Francok seme kuttun izateari utziko dio

Guaixe 2019ko abe. 16a, 12:06
1936ko uhartear errepresaliatuen omenezko eskultura.

Gaur eginen den bilkuran udalak izendapena kenduko dio.

Seme-alaba kuttunen izendapena kentzea. Hori da Nafarroako Gobernuaren Koordinazioko Batzorde Teknikoak Memoria Historikoaren arloan 2016an egindako gomendioetako bat. Eta betetzeko Nafarroako Memoria Institutuak 700 biztanle arteko herrietako garai bateko aktak aztertu ditu. Eta horrela jakin dute Uharte Arakilgo Udalak Francisco Franco Bahamonde diktadorea herriko seme kuttun izendatu zuela 1948ko otsailaren 5ean. 

Nafarroako Memoria Institututik Uharte Arakilgo Udalari jakinarazi diote izendapen hori indarrean dagoela eta hura baliogabetzeko eman beharreko pausoak azaldu dizkio. Uharte Arakilgo Udalak gaur hartuko du izendapena baliorik gabe uzteko erabakia. Lakuntzako Udalak azaroaren 4an erabaki bera hartu zuen.