Bihar, larunbata, Motxila 21 musika taldearen aldeko Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioa antolatu dute, eta antolakuntzaren izenean, Izaskun Betelu Aldaz uhartearrak ekitaldian parte hartzera animatu ditu sakandarrak.
11:00etan haurrendako lasterketa solidarioa izanen da –izena ematea 2 eurokoa da–, eta 12:00etan zumbathoia (parte hartzaileek 5 euro eta ikusleek 2 euro). Bildutakoa Motxila 21 musika taldearendako izango da. "Motxila 21 taldekoek behar handia dute. Pandemia dela eta, 2 urte daramatzate geldirik, kontzerturik eman gabe eta entseatzeko ere gaizki, eta hori eurendako asko da, ia-ia zerotik hastea bezalakoa da. Zumbathoian bildutako guztia beraiendako izango da, eta sakandarrak Uharte Arakilera gerturatzera animatzen ditugu" dio Izaskun Beteluk, antolakuntzaren izenean.