Uharte Arakilgo Aralar Mendi elkarteak futbol taldea izan zuen urte luzez. Partidak Itxesiko futbol zelaian jokatzen zituen, eta Preferente mailara igo izan zen taldea. Baina momentu bat iritsi zen futbol taldeari eusteko nahikoa jenderik ez zegoela. Orduan, futbol taldea areto futbol taldean bilakatu zen, areto futbolerako jokalari eta baliabide gutxiago behar zirelako.
Sorreraz
Duela 12 urte sortu zen Aralar Mendi areto futbol taldea. Izan du ere geldialdiren bat, taldea sortu zuen hasierako belaunaldiak utzi zuenean, baina duela zazpi bat urte belaunaldi berri bat indartsu hasi zen eta bere horretan jarraitzen du. “18-20 urte genituela hasi ginen Aralar Mendin, duela 7 urte inguru. Urte hauetan talde gisa sendotu gara eta orain ari gara fruituak jasotzen” nabarmendu du Aralar Mendiko kapitain Mikel Hermoso de Mendoza Sainz uhartearrak.
Talde gaztea izaten jarraitzen du Aralar Mendik, baina, aldi berean, esperientziaduna. Jokalari gazteenak 19 urte ditu eta nagusienak 38 urte, baina taldeko nukleorik sendoena 26 eta 29 urteren artean mugitzen da. “Nik esango nuke taldea bere unerik onenean dagoela, bere osotasunean. Beteranoek heldutasuna ematen digute eta jokalari gazteak ditugu, indartsuak. Esperientzia eta gaztetasunaren arteko oreka lortu dugu” gaineratu du Hermoso de Mendozak.
Aralar Mendi 3. mailan lehiatzen da. Nafarroan, egun, gizonezkoen federatutako areto futbolean 3. maila dago bakarrik, eta Espainiako Futbol Federazioak arautzen du. Aurretik, areto futboleko hiru maila omen zeuden Nafarroan: Maila Berezia, Senior Maila eta 3. maila, baina Iruñean federatu gabeko areto futbol liga bat sortu zen, eta talde asko joan ziren bertara. Aralar Mendik, aldiz, Nafarroako Futbol Federazioan jarraitzeko hautua egin zuen. Federatuta egoteak beste seriotasun bat eskatzen duela azaldu du Aralar Mendiko kapitainak. “Taldea egituratuta egon behar da, betebehar batzuk daude, eta esfortzu eta konpromiso gehiago eskatzen du. Aralar Mendik federatuta jarraitzea erabaki zuen, nahiz eta liga oso zorrotza izan. Gu hasi ginenean, jada soilik 3. maila zegoen Nafarroan”.
Areto futbola eta futbola antzera egituratuta daude: 1. maila, 2.A maila, 2. B maila, 3. maila eta atzetik datozen gainontzeko mailak. 3. mailatik gora Espainiako Futbol Federazioak arautzen ditu kategoriak. “3. maila probintziaka antolatzen da, gure kasuan Nafarroan, baina Estatu mailako liga da. Zubiritik hasita, Iruñerria, Sakana eta Nafarroa erdialdea pasa eta Tuterara bitarteko taldeak daude gure mailan, Nafarroa osokoak” dio Hermoso de Mendozak.
Ia %100 uharte arakildarra
Aralar Mendiren kasua bitxia da. Uharte Arakilek 789 biztanle ditu, herri txikia 3. mailako areto futbol taldea izateko. Hain zuzen ere, lehiatzen ari den herri txikiena da Aralar Mendik ordezkatzen duen Uharte. Eta, hala ere, plantillaren gehiengo nabarmena Uharte Arakilgoa da. Taldeko 15 jokalarietatik 12 uharte arakildarrak dira, beste 2 etxarriarrak eta azkena Ultzamako Gaskuekoa. Entrenatzailea, Jesus Angel Alvarez, uharte arakildarra da ere. “Gurea kasu oso berezia da. 3. mailak asko eskatzen du, eta gure taldeko 12 jokalari uharte arakildarrak izateak, horrek sekulako meritua du. Gainontzeko taldeak flipatuta geratzen dira. Galdetzen digute ea gure jokalariak Sakana guztikoak ote diren, eta ezetz erantzutean harrituta geratzen dira. 3. mailako talde umilena gara, zalantzarik gabe” azpimarratzen du kapitainak.
