Amaia Razkin

“Aurten lasterketaren batean aritzeko esperantza badut”

Maider Betelu Ganboa 2020ko eka. 16a, 10:07

 Euskal Selekzioarekin ariko zen lehendabiziko denboraldia izan behar zen honakoa Amaia Razkinendako, baina COVID-19ak guztia bertan behera utzi du. Hala ere, aurten lasterketaren batean aritzeko esperantza du uhartearrak

Mendi lasterketen aurtengo denboraldia hasita zegoen COVID-19ak dena geldiarazi zuenean.
Oraindik ere gogoan dut COVID-19aren kontua hasi zenean nik asteburu horretan Jurramendi Trail lasterketan parte hartu behar nuela. Bertan behera geratu zen proba eta, horrekin batera, etxean konfinatuta geratzearen garaia hasi zen. 

Nola moldatu zara etxean entrenatu ahal izateko?
Aurretik bizikletan aritzeko arrabola bat nuen etxean, eta hori erabili nuen, baina egia esan ez zait inoiz gehiegi gustatu, baina etxean egonda, erabili behar. Egoera luzerako zihoala ikusi nuenean korrika egiteko zinta begiratzen hasi nintzen, eta kostata, bat aurkitu nuen eta hura erosi nuen. Eta egunero zintan ordu bat aritzen saiatu naiz. 

Uharte arakildarra izanik, herriko Uharte Arakil Beriain Km Bertikala ikusita sortu al zitzaizun mendi lasterketetan hasteko gogoa? Noiz hasi zinen?
Duela sei bat urtera arte igeriketan ibili nintzen. Asteburuetan korrika egitera joaten nintzen, errepidean; ez nuen oso gustuko, baina zerbait egiteagatik hasi nintzen. Beriain etxe ondoan dudanez, hara joaten hasi nintzen, eta horrela hasi nintzen mundu honetan. 

Mendiak korrika egiteari beste puxtarri bat gehitu al zion?
Ez dakit, egia esan (kar, kar…) Askok diote beraiek txikitan mendira joaten zirela gurasoekin edo lagunekin, baina nik halakorik ez dut bizi izan. Nolanahi ere, asfaltoan ibiltzea baino, interesgarriago iruditzen zitzaidan mendian buelta batzuk ematea, eta duela lau urte Irati Trailen parte hartu nuen, Iratiko basoan egiten den erdi maratoi batean. Hura izan zen nire lehenengo lasterketa. Iratiko basora joan nahi nuen, eta lagunek ez zidatenez bertara eramaten, lasterketan izena eman nuen eta lagunak ni laguntzera behartu nituen. Hala izan zen. 

Eta lasterketen giroa gustuko izan zenuen?
Aitortu beharra dut nahikoa miseria pasa nuela Irati Trailen. 10. kilometrotik aurrera lasterketan jarraitzea kosta zitzaidan, baina burugogorra naizenez, amaitu nuen. Eta urte hartan Uharte Arakil Beriain Km Bertikala egitera animatu ninduten.

Nola ikusi zenuen zure burua etxeko proban? Kilometro bertikaleko proba izatean, lasterketak oso desnibel handia du tarte laburrean.
Zer esango dizut, gaizki ibili nintzen. Lagunak erdibidean zeuden ni animatzen, eta ibilbide erdira gaizki iritsi nintzen. Ama Beriain goian nuelako, bestela... Iristekoan amari esan nion oso nekatua nengoela. Bihotza azkarregi sentitzen nuen. Ohitura falta, azkenean. Eta horrela hasi nintzen. Egia esan, ez dut lasterketa gehiegirik egin; urtean 7 lasterketa ingurutan aritzen nintzen. Aurten proba gehiagotan aritzekoa nintzen, baina ez da posible izan. Hilero 2 lasterketa egiteko asmoa nuen. 

Joan den urtean Espainiako Ultratrail Txapelketan, 83 km eta 5.150 m desnibeleko Desafio Somiedon laugarren sailkatu zinen (11:59:40), ia 12 orduko lana egin eta gero. Hasieretatik iazko denboraldira sekulako progresioa egin duzu.
Zortea izan nuen. Maiatzean Leitzako Euskal Herriko Mendi Erronkan parte hartu nuen, eta nahiko ongi joan zenez –67 km eta 3.000 m desnibel positiboko proban laugarren sailkatu zen Amaia (8:52:28)–, Mendi Lasterketen Euskal Selekziotik deitu ninduten, uztailaren bukaeran Pola de Somiedon  jokatzekoa zen Espainiako Ultratrail Txapelketan parte hartzeko. Baiezkoa eman nuen, eta egia esan, ez zen gaizki joan. Proba luzeetan laburragoetan baino hobe moldatzen ote naizen ezingo nuke erantzun, oraindik esperientzia falta baitut, baina erresistentzia dut; beti izan naiz horrela. 

Hortaz, ordutik al zara Mendi Lasterketen Euskal Selekzioko kidea?
Joan den urteko Espainiako Txapelketa Euskal Selekzioarekin jokatu nuen, baina berez aurtengo denboraldian hasi naiz. 10 neska eta 10 mutil inguru gaude selekzioan; batzuek estatu mailako txapelketetan parte hartzen dute eta, beste batzuek mundukoetan. Egia esan, berria naizenez eta pandemiarekin dena gelditu denez, ez dut taldekideak ezagutzeko tartea izan. 

