Mikel Garziandia Goñi kaperauak eguna oso ongi joan zela esan zuen. “Mezetara etorri den jendetza izan da, hain justu, santutegian sartzen zena. Geroz, ez dugu izan beharrik jendeari sarrera eragozteko”. Garziandiak nabarmendu duenez, “beste urte batzuetan baino askoz ere jende gutxiago etorri da, baina eliza betexka egon da”. Beraz, santutegiko arduradunek egindako deialdiari kasu egin diote fededunek eta bederatziurreneko elizkizunetara joan ziren eta San Migel egunean ez zen arazorik egon. Fededunen Aralarko aingeruaren irudia gurtu nahi izaten dute. Aurten pandemiagatik irudiari ez diote musurik eman. Gaur egun men egin diote, buruarekin keinu egin eta irudia ikutu gabe harekin jendeari gurutzearen seinalea egiten zaio.
Aldarea
Aurre-erromanikoa den aldarea sagaratu zuten santutegian asteartean. Garziandiak azaldu duenez, “garai batean aldareak egungoak bezala ziren, inguruan zelebratzeko. XII. Mendean beste liturgia moda bat etorri zen eta aldareak ekialdeko hormaren kontra jartzen ziren”. Aralarko kaperauak argitu zuenez, egungoaren aurretik zegoen elizako aldarea da berreskuratu dutena, “1000. urte inguruko aldarea da. Lasai asko esan dezakegu bertan mila urtez egon dela bere tokian, 50 urte egin dituela Lakuntzetxen eta, asteartean, berriz, ez dakit mila urtetarako, baina berriro ere bere tokira itzuli dugu”.
Aldarea Lakuntzetxen egotearen arrazoia argitu du Garziandiak: “Bertan egondako meza-mutilek esan ziguten han zegoela. Diputazioak Aralarko santutegia berritu zuten duela 50 urte. Hainbat eta hainbat aldare, irudi, erretaula eta koadro (Javier Ziga Etxandiren olioak) kendu zituzten santutegiak XII. mendean zuen tankera izateko. Zentroko absidean zegoen aldarea, eta beste batzuk, Lakuntzetxen sartu zituzten”. Jatorrizko aldarearen ordez egurrezko hiru aldare berri jarri zituzten. Francisco Perez Gonzalez artzapezpikuak meza nagusian sagaratu zuen aldarea asteartean. Fededunekin batera, sagaratzearen lekuko izan ziren santutegi inguruko apaizak. Gainera, Iruñeko katedraleko bi kanonigo izan ziren. San Migel egunean 814 urte bete zituen katedraleko musika kaperak. Horregatik izan ziren Aralarren katedraleko txantre edo kantu arduradun Aurelio Sagaseta eta Jose Antonio Goñi Beasoain de Paulorena, zeremonia eta liturgia arduraduna.
Argazkiak: Nerea Mazkiaran Zelaia.