Nafarroako gazta txapelketa hartu zuen Uhartek

Guaixe 2020ko urr. 7a, 14:40
Uharten saritutako artzainak.

Aralar Mendi elkarteak antolatuta, igandean jokatu zen. 

Artzain Egunaren barruan, agorrilaren 30ean, jokatzekoa zen XXXIX. Nafarroako latxa artesne-gazten lehiaketa. COVID-19 gaitza ez zabaltzeko ekitaldi jendetsuak bertan behera uztea erabaki zen eta, horien artean, Uharte Arakilen artzaintzari gorazarre egiteko eguna ospatu gabe gelditu zen. Aralar Mendi elkarte antolatzaileak, ordea, gazta lehiaketa antolatzea erabaki zuen eta atzo jokatu zen. 

Larrabieta pilotalekuan jokatu zen gazta txapelketa, ateak itxita eta segurtasun neurri guztiekin. Artzainek gaztak eman eta joan egin behar izan zuten. Dozena bat epaile binaka jarri zituzten mahaietan eta lehiaketara aurkeztutako 13 gaztak dastatzera eman zien antolakuntzak. Epaileen mahaiak frontoiko kantxan barna zabaldu ziren, distantzia mantentzeko. Halako txapelketetan ohikoak diren irudiak ez ziren ikusi, esaterako, epaileak gaztak esku artean ibiltzen, itxura edo begiak zituen aztertzeko. Gainera, gazta zatiak ontzi berezietan jaso zituzten epaileek. Epaileek aldamenean hidrogela izan zuten uneoro. 

Sari banaketarekin despeditu zen ekitaldia, ez baitzen gazta enkanterik izan. Bestalde, Uharte Arakilgo lehiaketak Euskal Herriko gazta txapelketarako txartelak banatu zituen. Lehiaketa hori Idiazabalen jokatuko da igandean. Lehiatuko diren gazten artean Sakanakoak ere badaude: Beriain, Albi eta Juananeko borda. 

Bideoa 
Aurten ez da Artzain Egunik ospatu. Baina Aralar Mendi elkarteak hainbat artzain, epaile eta ardi-motzaile elkarrizketatu zituen eta bideoz grabatu. Guztiek artzaintzaren sustapenerako eguna nola bizi zuten kontatu zuten kamera aurrean. 

Sailkapena     
Gaztagilea Gazta     Herria
1. Angel Linzoain Eugi    Atekoa Iragi
2. Marta Perez Loperena Loperena Egozkue
3. Ricardo Remiro Remiro Eulate
4. Balda, Artola y otros SC Beriain Unanua
5. Mari Mar Castro Urrizaga Abarzuza
6. Bengoetxea eta Lastiri Bengoetxea  Urdazubi
7. SC Kortaria Infernuko gasna Lekaroz 
8. Victoriano Agirre Larregoiko Eulate
9. Patxi Amillano Larrezabal Altsasu
10. Campion eta Ganboa Albi gaztak Arruazu
11. Jabiertxo Martiarena Uharte Uharte Arakil 
12. Sat Antsonea Antsonea Uztegi
13. Araña-Etaio  Juananeko Borda Arbizu
Erlazionatuak

Artzainen festa eguna

Erkuden R. B. eta Eneida C. M. 2020 abu 26 Uharte Arakil