Uholdearen sortutako kalteak konpontzeko lanen deialdia

Guaixe 2022ko aza. 3a, 11:40

Urak eramandako lurra Zubialde aisialdia gunean. ARTXIBOA

Lanek 758.126,87 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute. 

Joan den urteko abenduaren 9 eta 11 bitartean izan ziren uholdeek makina bat kalte sortu zuten Uharte Arakilen. Haiek konpontzeko lanak emateko deialdia egin du udalak. Lanen ezaugarrien arabera hiru lotetan banatu ditu lanak udalak. Interesa dutenek eskaintzak asteleheneko 11:00etarako aurkeztu beharko dituzte. 

Lehenengo loteko lanak 
Uharte Arakilgo Erdi Aroko zubia urpean gelditu zen uholde hartan. Erorikoak saihesteko zubi gainean eraikitako bi petrilak mugitu ziren. Harriak bere tokiak uzteko kisusgileek petrilak kendu eta jarri eginen dituzte. Haren ondoan dagoen Zubialde aisialdi gunea ere urpean gelditu zen eta urak hainbat tokitatik lurra eraman zuen errepide bazterrera. Hori guztia lehengoratu behar dute lanek. 

Bargatik jaisten den Mugerri erreka autobia eta trenbide azpitik pasa ondoren, San Joan kalean bitan banatzen da eta haren urak Itturpebide eta Ibai kaleen azpitik ibaira doaz. Bitan banatzen den tokian kendu beharreko kaskailu pila dago. Bestalde, Itturpebide kalearen azpian herrirako sarbidea zen Erdi Aroko zubi txiki bat lurpean dago, bide zaharreko zubia. Uraren emari handiak eta hark zeraman kaskailuak zubiaren estribuetan kalteak eragin zituen eta gangako harriak mugitu eta erdi zintzilik utzi zituen. Estriboak egokitu eta gangako harriak jarriko dira lanen bidez. Lan horiek guztiek 93.223,05 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute. 

Bigarren loteko lana
Bere baitan jasotako lanek 547.733,14 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute. Nekazaritzako azpiegituretako eta herri-bideetako 21 lan hartzen ditu bere baitan. Honako bideak konponduko dira: Ardantzarreta, Armugin, Azekipeko, Berastegi, Iberas, Atetoki, San Bartolome, Bizkiangin, Telleria, Auzeleta-Katizano, Itxasi-Kaminozar-Berroa, Ostraka, Sargaitz, Zamartzealde, Zerradoa, Otsarte eta Zubialde. Etxabe eta Uno baltsak ere lehengoratuko dira. Azkenik, bestelako lanak ere eginen dira: Beriainerako bidean dagoen Errekazar errekaren gainean pasabidea jartzea eta Mugerri errekaren ondoko itxiturak konpontzea eta urak eramandako hondakinak jasotzea. 

Hirugarren loteko lanak 
Bost lan hartzen ditu azken loteak eta horiek 117.170,68 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute. Igerileku ondoko jolas parkean urak lurreko harea eraman eta ezponda bat hondatu zuen. Hori saihesteko urak Bartolome errekara bideratzeko lanak eginen dira. Futbol zelaia urez bete zen eta hori eragozteko ura jasotzeko ezponda  handi bat egin eta kaltetu ziren iparreko eta hegoko horma zatiak kendu eta berriak eginen dira. Bestetik, eskoletako eraikin berriko teilatu hodiek gainezka egin eta hondatu ziren. Horrek hezetasun arazoak sortu ditu eraikinean, eta halakoak eragozteko teilatu hodiak konponduko dira. Arazo bera sortu da mediku kontsultategian, eta hezetasun arazoak eragozteko teilatu hodia behar bezala jarriko dute. Autobus geltokian eragindako kalteak ere konponduko dira. Eta, azkenik, udaletxeko segurtasun eta irisgarritasun baldintzak hobetzeko lanak eginen dira. 

Erlazionatuak