3. mailak eskatzen duen mailari erantzuteko, gogor entrenatzen du taldeak. Asteartetan eta ostegunetan aritzen dira, 19:00etan, Uharte Arakilgo Larrabieta frontoian. Bertan jokatzen dituzte wew ligako partidak. “Gainontzeko talde gehienek jokalari asko dituzte eta onenak hautatzen dituzte. Gu azkenean 15 gara, eta partidarako 12 konbokatzen ditugu eta gainontzekoek atseden hartzen dute. Guztiak aritzen gara, txandaka. Hortaz, 3. mailari eusteko gogor entrenatzen dugu, ez dago besterik” dio kapitainak.
Mikel Hermoso de Mendoza: “Uharte bezalako herri txiki batean halako talde bat egotea mirari hutsa da”
Lehen mailako Osasuna Magna Xota eta Aspil Ribera de Navarra taldeen filialak daude 3. mailako talde indartsuenen artean, baina gainontzekoak ere ez dira atzean gelditzen. “3. mailako 7. multzoa da gurea, Nafarroakoa. Lehen fasean, lehen bost postuetan sailkatu ginen taldeak sailkatu gara bigarren faseko igoera faserako: Anaitasuna, San Juan, Ablitas, Ribera de Nabarra eta gu. Baina 2. faseko beste multzoan ari diren taldeen artean ere talde indartsuak daude: Xota, Kirol Sport, Cintruenigo…” azaldu du Hermoso de Mendozak. Xotak Aralar Mendiko jokalariak tentatu ote dituen galdetuta, baiezkoa erantzuten du kapitainak. “Nabarmentzen diren jokalariei deitu izan diete, baina Aralar Mendin jarraitu izan dute” erantzun du.
Auzolana edo miraria
Baliabide ekonomikoen aldetik ere aurrekontu murritza du Aralar Mendik eta aparteko gasturik ez sortzen ahalegintzen dira. “Artzain Egunean apaizaren etxeko bajeran barra bat jartzen dugu. Jokalariek zerbitzari lanak egiten ditugu eta bertatik ateratakoa areto futbol talderako izaten da. Horretaz gain, Uharte Arakilgo Udalak frontoia erabiltzen uzten digu, dohainik, argia, ura eta dutxak barne. Guretako hori asko da, ez digulako mantenu gasturik sortzen. Eta Aralar Mendi elkarteko sekzio bat garenez, materiala behar badugu, edo aurrekontuen balantzea koadratzeko diru kopururen bat falta bada, elkarteak jartzen du. Azkenik, duela 2 urte Uharteko Udalak kultura eta kirola sustatzeko dirulaguntza deialdia atera zuen, eta hortik ere kopururen bat jasotzen dugu. Udalak konpromiso bat hartu du gurekin, eta hori guretzat oso garrantzitsua da. Oso eskertuta gaude. Finean, gurea auzolana da. Beno, auzolana baino gehiago mirari bat, Uharte bezalako herri txiki batean gurea bezalako talde bat egotea mirari hutsa baita. Ia sinetsi ezina da, baino guztion artean taldea aurrera ateratzen da” dio, irribarrez, Hermoso de Mendozak.
Mikel Hermoso de Mendoza: “Aralar Mendin gogoa duenak jokatzen du, ez ona edo txarra denak”
Taldeen arteko aldeak
Gainontzeko kantxetara joaten direnean taldeen arteko ezberdintasunak nabaritzen dira. “Pentsa guretako zer den 3.000 pertsonendako tokia duen Anaitasuna bezalako pabilioi handi batean jokatzea, edo 1. mailako Tuterako Ribera de Navarraren kantxan aritzea, edo San Juanen... Kantxa ikusgarriak dira, eta guk frontoia dugu. Hala ere, azpimarratu beharra dago Uharteko frontoia ez dagoela batere gaizki. Gozada bat da” uste du kapitainak.
Pandemia dela eta, ligan lehiatzen hasi ziren lehenengoak izan ziren Aralar Mendikoak, areto futbola baino lehenago hasi baitzen. “Protokolo oso zorrotzak betetzen ditugu. 15 egunero jokalari guztiek antigeno probak egiten ditugu. Orain arte ez dugu positibo kasurik izan, eta 3. mailan ez da partidarik atzeratu behar izan konfinamendu kasuengatik. Beraz, gure liga martxa onean doa” adierazi du Aralar Mendiko jokalariak.
