Aralarren zauritutako eskalatzailea hil egin da

Guaixe 2021ko api. 1a, 09:26

Zauritutako eskalatzailea helikoptero batetik bestera aldatu zuten ospitalera eramateko. Argazkia: @bomberos_na

20 metroko erorketa izan zuen astearte arratsaldea eta ospitaleko ZIUn hil zen.

Aralarren, Uharte Arakilgo dermioan, eskalatzen zegoela istripua izan zuen 61 urteko eskalatzailea atzo hil zen Nafarroako Ospitale Guneko Zaintza Intentsiboko Unitatean (ZIU). Deskansarri paretan gora hari ziren bi eskalatzaile eta 150 metroko altueran zeudela haietako batek 20 metroko erorikoa izan zuen. Istripuaren ondorioz garezur eta garuneko traumatismo larria, bi besoak hautsita eta zeharreko aldean kolpe handia zituen. Egoera txarrean eta soketatik zintzilik gelditu zen kolpearen ondorioz. 

Bere soka-lagunak deitu zuen 112 larrialdi zerbitzura. Suhiltzaileen Erreskate Teknikoko Taldea helikopteroz erreskatatu zuten eta medikua zuen beste helikoptero batean eraman zuten ospitalera. Baina zituen zauri larriengatik atzo hil zen 61 urteko zangozarra.

Zortzi hildako Sakanako mendietan

  • 1987an
    Mendizale bat hil zen.
  • 2003-02-19
    Uharte Arakilgo 20 urteko gizonezkoa hil zen Beriainen elur-jausiagatik
  • 2003-04-17
    Burlatako 44 urteko gizonezkoa Beriainen hil zen mendi istripuan.
  • 2005-06-24
    Altsasuko 31 urteko bi mendizale Beriainen hil ziren istripuan.
  • 2018-11-17
    Etxarri Aranazko 25 urteko emakumezko mendizale bat Beriainen hil zen.
  • 2020-02-22
    Gasteizko 34 urteko gizonezko mendizale bat Beriaingo Lugorrin hil zen.
  • 2021-03-31
    Zangozako 61 urteko eskalatzailea hil zen, bezperan Aralarko Deskansarri paretan erorikoa izan ondoren.