Izaskun Betelu

"Motxila 21-en alde Zumbathoian ongi pasatzera animatu nahi ditugu sakandarrak"

Maider Betelu Ganboa 2021ko ira. 10a, 11:30
Kepa Gordo, Izaskun Betelu eta Amagoia Betelu, antolakuntza taldekoak.

Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioak musika talde ezagunari lagunduko dio. Larunbatean 11:00etan haur lasterketa antolatu dute, eta 12:00etan murgilduko dira zumban, 6 monitoreen esanetara

Larunbatean Motxila 21 musika taldearen aldeko Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioa antolatu dute, eta antolakuntzaren izenean, Izaskun Betelu Aldaz uhartearrak ekitaldian parte hartzera animatu ditu sakandarrak.

Uharte Arakilgo Zumbathoi solidarioa antolatzeko azken ukituetan murgilduta zabiltzate. Hauek egun zoroak izanen dira, ezta?
Bai, azkeneko egunak mugituak izaten dira, guztia behar bezala antolatu nahi izate horrekin, baina gogoz gaude. Edozer antolatzeko gogotsu dago jendea, asko nabaritzen da, eta antolatzeaz gain xedea laguntzea bada, oraindik gehiago. 

Noiz hasi zinen zumban?
Duela 3 urte, Arbizuko kiroldegiko klasean. Behin hasita, zumbak guztiz harrapatu ninduen. Musikaz lagunduta kirola egiten duzu, ongi pasatzen duzu eta gustura goaz klaseetara. Mayra Palop arbizuarra da gure monitorea eta taldean sekulako giroa dugu. 

Hori guztia eta zer gehiago ematen dizu zumbak?
Ba aipatutakoaz aparte, deskonexioa. Guztiaz ahaztu egiten zara, eta dantzatzen duzu, gustura. Taldekideen artean harreman oso ona dugu, eta denbora ongi pasatzea, hori da kontua. Zumba oso gomendagarria da, eta jendea kirol honetan aritzera animatuko nuke, zalantzarik gabe. 

“Zumbarekin musikari jarraiki kirola egiten duzu, ongi pasatzen duzu eta guztiaz ahaztu egiten zara”

Joan den urtean antolatu zenuten lehenengoz Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioa, eta aurten bigarren edizioa prestatu duzue. 
Joan zen urtean minbizia duten haurren ADANO elkartearen aldeko Zumbathoi Solidarioa antolatu genuen lehenengoz. Aurretik Arbizun egiten ziren Zumbathoiak, baina Arbizuko kiroldegiak ez zituen COVID-19 pandemiagatik eskatzen ziren neurri batzuk betetzen, sartzeko eta ateratzeko ateak zirela eta. Uharte Arakilgo Larrabieta frontoiak arau horiek betetzen zituenez, ekimena bertara  ekartzea erabaki genuen, Uharte Arakilgo Udalak aurrera egitera animatu gintuelako. Eta aurrera egin genuen. 

Beraz, momentuz Arbizuko Zumbathoiaren lekukoa hartu du Uharte Arakilek.
Bai, baina aipatutakoagatik, COVID-19 dela eta eskatutako arauengatik. Aurrerago ikusiko da. 

Zenbat kide zaudete Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioaren antolakuntzan?
Arbizuko zumba taldeko Kepa Gordo eta ni neu, eta Uharte Arakilgo zinegotzi Amagoia Betelu batez ere. Eta baita Uharte Arakilgo Udala ere. Udalak asko laguntzen du. 

Pandemia dela eta, eskatutako arauak zorrotzagoak ziren joan zen urtean, baina hala ere ekitaldia aurrera atera zenuten. Pentsatzekoa da aurten esperientzia hori alde izango duzuela. 
Bai, jakina. Gainera, aurten hobeki gaude. Joan zen urtean gogorra izan zen ekimena aurrera ateratzea, egunetik egunera arauak aldatzen zirelako. Zumbathoia bertan behera uzteko zorian egon ginen, baina Uharte Arakilgo Udalak esan zigun aurrera egiteko, ordura arte egindako lana ezin zela utzi. Eta asko eskertu genuen. Aurten egoera hobea da. 

