Uharte Arakilgo Itxesia kirol gunean dago Sakana trail estazioa, mendi lasterkariendako espazio bat eskaintzeaz aparte, ibarreko mendietan barna ibiltzeko bost ibilbide eskaintzen ditu. Gainera, Sakanakoa Euskal Herriko trail estazioaren parte da eta azken horrek laster egiteko beste 19 ibilbide eskaintzen ditu, 24 guztira. Aldi berean, Station de Trail nazioarteko sareren zati ere bada ibarreko trail estazioa. Haren bueltan daude Uharte Arakilgo Udala, Sakanako Garapen Agentzia (SGA) eta ibarreko mendi lasterketen antolatzaileak.
Joan den urtean mustua, Uharte Arakilgo Udalak trail estazioari beste bultzada bat emateko Nafarroako Gobernuaren Toki erakundeei eta entitate sozialei dirulaguntzak, mugaz gaindiko lankidetza jarduerak sustatzeko dirulaguntza deialdira proiektua aurkeztu zuen, baita hark onartu ere. Horren ondorioz, Sakanako eta Baigorriko trail estazioetako ordezkariak harremanetan hasi dira. Udala eta SGAz aparte, ibarreko ordezkaritza osatu dute Uharte Arakilgo Kilometro Bertikaleko antolatzaile den Aralar Mendi elkartea, Altsasuko Mendigoizaleak kluba, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzua, Bidelagun Sakana turismo elkartea eta Sakana Lanbide Heziketa (LH) institutuko Mendi Ikasketetako irakasle eta ikasleen ordezkaritza.
Uharte Arakilgo trail estaziora egindako bisitako une bat. SGA
Bilerak
Aurreko hilabetean bi bilera egin zituzten aldeek. Aurrena Baigorrin. Sakandarrekin batera Nafarroa Beherako herrira ere Goiturreko ordezkari bat joan zen. Lehen bilera elkar ezagutu, bi trail estazioen kudeaketa nolakoa den jakin eta aurrera begirako lankidetza aukerak identifikatzen hasteko balio izan zuen. Bigarren bilera Uharte Arakilen egin zen eta lankidetza aukeretan gehiago sakontzeko balio izan zuen. Bi bisitek herri bakoitzean dauden azpiegiturak ezagutzeko aukera eman zuten.
Atzera ere Uharte Arakilen bildu ziren, trail estazio eta lasterkariei buruzko mahai inguru batean. Baigorri, Gipuzkoa, Gorbeialdeko eta Sakanako estazioen proiektuak aurkezteaz aparte, hainbat mendi martxa eta lasterketen eta Sakana LH institutuaren proiektuak eta esperientziak aurkeztu ziren.
SGAko turismo teknikari Paki Urbitarte Cabrerak azaldu duenez, "emandakoa lehen pausoa da. Elkar ezagutzeko eta saretzeko eta elkarlanerako aukerak aztertzeko. Elkar ezagutzak elkarlana ahalbideratu" dezakeela gaineratu du Urbitartek, eta nabarmendu duenez, "guztiok ere Station de Trail nazioarteko sarearen barruan gaude".