Nafarroako Adano elkarteak minbizia duten haurrei eta haien senitartekoei laguntza ematen die, eta larunbatean Uharte Arakilen antolatutako elkartasun jaialdian elkarteak laguntza ordainezin hori egiten jarraitzeko baliabideak bildu nahi izan ziren.Euria ari zuenez, Uharte Arakilgo pilotalekuak hartu zuen festa. Txikiendako puzgarriak, magoa, sekulako arrakasta izan zuen aurpegi margoketa eta tattooak –Maikampanillak eskainitakoak–, eta bestelakoak zeuden. Adano elkarteak ere bere postua jarri zuen eta han-hemenka Adano elkarteko zapi urdinak ikusten ziren, makina bat familia euren txikiek sufritzen duten minbiziaren oroigarri.
Zenbait gaztandegik, Arbizu txistorrak eta herriko dendek eskainitako produktuak baliatuz, pintxo solidarioak erosteko aukera zegoen, eta makina bat sari bikainen zozketa egiteko txartelak saldu ziren. Guztia, jakina, Adano elkartearen alde.
Kanako enborren miresmena
Ikusmin handiena kirol erronkak piztu zuen. Goizeder Beltza etxarriarrak, Iker Gorriti uharte arakildarrak eta Arkaitz Jauregi Altsasun bizi den ilarduiarrak kanako enborra erdibitu behar zuten. Lana bukatutakoan, Spiderman ezizeneko Abel Fernandez korrikalari arabarrak hartu behar zuen Beltzaren txanda Beriainera igo eta jaisteko. Arbizun bizi den Kepa Gordok hartuko zuen Gorritiren txanda, eta Jauregik ez zuen bikotekiderik; berak egingo zuen Beriaineraino korrika aizkora lanak bukatzean. Urbasatik jaitsitako 2,5 metroko zirkunferentziako enborra erdibitzea ez zen lan erraza izan. Jauregik hartu zuen aurrea, eta bera abiatu zen lehena Beriainerantz, Xabi Ganboa korrikalariarekin batera. Iker Gorritik amaitu zituen lanak bigarren, Kepa Gordori bidea eginez, eta Goizeder Beltzak eman zion bidea Spidermani. Korrikalariak lanean zeuden bitartean jarraitu zuen festak, mariatxien ekitaldiarekin eta haurrek gidatutako zumba saioarekin.
Ia ezustean iritsi zen frontoira Arkaitz Jauregi, lehena. Lan guztiak kontuan hartuta, 1:40:12ko erregistroa egin zuen. Kepa Gordo berehala sartu zen –Gorritiren lanarekin batera 1:44:57 izan zen denbora– eta Spiderman hirugarren (2:03:57, Beltzarekin batera). Gordok gertu izan zuen Jauregi, “baina ezinezkoa izan zitzaidan harrapatzea. Alde gehiagorekin atera zen eta lasterketa oso ona egin zuen”.
Bukaeran, zozketako opariak banatu ziren, eta erronkan parte hartu zuten guztiei txapela eta aurreskua eskaini zitzaien. Adanoko presidente Olaia Juarezek eskerrik beroenak eman zizkien ekimen solidarioko antolatzaile eta boluntario guztiei.