Igoera fasean gozatzen
Aurten historia egin du Aralar Mendik eta 3. mailako lehen fasean 3. postuan sailkatu eta gero, 2. fasean 2.B mailako igoera fasea jokatzen ari da lehen faseko gainontzeko lau talde onenekin batera. “Ez genuen espero. Liga hasi zen, partida bat irabazi genuen, gero beste bat, hurrengoa… Dinamika horretan sartu ginen, zortea ere alde izan genuen eta bat batean ikusi genuen goian geundela eta aukerak genituela. Zortea alde izatea garrantzitsua da, baita konfiantza izatea. Eta 3. postuan sailkatzea lortu genuen. Bigarren postua ere eskura izan genuen, baina lehen faseko azken partidan Zubiriren kontra galdu genuen. Hirugarrenak izanda, 2. B mailako igoera fasera sailkatu ginen. Etortzen dena etorrita, guretzat igoera fasean aritzea jada sari bat da. Taldea hor egotea sekulakoa da, gozatzen gabiltza” nabarmendu du Hermoso de Mendozak.
Aralar Mendik ez du arerio edo etsai berezirik, baina kapitainak aitortzen du Irurtzungo Xotaren kontrako partidek xarma berezia dutela, Sakanako derbiak direlako. Baina 3. mailan ez dagoela aurkakotasun gaiztorik ziurtatzen du. “Gurea hain frontoi txikia izanagatik eta zaleak gertu egoteagatik, kantxa faktorearengatik arerio latzak izanaren fama guk dugu, kantxa faktorearengatik. Baina ez dago aurkakotasun txarrik” berresten du kapitainak.
Bigarren faseak 10 jardunaldi ditu, eta dagoeneko 5 jokatu dira. Lehen jardunaldian San Juanen kontra 9 eta 1 galdu zuten. “Urduritasunagatik edo, ia hasieratik joan zitzaigun partida, ez ginen ongi aritu” dio kapitainak. Baina gainontzekoetan lehiakorrak izan dira, nahiz eta emaitzek gehiegi ez lagundu. “Anaitasuna da kategoriako talderik onena, eta bere kontra partida oso ona egin genuen. Bana berdinduta geunden, baina azken minutuan galdu genuen. Gero Ribera de Navarraren kontra Tuteran berdindu egin genuen, eta larunbatean Ablitasen kontra galdu egin genuen etxean. Jokaldi polemiko bat tarteko, partidatik atera ginen eta ezin izan genion buelta eman. Larunbatekoa goiko postuen borrokan jarraitzeko partida garrantzitsua zen, baina ez da ezer gertatzen. Bosgarrenak gara sailkapenean, lau partida ditugu aurretik eta gu gozatzera aterako gara, topera borrokatzera, beti bezala. Irabazten badugu, ongi, eta galtzen badugu ez da ezer gertatzen. Guk irabazi dugu irabazi beharrekoa: igoera fasean hor egotea. Beraz, bitartean, gozatzera. Sailkapenean gora egiterik hobe, eta bosgarrenak bagara, berdin. Partidaz partida joango gara” azaldu du kapitainak.
Mikel Hermoso de Mendoza: “Taldeko 15 jokalarietatik 12 uhartearrak izateak sekulako meritua du”
Larunbatean San Juani 8 eta 6 irabazi zioten
Larunbatean Aralar Mendik San Juan hartu zuen Uharte Arakilgo pilotalekuan, igoera faseko 6. jardunaldian. Lehen fasean Aralar Mendik San Juani etxean irabazi zion, eta, larunbatean, atzera ere uhartearrak gailendu ziren, 8 eta 6, partida estu bezain ikusgarrian.
