Ur hoditeria berritzeko hitzarmena sinatuta

Guaixe 2021ko abu. 13a, 09:55
Bernardo Ziriza Perez kontseilaria eta Txomin Uharte Baleztena alkatea Ganbeletako ur biltegian. NAFARROAKO GOBERNUA

Ganbeletako iturburuetatik biltegira doan ur hoditeria berritzeko hitzarmena sinatu dute Uharte Arakilgo Udalak eta Toki Administrazio Departamentuak. 195.000 euroko inbertsioa eginen dute hodien ohiko hausturak konpontzeko. 

Txomin Uharte Baleztena Uharte Arakileko alkateak udaletxean Bernardo Ziriza Perez Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazio kontseilaria eta Jesus Mari Rodriguez Toki Administrazio eta Despopulazioaren zuzendaria hartu zituen hilaren 4an. Ganbeletako iturburuetatik Uharte Arakilgo biltegirainoko ur hornidurako hoditeria berritzeko proiektuak aurrera egiteko hitzarmena sinatu zuten. Ondoren, alkateak berritu behar diren ur hornidurako azpiegiturak erakutsi zizkien foru administrazioko kideei. 

Ganbeletako iturburuetatik Uharte Arakilgo biltegira doan goi hornidurako hodiak ez du presioaren haustura-punturik, eta hori dela eta, hodia hautsi egiten da maiz, eta ihes-puntuak aurkitzeko eta fibrozementuzko hodiak ebakitzeko lanen bidez konpontzen da. Gainera, ura hartzeko etxolak egoera txarrean daude, eta arazoak dituzte ur biltegian eta hodiaren sarreran. Aurreikusitakoaren arabera, 100 milimetroko diametroa duen hodi berri bat jarriko da, zaharkitutakoa ordezkatuko duena, eta instalaziorako beharrezkoak diren elementuak ezarriko dira, instalazioa etorkizunean hobeto kudeatzeko.

Ura hartzeko etxoletan ere hobekuntzak egin nahi dira, deposituaren ingurua berrituz. Bertan, presioa murrizteko sistema bat jarriko da ur-biltegira sartu aurretik, ura eremu horretan dagoen presioa baino askoz txikiagoa izan dadin.

Sinatutako hitzarmenean jaso denez, lanen aurrekontua 195.201,98 euro izanen da (BEZ barne), horietatik udalak 15.201,98 euro pagatuko ditu eta foru gobernuak, berriz, 180.000 euro.