Udalak argiteria berritzeko lanak eman ditu

Guaixe 2021ko uzt. 28a, 09:55

Uhartearrak Felipe Gorriti kalean.

Itxesi eta Bidezarreko aginte koadroak berritu, eta egungo bonbillen ordez LED argiak jarriko dira.

Uharte Arakilgo Udalak Itxesi eta Bidezar auzoetako argiteria publikoa berrituko du. Merkuriozko 70 bonbilla ordezkatuko dira, eta 66 LED argi jarri. Gainera, 11.750 wattioko potentziatik 8.098ko potentziara pasatuko da. Lan horiei esker, udalak argindar kontsumoa murriztuko du, eta harengatik ordaindu beharrekoa txikituko du. Lan horiek egiteko lan deialdira hamar enpresa aurkeztu ziren, eta Uharte Arakilgo Udalak lanak Electricidad Fija SM enpresari ematea erabaki du. Har,i lanen truke, 49.422,45 euro (BEZ barne) pagatuko dizkio, deialdian aurreikusitakoa baino 10.000 euro gutxiago.  

Argiteria publikoa berritzeko aipatutako lan horiek joan den urteko aurrekontuan jasoak ditu Uharte Arakilgo Udalak. Gainera, 40.000 euroko dirulaguntza ere onartua du. Aurtengo udal diru kontuetan Alde Zaharra eta Zerradoa auzoetako argiak aldatzeko 135.000 euro daude.