Izan ere, etxean indartsuagoa da Aralar Mendi; aurten soilik partida bat galdu du etxean, Ablitasen kontrako aurreko larunbatekoa. “Larrabietak xarma berezia du, arerioak nolabait kikiltzen ditu, ikusleak gertu daudelako. 150 ikuslerendako tokia du, eta betetzen zen. Orain, pandemiaren murrizketengatik, ikusleen erdia dugu baimenduta. 70 zale inguru hurbiltzen dira, eta batzuk kanpoan geratu behar izaten dira. Uhartearrak, lakuntzarrak, etxarriarrak…etortzen dira eta oso giro polita izaten da. Besteena baino kantxa txikiagoa denez, zaleen animoak gehiago nabaritzen dira, eta nabaritzen da. Kantxa beroa da gurea. Beste kantxak handiagoak dira, jende gutxiago doa eta giroa hotzagoa da. Gora begiratu eta kuadrillakoak animatzen ikusteak izugarri motibatzen du. Izan ere, kirola ekintza soziala da. Guk guretzat eta gure herriarentzat jokatzen dugu; ez dugu soilik guk ongi pasatzeko jokatzen, baizik eta ikusleek ere, mundu guztiak ongi pasa dezan” nabarmendu du jokalari uhartearrak.
2.B mailara igotzea ia ezinezkoa da Aralar Mendirendako, baina hala izanez gero, eta alde ekonomikoa kontuan hartuta, zaila lukete kategoria horretan aritzea. 2. B mailako lau multzo daude estatuan, eta horietako batean, Euskal Herriko taldeez gain, Errioxakoak, Aragoikoak, Guadalajarakoak… jokatzen dute. Desplazamendu gastuek eta bestek izugarri zailduko lukete bertan aritu ahal izatea. “Ekonomikoki bideragarri ezina litzateke, ziurrenik. Halako egoera batean ez dakit zer egingo genukeen” onartu du kapitainak.
Mikel Hermoso de Mendoza: “Igoera fasean aritzea sari bat da guretzat, sekulakoa. Gozatzen gabiltza”
Etorkizunaz
Aralar Mendiko jokalariek herritarren babesa gertutik sentitzen dute. Frontoira doaz eurak ikustera, eta kanpoan jokatzen dutenean, bueltan, ea zer moduz aritu diren galdetzen diete. Bai gazteek, helduek, haurrek, haurren gurasoek eta “espero ez duzun jende askok”. Guraso askok aipatzen diete euren umeak Aralar Mendin jokatu nahi dutela handiak direnean. “Hori sekulakoa da guretzat, haurren ilusio hori… oso polita da” dio, ilusioz, Hermoso de Mendozak. Taldeak etorkizuna du, egun talde gaztea delako, baina geroa ziurtatzeko kategoria txikiko taldea izatea ezinbestekoa litzateke. “Hori da gure handicap nagusiena, kategoria txikiko areto futbol talderik ez izatea. Futbol txiki taldea dago, baina eskolaz kanpoko jarduera gisa funtzionatzen du klub bat baino. Etorkizunerako erronka izan daiteke eskola bat sortu ahal izatea. Aztertzeko gauza da” dio kapitainak.
Bitartean, gogotsu jarraitzen dute Aralar Mendikoek. Jokalariak taldearekin konpromisoa dute, eta gogoak dituztelako jokatzen dute. Hori argi eta garbi utzi nahi izan du kapitainak. “Aralar Mendin jokatzen duenak gogoak dituelako jokatzen du. Ez ona edo txarra delako. Guk horri ez diogu begiratzen. Jokatzeko gogoa duenak jokatu dezala, eta gogorik ez duena joan dadila animatzera. Ez dugu inor derrigortzen, ez da inor gogorik gabe aritzen. Aurrera segiko dugu eta ea datozen urteetan maila honi eutsi ahal diogun, eta ezin badugu, berdin gozatzen jarraituko dugu, beti bezala” ondorioztatu du Hermoso de Mendozak.
2020/2021 Aralar Mendi taldea
Jokalariak: Mikel Hermoso de Mendoza Sainz, Jose Mari Gorriti Gorriti, Issa El Akkari, Youssef El Akkari, Antton Igoa Lasa, Jorge Mariñelarena Arce, Mikel Martiarena Otxagabia, Beñat Iaben Izagirre, Jon Arenaza Oreja, Asier Arratibel Irurzun, Eneko Cruz Rodriguez, Xabier Cruz Rodriguez, Ibai Martiarena eta Daniel Alvarez. Entrenatzailea: Jesus Angel Alvarez.