“Motxila 21-ek laguntza behar du, eta zumbatik eskainiko diegu”

Aurtengo ekitaldian jasotakoa Down sindromea duten neska-mutilek osatutako Motxila 21 musika taldearendako izango da. Aintzane Lizarraga Etxeberria Motxila 21eko saxofoi jole dorrobarra da, eta aipatu taldeko kide dira ere bere ahizpa Ainhoa akordeoilaria eta Andoni Zilbeti Elia saxofoi jole eta gitarra-abeslaria. Zergatik aukeratu duzue aurten Motxila 21i laguntzea?
Behin gure taldekide Kepak Ainhoa Lizarragarekin egin zuen topo, eta hark aipatu zizkion pandemiak taldean izandako ondorio latzak. Bi urte hauetan ezin izan dute kontzerturik eman, entseatzeko ere gaizki ibili dira, eta guztiak sekulako geldialdia ekarri dio taldeari. Taldean urte luzez egindako lana azken bi urte hauetan geldirik gelditu da, ezin izan dute ezer egin. Edozein talderendako 2 urteko geldialdia asko da, baina beraiendako gehiago, ia-ia zerotik hastea. Orduan Kepak proposatu zion aurtengo Zumbathoia Motxila 21 taldearen aldekoa izatea, taldeari laguntzeko modu gisa. Ongi iruditu zitzaion, eta horrela hasi ginen lanean. 

Uharte Arakilgo Zumbathoiko lehen hitzordua larunbatean, goizeko 11:00etan izanen da, haurrendako lasterketa solidarioa.
Frontoitik aterata, herriari buelta bat emango diogu. Kilometro inguruko buelta izanen da, eta gurasoek ere parte hartu ahal dute, nahi izanez gero. Izena ematea 2 eurokoa da, eta lasterketa bukatzean txokolate jana izango da. 

“Edozein talderendako 2 urteko geldialdia asko da, baina Motxila 21-ekoendako gehiago”

Haurrekin buelta eman eta gero, 12:00etan hasiko da Zumbathoia. Zenbat monitore egongo dira?
Guztira 6 monitore egongo dira. Batetik, nagusiak: Elena, Itziar, Alberto, Marian eta Arbizuko Mayra. Bestalde, Arbizuko gazteen zumba taldeko Leire Rabatek kantu eta koreografiaren bat prestatuko du. Monitore bakoitzak bere koreografia eta errepertorioa eskainiko du, eta parte hartzaileek euren proposamenak jarraituko dituzte. 

Non egin behar da izena ematea?
Larunbatean bertan, frontoian. Iritsi eta sarrera erosi. Zumbathoian parte hartuko dutenek 5 euro ordainduko dituzte, eta ekitaldia ikustera hurbiltzen direnek, aldiz, 2 euro.  Jende asko espero dugu; Motxila 21 taldekoek behar handia dute, eta ea jendea animatzen den. Bi urte geldirik egon ondoren berriro hastea gogorra izango da beraiendako, eta horregatik laguntza behar dute. Zumba taldeen inguruan mugitzen garenak gogotsu gaude, baita monitoreak ere, eta ea jendea animatzen den.  

Pandemia dela eta, zenbateko aforoa duzue baimendua?
Larrabieta frontoi barruan, parte hartzaileak 200 izan ahal dira, eta ikusleak 100. Baina eguraldi ona iragartzen dutenez, frontoiaren kanpoaldeko eremu zabalean egingo dugu Uharte Arakilgo Zumbathoi Solidarioa, eta kasu horretan parte hartzaileak gehiago izan daitezke. 

Lote eta oparien zozketa izanen da?
Bai. Sarrerarekin, berdin da ikusle, korrikalari edo zumbathoiko parte hartzailea izan, bukaeran zozketa bat egingo da. Opari politak daude.

Bukaera polita eta berezia izango du ekitaldiak, Motxila 21 taldekoek parte hartuko dutelako. 
Hasiera batean eurek kontzertu bat eskaintzea zen asmoa, baina 2 urte jo gabe daramatzatenez, ez dira ausartu. Horregatik, ekitaldia bukatzeko Motxila 21eko kideekin dantza bat egingo dugu. Beraiek dantzatzera gonbidatuko ditugu. Monitoreak eurekin dantza bat prestatzen ari dira, eta horrela itxiko da eguna. 

Sakandarrak Uharte Arakildik pasatzera gonbidatzea da falta den bakarra.
Hala da. Nahi duenak dantza egin dezala, edo korrika, edo, besterik gabe, ikusle izan dadila. Ongi pasatzea da kontua, eta ongi pasatze horrekin Motxila 21 laguntzea. Beraz, mundu guztia animatzen dugu zumbathoira etortzera. Gutako batzuk antolakuntzan ibiliko gara, baina dantzaren bat egiteko aukera izango dugula uste dut, ikasturtea animoso eta gogotsu hasteko.