Iritsi da zuntz optikoa

Guaixe 2019ko api. 18a, 09:50
Langilea kablea jartzen Uharteko etxeetan. Artxiboa.

Bai industrialdera bai etxeetara ere. Horrekin batera, frontoian eta igerilekuan eginen diren konponketak eta moldaketak dira aurten udalak eginen dituen inbertsio handienak.

Uharte Arakilgo Udalak aurten 830.538,38 euroko aurrekontua du. Inbertsioak egiteko laguntzekin batera aurrekontuak urte batetik bestera behera egin du, joan den urtean baino 196.385,56 euro txikiagoa baita aurtengoa. Hala ere, inbertsiorako aukera izanen du Uharte Arakilgo Udalak. Inbertsio handiena berriki egin den zuntz optikoaren jartzea izan da. Adamo operadoreak zuntz optikoa autobiatik Errekabitarte auzora eraman zuen, lurpetik, eta handik Hiriburu industrialdera. Eskolak eta mediku kontsultategiak ere zuntz optikoa dute. Uharte barna fatxadetan jarritako kableen bidez egin da zabalkundea.

Juana Sainz Betelu alkateak jakinarazi digunez, lan horiek 62.991,35 euroko aurrekontua dute, haietatik 41.218,76 euro Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planaren bidez pagatuko dira, eta gainontzeko 21.722,59 euroak udalak jarriko ditu. Plan beraren bidez Larrebieta frontoian eginen diren lanak ere finantzatuko dituzte. Sainzek azaldu digunez, kantxa pintatu, harmaila parean dagoen hezetasuna kendu, teilatuan dauden itajurak zigilatuko dituzte eta baloi kolpeengatik hautsiak dauden aldeetako paretetako plakak ordezkatuko dira, argia sartzen uzten dutenak. 58.960,4 euroko inbertsioa izanen da. 34.109,32 diru-laguntzekin estaliko du udalak eta gainontzeko 24.851,08 euroak berak jarriko ditu.

Bestetik, Uharte Arakil-Beriain kilometro bertikala probagatik herria mendi korrikalarien artean aski ezaguna da. Eta etorkizunean are gehiago izanen da, Sakanako trail estazioaren harrera gunea hartuko baitu Uharte Arakilek. Igerilekuen ondoko eraikinean egonen da, jatetxearen solairu berean. Beheko solairuan aldagelak eta dutxak daude eta han gimnasio txiki bat eraikiko da. Trail estazioak mendi korrikalariei zerbitzua eskaintzen dien gunea izan nahi du. Lan horiek 57.402 euroko aurrekontua dute. Horietako 40.181 euro Europako Landa Garapenerako Planaren bidez finantzatuko dira eta gainontzeko 17.200 euroak udalak jarriko ditu. Sainzek gogorarazi digu Cederna-Garalurren laguntzarekin Beriainerako igoera homologatu zutela.


Inbertsio gehiago
Itsesia igerilekuen ondoan dago autokarabanendako gunea. Han dagoen hobi-septikoa hondatu egin zen eta hura konpontzeko 5.000 euro inguru bideratu ditu udalak. Sainz gaztigatu digunez, “nahikoa jendek erabiltzen du, zerbitzuz kanpo ez da ezta hilabete egon, martxo erdialderako konponduta zegoen”. Herriaren beste aldean dago Erdi Aroko zubia, eta Sainzek azaldu digunez, 8.200 euro bideratuko dituzte haren iparraldeko oinarria sendotzera: “aurreko urteetako uholdeek zubiaren oinarriko harriren bat eraman zuten, baina aurten uholdeek nahikotxo eraman dituzte. Udan konponduko dugu”. 8.200 euro bideratuko ditu udalak lan horietara, horretarako ez dute diru-laguntzarik jasoko.

Udalak joan den urtean azienda bildu eta kamioietan sartzeko itxitura egin nahi izan zuen Aralarren, La Parrillan. “Gobernuak deialdia korrika eta presaka egin zuen. Jaso genuen diru-laguntza baina horretan aritzen diren gremioak lotuta zeuden eta ezin izan genuen egin. Aurten egin nahi genuke. Diru-laguntzaren zain gaude”. 37.000 euroko aurrekontua du lan horrek, 17.740 euroko laguntza jasotzea espero dute udalean, haiek 19.000 eurorekin osatzeko.

Alkateak, bestetik, jakinarazi digu eskolako patioko itxiturako hesia aurten aldatu eginen dutela eta horretara 7.000 euro bideratuko dituztela. Joan den urtean udaletxeko safeia edo ganboikoa konpondu eta bi areto handi egin zituzten. Haietako bat hitzaldietarako erabiliko dutenez, mahaia eta aulkiak erosteko 1.500 euroko diru poltsa du Uharte Arakilgo Udalak. Agiriko despopulatuko eliza egonkortzeko lanak aurten despedituko dituztela aurreratu digu Sainzek. “Jendea ez erortzeko hesia jarriko dugu ere”, aurreratu digu. Horretarako 3.000 euro ditu udalak. Alkateak nabarmendu nahi izan du herriko gizarte, kirol eta kultur erakundeak laguntzeko 10.000 euro banatuko dituztela. Azkenik, igerileku sasoirako udalak bi sorosle kontratatuko ditu.