Administrazioaren baimenak jaso ondoren, igandean zabaldu zituen ateak Aralarko santutegiaren mendebaldean dagoen museoak. Deierri edo Lakuntzetxe eraikina berritu ondoren, haren beheko solairuan dago kokatuta museoa. Eraikinaren egokitze lanetan 90.000 euro gastatu dituzte santutegiko arduradunek. Horietatik 65.000 euro Aralarko aingeruaren herriz herriko ibilbidean eta santutegian bertan jasotako limosna bidez ordaindu dituzte. Museoa astelehenetan izan ezik, egunero egonen da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Neguan iluntzearekin batera itxiko da eta udan 19:00ak arte egonen da zabalik. Ordutegi berean bisitatu daiteke santutegia bera.
Museoaren edukiari dagokionez, handik pasatzen denak erlijio eraikinaren historia ezagutzeko aukera izanen du ukimen pantaila batean. Beste ukimen pantaila batean, berriz, sekula baino gertuagotik eta xehetasun gehiagorekin ikus daiteke santutegiko erretaula. Horretarako, nahikoa da pantailan zoom egitea. Aralarko aingeruaren irudiaren bilakaera ezagutzeko aukera ere ematen du museoak.
Horretaz aparte, 1.100 urtearen inguruan Jerusalemera pelegrinazioan joandako neska batek Aralarko santutegiari buruzko bere oroitzapenak kontatzen ditu ikus-entzunezko batean. Azkenik, kontinenteko erromesaldien ibilbideak agertzen dira Europako mapa batean, baita zazpi santutegik osatzen duten San Migelen lerro sakratua edo San Migelen ezpata. Museorako sarrera 3 eurokoa da helduendako eta euro bakarrekoa haurrendako.
Lanak
Aralarko santutegiko arduradunen estrategia planaren lehen fasea izan da Deierri edo Lakuntzetxe eraikina zaharberritzea. Lanek 400.000 euroko aurrekontua izan dute. Haietatik 320.000 euro ekarpen edo mezenasgoaren bidez eskuratu dituzte eta gainontzeko 80.000k elizbarrutiak jarri ditu. Nartex edo eliz aurrearen teilatuaren konponketa ere elizbarrutiak ordaindu du.
Hurrengo fasean, santutegiaren sarrerako pasabidean, sartu eta berehala ezkerretara, harrera, denda eta komunak eginen dituzte gaur egun erabiltzen ez den espazio batean. Lanak urte bukaera bitartean egin nahi dituzte. Aurrekontuari aurre egiteko jendeak ekarpenak egin ditzake. Nafarroako Gobernuaren Mezenasgo Legearen baitan, lanek Mecna zigilua dute eta ekarpenak egiten dutenek ematen duten diruaren araberako hobaria izanen dute errenta aitorpenean (%80koa 150 eurora arte ematen dutenek, hortik gora ematen dutenek %40koa). Enpresek ere kenkaria izanen dute sozietateen gaineko zergaren aitorpenean. Dirua ES11 3008 0045 9840 7184 5517 kontu korrontean sartu beharko da, "Aralarko santutegia Mezenazgoa" kontzeptua jarriz. Lanek 120.000 euroko aurrekontua dute.
Aralarko arduradunen estrategia planaren hirugarren fasea da ostatua berriro zabaltzea. 30 bat logela ditu. Horrekin batera taberna eta jatetxearen azpian gazteendako aterpe bat zabaldu nahi dute. Zaharberritze eta egokitze lan horiek heldu den urtean hasi nahi dituzte.
Oporrak
Heldu den astelehenetik azaroaren 8ra arte, Aralarko santutegi ondoko taberna-jatetxea itxita egonen da langileen oporrengatik. Dena den, santutegiaren eta museoaren ordutegi berean aterpea eta komunak zabalik egonen dira.
Elizkizunak
Pilareko egunean, joan den asteazkenean, 12:30ean meza izan zen Aralarko santutegian. Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak jakinarazi duenez, Domu Santu egunean, azaroaren 1ean, asteartearekin, ordu berean izanen da elizkizuna. Kofradiatik gogorarazi dutenez, igandero, 12:30ean, meza dago santutegian.