Udalak ur hornidura bermatzeko lanak eginen ditu

Guaixe 2021ko api. 8a, 11:39
Mendizale taldea plazako iturritik ura hartzen. Artxiboa.

Bargako iturburuetako batetik ur biltegirainoko mikrozementuzko hodian ur ihesak daude eta hodi horren ordez berri bat jarriko du. Argiteria publikoko merkuriozko bonbilllak LED argiengatik ordezkatzeko lanak eginen dira Alde Zaharrean eta Zerradoan.

Edateko ura bargatik hartzen du Uharte Arakilek, Arpelu eta Ganbeleta iturrietatik. Bi iturrietako ura hoditeria bidez ur biltegira eramaten da, han tratatu eta Uharte Arakilgo etxeetaraino iristeko. “Ganbeleta iturritik ur biltegirainoko hodiak 60-70 urte ditu, mikrozementuzkoa da. Lurra asko mugitzen da Bargan, kaskallua baita. Eta mugimenduek hautsi egiten dute hodia”, azaldu du Txomin Uharte Baleztena alkateak. Ondorioz, ur ihesak ere izaten dira. 

Egoera konpontzeko Uharte Arakilgo Udalak hodi hori kendu eta beste bat jarriko du. “Malda handia dagoen tokian, urak presio handia duen tokian, burnizko hodia jarriko da eta gainerakoan poliuretanozkoa. Kilometro batean aldatuko da”. Uhartek azaldu duenez, Toki Administrazio Departamentuarekin hitzarmena sinatu behar du udalak eta, ondoren, lanak berehala ematea aurreikusten du, obra lastailerako despedituta egon behar baitu. 185.000 euroko aurrekontua du lanak. Eta guztia Nafarroako Gobernuak ordainduko du hala jasoa baitago foru administrazioaren aurrekontuan, EH Bilduren mozio bat tarteko. Arpeluko iturriko hoditeria burnizkoa da eta egoera onean dago. 

Uraren goi hornidurari dagokion hori aurten konponduko du udalak. Baina uren saneamenduari buruzko Ebroko Ur Konfederazioaren errekerimenduak ere jaso ditu. Horregatik, Nafarroako Gobernuaren Nilsa enpresa publikoarekin elkarlanean ari da udala. Uhartek azaldu duenez, “igerilekuetatik ur estolderiara iragazten da, errepideko ezponda bateko urak estolderiara doaz, kale batzuetako euri urak eta ur beltzak batera doaz araztegira. Horrek guztiak arazoak sortzen ditu araztegian. Gehiegizko kopurua dago”. Alkateak azaldu duenez, “poliki konponbidea bilatzen ari gara, diagnosia egina dago. Udalean gauzak ongi egiteko konpromisoa dugu. Ura hartu bai, baina ahalik eta kalitatea onenarekin bueltatu nahi dugu ibaira”. 

Uharte Arakilgo Udalak aurten, guztira, 1.263.419,21 euroko diru-sarrerak izanen ditu. Eta, gastuak, berriz, 1.262.549,36 eurokoak. Aurreko urteko aurrekontua baino 328.000 euro gehiago aurreikusi dira aurtengo kontuetan. Eta udalak inbertsioetara 571.250,65 euro bideratzea aurreikusi du. Uhartek azaldu duenez, 

Argiteria 
Alkateen Ituna eta “jasangarritasunarekin dugun konpromisoa” argudiatu ditu Uhartek, argiteria publikoan dauden bonbillen ordez LED argiak jartzeko. “Neurri handi batean merkuriozko luminariak ditugu. Hausten direnean ordezkorik ez dugu opatzen. Haiek poliki-poliki ordezkatu nahi ditugu, ahal den neurrian behintzat”. Horregatik, aurreko urteko aurrekontuetan jasoa zegoen Itsesi eta Bidezar auzoetako argiteria publikoa aldatzea eta hori bideratzen ari da udala (55.000 euroko inbertsio, 40.000 euroko dirulaguntzarekin). Aurtengo diru kontuetan Alde Zaharra eta Zerradoa auzoetako argiak aldatzeko 135.000 euro diru-poltsa dago.

Azken lan horiek egin ahal izateko dirulaguntza eskatu dute, eta finantziazioa egokia bada gehiago egitea ez du baztertu udalak. Hala ere, alkateak argi du “inbertsioak egin behar dira zulo handiegian sartu gabe, hurrengo Toki Azpiegitura Planean (TAP) Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza jaso eta beste lan batzuk egiteko aukera izateko”. Uhartek aitortu du plan berriaren deialdira begira “poleki-poleki memoriak prestatzen ari gara”. Uhartek jakinarazi duenez, aukera dute “aurreko TAPen erreserban gelditu ziren lan batzuk egiteko. Inbertsioak aztertzen ari gara orain”.   

Udaletxea 
Joan den urtean udaletxeko beheko solairuan irisgarritasuna bermatzeko lanak egin ziren. Han dago, esaterako, Donibane jubilatu elkartearen egoitza. Suaren kontrako pintura eta larrialdi egoeretan aurre egiteko neurriak hartu zituzten. Aurten neurri horiek udaletxearen gainerako solairuetan eginen dira, betiere, segurtasuna bermatu eta suteen kontrako neurriak ziurtatzeko. Suaren kontrako pintura erabiliko dute eta eskailerei ere suari aurre egiteko tratamendua emanen diote. Balkoietako barandak 1,1 metroraino igoko dituzte. Balkoi eta leihoetan ere neurriak hartuko dituzte, segurtasuna bermatzeko. Lanek ere ziurtatuko dute udaletxe guztia irisgarria bihurtzea. Horretarako, 40.000 euro bideratu ditu udalak. 

Urtero moduan Uharte Arakilgo Udalak kontuetan baso lanetarako dirua izanen da. Aurten Ardantzarretako larrea garbituko dute. Gainera, udalak festetarako diru-sailak aurreikusi ditu. “Ospatuko ez balira aisialdiko edo kultur eskaintzara bideratuko lirateke”. 

Hirigintza
Udalak hitzarmena sinatu du Nafarroako Gobernuarekin 1991koa de hirigintza plana berritzeko. Uhartek esan duenez, “udalaren asmoa plana ahalik eta azkarren egitea da. Bi urte eta erdian edo hirutan despeditzea. Urte akaberarako lehen zirriborroa izan nahi genuke”. Hirigintza planean herritarren parte hartzea legez bermatuta dago, “eta, gainera, hobe da” ziurtatu du alkateak. Aldi berean, gogorarazi duenez, “aurreko udalak talde motorra osatu zuen. Guri egindako lanari segida ematea dagokigu”. 

Azkenik, Uharte Arakilgo Udalak hilerria arautzeko ordenantzan aldaketa batzuk egin ditu. Haren bidez hilarrien estetika arautu du eta prezioak ere eguneratu ditu.