren, emakume-taldeak presoei elkartasuna eskaintzeko nola antolatu ziren azaldu du ikerlariak; presoak nola laguntzen zituzten, jatekoak eta janztekoak nola ematen zizkieten, bisitak eta bestelakoak izan zituen hizpide Kowashek.
Argazkiak: Uharte Arakilgo Udala.