Uharte Arakilgo Artzain eguna agorrilaren 25ean ospatuko da, 52. edizioa. Haren atariko, Aralar Mendi elkarteak artzaintzari buruzko jardunaldiak antolatu ditu. Hirugarren urtean da halakoak antolatzen dituela, eta oraingoan emakumezkoek artzaintzan duten paperari erreparatu nahi diote. Horretarako, emakumezko artzain batzuk kafe-tertulia batean parte hartzera gonbidatu dituzte. Emakumezkoek artzaintzan bete dituzten eginkizunak eta izan duten garrantzia izanen dituzte hizpide. Aralar Mendi elkartean izanen da kafe-tertulia hori ostegunean, 18:00etan. Hura despedituta, 19:30ean, ondorioak aterako dituzte eta ekitaldia despeditzeko, 20:00etan, otamena eskainiko zaie elkartu diren guztiei.
Aralar Mendik artzaintzari buruzko jardunaldiak estreinakoz 2017an antolatu zituen. Bi egunetarako egitaraua prestatu zuten. Aurrenekoan ardi latxari buruzko azalpenak eman eta kaikua ezagutzeko saioa prestatu zuten. Hurrengo egunean euskal artzain-txakurren trebakuntzari buruzko saioa prestatu zuten eta ardi-motzaileen lana eta artilearen erabileraz aritu ziren. Ardikia ederki prestatzeko trikimailuak ere eman zituzten. Joan den urtean, berriz, mendian egiten den gazta eta berezitasunak izanen ziren jardunaldiaren ardatza.