Selekzioan zaudenetik entrenatzeko modua aldatu duzu?
Orain arte beti nire kabuz ibili naiz entrenatzen, baina aurten selekziotik entrenamendua jarri didate. Jokin Lizeaga dut entrenatzaile, eta otsailean hasi nintzen berarekin. Konfinamendua bukatu eta gero, orain mendian sasoia berreskuratzen nabil. Guztia hankaz gora dagoenez, mendira joan eta gozatzearekin nahikoa dugu. 

Zeintzuk ziren aurtengo helburuak? 
Korrikalari bakoitzak bere egutegia erabakitzen du. Lehenik eta behin, esperientzia hartzea zen helburua. Orain arte lasterketa gutxi jokatu ditudanez, aurten lasterketak egin nahi nituen, zein mailatan nagoen ikusteko. Espainiako Lineako eta Ultrako Txapelketetan aritzekoa nintzen. Espainiako Lineako Txapelketako lehen bi probeatan ez nuen parte hartu, apirilaren azken astean Kataluniako Ultra Montsenyn aritzekoa nintzelako. Jokin Lizeagak gertuko lasterketaren batean aritzea gomendatu zidan, nola nengoen ikusteko, eta horregatik Jurramendiko Trailean aritzekoa nintzen. Maiatzean lineako lasterketak egin behar nituen, laburragoak, ekainean Irati Trail, eta uztailean Goierriko 2 Handitan (88 km, 6.000 m desnibel +) parte hartzekoa nintzen. Baina guztia pikutara joan da. Aurten ezin izan dut lasterketarik egin. 

Aurtengo denboraldia halako impasse bat izango da eta hurrengora begira jarriko zarete? Zer diote Euskal Selekzioan?
Oraingoz itxarotea, ez dago besterik. Mendira entrenatzera atera, gozatu eta gero ikusiko dugu aurten lasterketaren batean aritzeko aukerarik ote dugun. 
  
Zuk uste duzu aurten lasterketaren bat jokatuko dela?
Momentuz guztia airean dago. Urriaren 11rako iragarri duten Leire Traila egingo dela uste dut, baina ez da ziurra. Hartu beharreko neurriak eta bete beharreko baldintzak zein diren ez dakite, baina lasterketaren batean aritzeko itxaropena badugu. Uste dut irailetik aurrera lasterketaren bat jokatuko dela. 

Igandean Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa jokatzekoa zen eta ekainaren 28an Trikutrail, horietakoren batean aritzeko asmoa al zenuen?
Printzipioz ez, baina ibilbide horiek guztiak eginak ditut, entrenatzerakoan bide batzuk jarraitzea gustatzen zaidalako, 

Orain arte parte hartu duzun lasterketetatik zein duzu gustukoen?
Euskal Herriko Mendi Erronka asko gustatu zitzaidan. Etxeko proba bat da, Aralarren jokatzen baita, eta distantzia ere ez zitzaidan luzeegia iruditu. Lagunak uneoro alboan izan nituen, animatzen, eta guztia gustatu zitzaidan: ibilbidea, ez zen ere oso proba teknikoa... Okerrena eguraldia izan zen, kaxkarra izan zelako. 

Gustura egingo zenukeen lasterketa bat? 
Zegama-Aizkorri Maratoia egin beharreko lasterketa bat dela iruditzen zait. Esperientzia bizitzea gustatuko litzaidake. Proba bera, giroa... Ahal dudanetan ibilbidea egiten dut eta ederra da.

Etengabe lagunak aipatzen dituzu. Zu animatzera al doaz?
Bai, ahal dutenetan joaten dira, gustatzen zaie. Nik eurei ezer esan gabe, han agertzen dira. Mendira ez naute laguntzen, baina lasterketetara bai. 

Entrenatzeko nora jotzen duzu gehien, Aralar aldera edo Beriain aldera?
Ahal dudan guztietan Beriainera noa. Etxetik gertuago dago eta azkenean bertara joatea errazago egiten zait. Baina distantzia luzeagoak egin nahi baditut edo azkarrago joan nahi badut, Aralar aldera noa. 

Aurtengoan Euskal Selekzioarekin aireratu behar zenuen, baina akaso hurrengo urtean izan beharko du, aurten gertatzen denaren arabera. Hala ere, selekzioan zu hautatu izanagatik pozik egongo zara.
Bai. Proposatu zidatenean egun batzuk behar izan nituen selekzioan sartzea edo ez erabakitzeko, baina behin hasteko erabakia hartuta, gogotsu nago. Beraiek ez naute ezertara behartzen, mendi lasterketekin disfrutatzearekin nahikoa da, baina ez dudanez inoiz lasterketa askorik egin, bat-batean hilero bi egitea, ardura hori hartzea zen kontua. Baiezkoa eman eta gero, kontentu nago. 

Ardura hartu eta gero, COVID-19ak guztia geratu du...
Bai, baina beno, etorriko dira garai hobeak. Esperantza badugu.