Arrieta Espainiako txapelduna

Guaixe 2021ko eka. 18a, 14:17
Igor Arrieta Lizarraga podiumaren gorenean. Argazkia: @RFECiclismo

23 urtez azpiko erlojupekoa irabazi du.

Iturmendi, maiatzaren 16a. Igor Arrieta Lizarragak afizionatu mailako bere lehen lasterketa irabazi zuen. Garaipen bikoitza izan zen, Nafarroako 23 urtez azpiko txapela jantzi baitzuen Uharte Arakilgo txirrindulariak. Ondoren Guaixeri adierazi zion Espainiako txapelketak begiz jota zituela. Asteburuan jokatzen ari dira Alacanten. Gaur goizean gizonezkoen 23 urtez azpiko erlojupekoa jokatu da. 24, 6 kilometroko ibilbidea osatzen azkarrena izan da Arrieta, erlojua 31 minutu eta 57 segundotan geldituz.

Arrieta ibilbide erdian hirugarren denborarik onena egin du, Joan Marti Bennassar lehenengoarengandik lau segundora, baina azken txanpan, zorrotzena, aldea irauli du, garaipena lortzeko. Helmugan 10 segundoko aldea atera dio podiumean bigarren koskan gelditu den Pablo Garcia madrildarrari eta 15 segundo hirugarren sailkatu den Euskadiko selekzioko Enekoitz Azparreni. 

Igor Arrieta: “Urrezko domina lortu izanak asko hunkitu nau”
Igor Arrieta Lizarraga lorpenarekin oso kontentu dago. “Oso gogotsu nentorren Espainiako Txapelketara eta Erlojupeko honetara eta urrezko domina lortzeak asko hunkitu nau” aitortu zuen. Arrietak azaldu zuen erlojupekoa prestatzeko nahikoa entrenatu zuela, “nahiz eta aurten erlojupekorik jokatzeko aukerarik ez izan”, eta “oso ongi” sentitu zela. Halaber, entrenatzen erorikoa izan eta haustura txikia izan zuen Pablo Carrascosa izan zuen gogoan eta lehenbailehen osatzea opa zion. 

Aldiz, Igor Arrieta 23 urtez azpiko lasterketetan ez zen oso fin ibili. “Ez zen nire egunik onena izan, baina horrek ikasten jarraitzeko aukera eman dit” azaldu du. Igor Arrietaz gain, beste hiru sakandar aritu dira La Nucían Nafarroako selekzioak deituta: Ailetz Lasa ziordiarra (Laboral Kutxa), Jon Gil lakuntzarra (Lizarte) eta Iker Mintegi altsasuarra (Laboral Kutxa).